Hizkuntzaren balio ekonomikoari buruzko liburu berri bat




Liburuaren egilea, Frieda Steurs andrea, Lovainako Unibertsitateko Anbereseko campuseko Arte Fakultateko irakaslea, Herbehereetako Normalizazio Institutuko terminologiarako arauen batzordearen burua eta TermNeten, nazioarteko terminologia-sarearen, presidentea da.
2016ko udazkenean Nederlanderaren Institutuaren zuzendari berria izango da. Erakunde horrek Nederlanderaren Lexikologia Institutua ordezkatuko du eta bere xedea nederlanderaren corpusak, hiztegiak eta gramatikak sortzea, artxibatzea eta mantentzea da.


Liburuaren azpitituluak "Hizkuntza, arrakasta ekonomikorako turboa!" dio. Liburu honetan Frieda Steursek irakurleari hizkuntza-sektorean zeharreko bidaia bat egiten laguntzen dio. Erakusten du zer hizkuntza-produktu, zerbitzu eta soluzio gara daitezkeen, eta
haiek sortzen dituzten enpresek eta erakundeek nola lor dezaketen balio ekonomiko eta soziala .

Ekonomiak eragina du hizkuntzan baina baita hizkuntzak ekonomian ere. Sarrerako kapituluan egileak dio ekonomia sendo batean komunikazio espezializatu asko izaten dela. Gainera,
ekonomia jakintzan oinarriturikoa  izaten dela gero eta gehiago. Jakintza da edozein enpresak edo organizaziok duen  baliabiderik baliotsuena, baina jakintza garatzea eta zabaltzea ezinezkoa da hizkuntzarik gabe.

Bestetik, bezeroaren hizkuntza erabili gabe, zaila da nazioarteko merkatuetan saltzea. Zenbat eta gehiago globalizatu mundua, orduan eta garrantzi handiagoa hartzen du hizkuntzaren industriak, eta hizkuntzalaritza
aplikatuak orduan eta garrantzi handiagoa izango du halaber.

  
Frieda Steursek arreta jartzen du globalizazioak eta eleaniztasunak nazioarteko enpresak garatzean duten eraginean; esate baterako, Interneten mundu mailan saltzeko. Mundu osoan saldu nahi duenak bere produktuak egokitu beharra dauka, lekuan lekuko merkatuaren eskakizunetara. Adibide askoren bitartez, lokalizazioak dituen onurak erakusten ditu egileak, eta galtzen diren abaguneak ere aipatzen ditu. Gero produktu bat merkaturatzeak izan ohi dituen arazoak aztertzen ditu.

Marketina, hizkuntza eta kulturarteko komunikazioa batera doaz. Adibidez, nola aukeratu behar da marka baten izen on bat? Hizkuntza aldetik eta kultura aldetik dena egokia izatea behar da.
Hizkuntzak dinamikoak dira. Sormen handia dute hitz berriak sortzeko. Beharrezkoa da hori, gizartea eta ekonomia etengabe aldatzen ari direlako. Gizartea konplexuago ere
ari da bihurtzen, eta, horregatixe, terminologia ugaritzen ari da. Gainera, internazionalizazioak terminologia eleaniztunaren premia areagotu egiten du. Frieda Steursek azpimarratu egiten du enpresentzat beren jarduerari dagokion terminologia egokia erabiltzeak duen garrantzia. Ondo eraikitako kontzeptu-sistema termino egokiekin loturik oso mesedegarria da komunikazio-prozesu konplexuetan. Enpresa jakin batentzat ez ezik, terminologia ona izatea garrantzitsua da sektore osoarentzat. Egileak bi arlo jakinetan jartzen du arreta: juridikoan eta medikoan. Nola itzuli behar da informazio juridikoa hizkuntza eta sistema batetik beste batera?

Hurrengo kapituluan hizkuntzen ikaskuntza eleaniztasuna garatzeko bide gisa planteatzen du. Bezeroaren hizkuntza erabiltzen ez duten edo komunikazio eskasa duten enpresek emaitza txarragoak lortzen dituzteGlobalizazioan jarduteko gai diren pertsonak garrantzi handiko baliabidea dira organizazio batentzat. Hizkuntza bat ikastea beti baliagarria da, bai enpresarentzat eta baita enplegatuarentzat ere, bezeroarekin harreman ona izateko eta garapen profesionalerako. 


Gau-eskoletan trebatzeko ohitura galtzen ari da. Nola ikasten da hizkuntza gaur egun? Nola funtzionatzen dute e-learning-ak eta mugikor bidezkoak? Gaur egun, hizkuntza ikasten duenak bere interesekin bat datorren curriculum erakargarri bat eskatzen du.
Hizkuntza-politika ere tratatzen du egileak. Migrazio handiak eta globalizazioa hain indartsuak diren garai honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da. Azken-aurreko kapituluan, Frieda Steursek hizkuntza eta politika ditu aztergai. Hizkuntza-politika tresna ahaltsua da. Gobernu batek hizkuntza-politikekin sustatuz edo arautuz eragina izan dezake hizkuntza baten estatusean. Horrek ondorioak ditu gizartean, ekonomian eta hiritar bakoitzarengan. 


Frieda Steursek hizkuntza-industrian bukatzen du bere ibilaldia, kapitulu bat eskainiz hizketa- eta hizkuntza-teknologiari. Zenbateraino daude aurreratuak hizkuntzaren eta hizketaren erabilerak gaur egun ordenagailuan?  Teknologiak erraztu egiten du lana, hizkuntzarekin egiten den lana barne, baina teknologiak hizkuntzaren beharra du halaber. Begiratu besterik ez dago software -aplikaziorik aurreratuenei; ez badaude bezeroaren hizkuntzan ez dute aukerarik merkatuan. Frieda Steursek argi eta garbi esaten du zer abagune galtzen diren horretan, zer istripu gertatzen diren eta zenbat diru xahutzen den kalitateko lana egin ezean. Liburu honek, ordea, ez du ezer salatzen. Jarrera baikorra erakusten du hizkuntza-sektore dinamikoaz. Dena den,
Frieda Steursek uste du jendeak gutxietsi egiten duela hizkuntzak eta komunikazioak gizartean duten  garrantzia, bai lekuan-lekuan, bai nazio mailan eta bai nazioartean, eta hori sektore guztietan gertatzen dela.

Harritu egiten du hizkuntzalaritza aplikatuko ikasketak egiten dituztenek askotan entzun behar izatea alferrik ari direla, gero lanpostu bat izan nahi badute, eta hobe luketela zientziako ikasketak egitea. Izan ere, hizkuntza arloko profesional onen falta handia dago. Itzultzaile, interprete, kulturarteko komunikatzaile onak, teknologian jakitun diren hizkuntzalariak behar dira. 

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak