Bosch aitzindari 4.0 Industrian

 Iturria: Bosch Presse

Robert Bosch Gmbh enpresa alemana dagoeneko 4.0 Industrian murgildurik dago. Aurten Hannover-en izan den ferian Boschek erakutsi du fabrika konektatua dagoeneko errealitate bat dela. Makineria, sentsoreak eta softwarea konbinatzen dira helburu horrekin. Horrek abantaila handiak dakartza balio-katean zehar: produktibitate handiagoa, kalitate-kontrola denbora errealean eta energia aurreztea. 

Konpainiak Industria 4.0-ren arloko 100 proiektutik gora gauzatu ditu. Adibide hauek erakusten dute egitasmo horien interesa:

Sentsoreek denbora errealeko informazioa erabiliz logistika hobetzen dute

Garraioan zehar, enbalajean edo produktuan berean txertaturiko sentsoreek kalitaterako esanguratsua den informazioa jasotzen dute, hala nola tenperatura, bibrazioak, argitasun- eta hezetasun-mailak eta Bosch IoT Cloud hodeira bidaltzen dituzte. Han dagoen software batek informazio hori maila onargarriekin erkatzen du eta horietatik kanpo aurkitzen badira alerta bat igortzen die denbora errealean bezeroei, hornitzaileei eta zerbitzuak eskaintzen dituztenei, aseguru-konpainiei, esate baterako. Horrela, kaltea noiz eta non gertatu den berehala jakiten da, erdieroaleen eta laser teknologiaren moduko gai sentikorren garraioaren mesedetan. Adibidez, makinen atalak entregatzea atzeratzen bada, bezeroari garaiz abisatzeak ahalbidetu diezaioke hari erremedioak bilatzea, produkzioa gelditu gabe.

Datuen analisiak lehiakortasuna areagotzen du

Fabrikaziotik jasotzen diren datuek informazio baliagarria ematen dute. Informazio hori egoki erabiliz gero, produkzio-prozesuak optimiza daitezke eta lehiakortasuna hobetu daiteke. Software batek, ekoizpenerako bereziki diseinaturiko algoritmoak erabiliz, bezeroak zehazturiko datuak aztertzen ditu, eta denbora-galtzeak saihesten dituen makinen mantentze prediktiboa egiten laguntzen du, besteak beste.

Sentsoreak, makinetan ez ezik, lantzen diren piezetan ere gero eta gehiago ezartzen dira. Horrela produktu bakoitzak prozesuaren barruan duen egoeraren berri eman dezake.

Fabrika adimendunean dauden elementu guztiak sarean daude, Interneteko teknologien bidez. Makinak, pertsonak eta produktuak sare horretan zehar komunikatzen dira. Lantzen ari den pieza identifikaturik dago, ordenagailuak gordeta dauzka prozesua osatzeko jarraitu beharreko urratsen segida eta osagaiak muntatzeko hurrenkera. Ordenagailuak pieza detektatzen duenean,  hurrena zer pieza muntatu behar den adierazten dio langileari, eta bihurkina automatikoki doitzen du, biraketa-momentu egokiaz torlojuak estutzeko.
Komunikazio digitalari esker, fabrikako lankide guztiek informazio eguneratua jasotzen dute. Uneoro, jakin dezakete zer egoeratan dagoen eskari bakoitza eta automatikoki jaso ditzakete alertak, izakinen eskasiarik gertatzear baldin badago. Nazioarteko produkzio-sareetan, mugez gaindi ere funtzionatzen du horrek. Leku jakin batean gertatzen denak maila globalean izan dezakeen eragina ezagutzen dute plangintzaren arduradunek.

Boschek Blaichach-en, Alemanian, duen lantegian dituen 4.0 Industriaren aplikazioak erakusten ditu bideo honek.



Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak