Enpleguak 4.0 industrian

XIX. mendean lurrun-makinak eraldatu zuen industriaren produkzioa, XX.mendearen hasieran elektrizitateak, eta 1970eko hamarkadan automatizazioak. Teknologiaren aurrerapen-uhin horiek ez zuten enplegua orotara murriztu. Fabrikazioan lanpostuak gutxitu baziren ere, lanpostu berriak sortu ziren, eta trebetasun berrien eskaria handitu egin zen. Gaur egun enpleguaren beste eraldaketa bat barrundatzen da, fabrikazio-teknologiaren aurrerapenaren laugarren uhina fabrikaziora iritsi ahala. Teknologia industrial digital berri bat indarra hartzen ari da, 4.0 industria deritzona. Zein izango dira bilakaera horren ondorioak? Nolakoak izango dira lanpostu berrien eskakizunak? Zer trebetasun izan beharko dira lanpostu horietan jarduteko? 

4.0 industriak aldaketa nabarmenak eragingo ditu, industriako langileek beren eginkizunak betetzeko moduan, lanpostu batzuk desagertu egingo dira eta lanpostu mota guztiz berriak sortuko dira. Oraindik eztabaidagaia da 4.0 industriak, batez ere robotikak, zenbateraino ordezkatuko duen gizakion lana, baina inor gutxik ukatzen du fabrikatzaileek robotika, eta langileei laguntzeko beste aurrerapen batzuk, gero eta gehiago erabiliko dituztenik. Seguru asko erabateko automatizazioa ezinezkoa izango den arren, teknologiak produktibitatea areagotuko du, hainbat lagungarri fisiko eta digitalen bidez.

Esfortzu fisikoa eskatzen duten lanpostuak eta lan errepikakorrak gutxitu egingo dira, eta erantzun malguak, arazoak konpontzea eta moldaketak egitea eskatzen dutenak, aldiz, ugariagoak izango dira.
Langileek ofizio bati edo prozesu bati dagozkion trebetasunak, hala nola robotekin lan egitekoak edo makinetan erremintak aldatzekoak, informazio-teknologiei dagozkienekin konbinatzeko gai izan beharko dute. Gainera, malguagoak izan beharko dute, eginkizun berrietara moldatzeko eta diziplinarteko gaiak etengabe ikasteko.
Lantegietako eginkizun batzuk, hala nola kargak jasotzea, zehazki posizionatzea eta ikusmenaren bidez kalitatea egiaztatzea, seguru asko robotek egingo dute, haiek, horretarako gizakiak  baino eraginkorragoak izateaz aparte, elkarrekin erraz komunikatzen baitira. Langileek robotak lankide izango dituzte.

Soinean eramateko gailuek, errealitate areagotuak eta beste teknologia batzuek ere aldatu egingo dute fabrikazioko lan-moldea; konplexuagoa eta sofistikatuagoa izango da, baina baita teknologiak gehiago lagundua ere.

Zaila da jakitea 4.0 industriak langile trebe gehiago ala gutxiago beharko dituen baina argi dago eskakizunak bestelakoak izango direna. Gaur-gaurkoz robotak ez dira perfektuak eta ez dira gai gizakiak guztiz ordezkatzeko. Gainera, aurrerapena etengabea den arren, oraindik ez dago argi fabrikazio osoki automatizatua errentagarria denik.


Aurreko industria-iraultzetan enplegua orotara gutxitu ez den bezala, oraingo honetan zer gertatuko den ikusteko dago, besteak beste, digitalizazioak duen izaera esponentziala gauza berria delako. Moore-ren legea betetzen ari da, hau da, errendimendu/kostu erlazioa bikoizten ari da 12-18 hilabetero. Orain arteko fenomenoak linealki aldatu izan dira, beraz iraganeko ereduek ez digute balio, etorkizuna iragartzeko. Gainera digitalizazioa arlo guztietara iristen da; ez fabrikaziora bakarrik.

Etorkizun hurbilean arazo sozial eta politiko larriak izan ditzakegu, kategoria jakin batzuetako langile asko langabezian geratzen badira eta beste kategoria batzuetakoek trebakuntza eskasa baldin badute. Horrelakorik gerta ez dadin. enpresek, gobernuek, hezkuntza-sistemak eta gizarte-laguntzako zerbitzuek besteak beste, laster egokitu beharko dute egoera berrira, elkarlanean jardunez.


Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak