iBeacon transmisoreak liburu-dendetan

iBeacon barrualdeetako posizionamendu-sistema bat da. Kanpoaldeetan GPSak duen eginkizunaren antzekoa betetzen du eskala txikian. Kontsumo gutxiko transmisore merkeetan (beaconetan) oinarrituriko sistema bat da, telefono eta tabletei, hurbil daudenean, informazioa igortzeko xedea duena. Apple etxeak garatua da, bere sistema eragileaz funtzionatzen duten tresnentzat, baina Android sistema duten tresnek ere erabil dezakete. Energia apaleko Bluetoothean oinarritzen da. Azken finean, denda baten barruan posizio zehatzak determinatzen dituen sistema bat da. 

Denda baten barruan, sentsoretik gertu dauden trasmisoreek salgaiei buruzko informazioa bidal diezaiekete bezeroei edo salmenta-puntuan ordainketak egiteko modua eskain dezakete, txanpon-zorrorik edo txartelik erabili gabe.

Liburu-dendetan ohikoa izaten da ikusmiran ibiltzea, gustuko zerbait aurkitzeko asmoz, artikulu jakin baten bila ibili gabe. Batzuetan, ordea, liburu jakin baten bila bazabiltza, eta hartaz gogoratzen duzun gauza bakarra tituluaren zati bat besterik ez bada zaila gerta daiteke aurkitzea, batez ere liburu-denda handia baldin bada, baita zer generotako liburua den jakinda ere.

Beaconak lagungarriak gerta litezke horrelakoetan, apal bakoitzean transmisore bat baldin badago eta tituluaren parte ezagun hori telefonoan idazten baduzu. Liburu hori edo antzeko titulua duenen bat apal horretan baldin badago transmisoreak adieraziko dizu, eta proposatzen dizun titulua ez bada zuk nahi zenuena, ez dizu gehiago proposatuko. Hau adibide bat besterik ez da, beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu teknologia horrek: bezeroari eskaintzak egitea edo dendariari bezeroek gehiena bilatzen dituzten tituluak edo generoak zein diren informatzea, eleberri batean oinarrituriko film bat baldin badago haren trailerra erakustea eta beste hainbat.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak