Korronte zuzena vs korronte alternoa atzo eta gaur (I)

Artikulu honetan elektrizitate-banaketaren historiaren hasieran korronte zuzena ala korronte alternoa eztabaida nola joan zen azaltzen dut. Hurrengo artikuluan, berriz, gaur egun kontu hori zertan den agertuko dut.

Thomas Alba Edisonek 1882an New Yorkeko Pearl Street-en eraiki zuen zentral elektrikotik Manhattan-eko 59 bezerori energia elektrikoa banatzeko instalazioa jarri zuenean hasi zen elektrizitatearen banketaren historia. Energiaren banaketa 110 V-eko korronte zuzenez egiten zuen.

Edisonen New Yorkeko Pearl Street-eko zentrala
  1880ko hamarkadan hainbat lekutan egin ziren korronte zuzeneko kale-argiztapeneko sistemak. 1880ko hamarkadaren bukaera aldera, ordea, korronte zuzeneko sistemak berriagoa zen korronte alternoko sistemaren lehiari aurre egin behar izan zion. Westinghouse Electric Companyk transformadorea sartu zuen AEBetan eta "sistemen arteko gudua" piztu zen. Elkargo profesionalak sistema bakoitzaren abantaila tekniko eta ekonomikoez eztabaidatzen hasi ziren. Goritasun-lanparen bidezko argitazpenerako korronte zuzena ala korronte alterno monofasikoa erabiltzeari buruzko eztabaidak 1890eko hamarkada arte iraun zuen.

Banaketa kilometro batzuetara eraman behar zenean korronte zuzenak kostu handia zuen, kontsumoko puntuan behar zen tentsioan egin behar zelako banaketa. Korronte alterno monofasikoak transmisio-kostu txikiagoa zuen, transformadoreei esker garraioa tentsio altuan egin zitekeelako. Gudua 1890eko hamarkadan bukatu zen baina irabazlerik eta galtzailerik gabe. Izan ere, biztanle-dentsitate handiko hirietan, banaketa ez zenez zentraletik oso urrun egin behar, korronte zuzenak irabazten zuen, eta biztanleria sakabanatua zuten eskualdeetan, aldiz, korronte alternoak kostu txikiagoak izatearen abantaila zuen. Tarteko egoeretan abantailak eta desabantailak hain garbiak ez zirenez, haietan izan zen lehiarik gogorrena.

Eztabaida ez zen tekniko-ekonomikoa soilik izan. Borrokarik gogorrenak AEBetan izan ziren, eta bi enpresa izan ziren lehiakide nagusiak: Westinghouse eta Edison Electric Light. Edisonen interesek taktika politiko ez oso txukunak agerrarazi zituzten. Bere aldekoak saiatu ziren publikoarengan korronte alternoaren aurkako jarrera eragiten, bizia arriskuan jartzen zuela argudiatuz, eta, politika aldetik, hura legez kanpo uzteko maniobratuz.

1888an Edisonen interesei ederki etorri zitzaien Harold Brown izeneko korronte alternoaren aurkako aktibista baten sona zabaldu zenean. Korronte alternoak New Yorken heriotza batzuk eragin ondoren, Brown oso ezaguna egin zen 1888ko ekainean, lehenbizi prentsan eta gero jendaurreko agerraldietan adierazi zuenean korronte alternoa korronte zuzena baino hilgarriagoa izanik, argiztapen-enpresak dirua aurrezten ari zirela, jendearen segurtasuna aintzakotzat hartu gabe. Jendaurreko esperimentuak egin zituen animaliak korronte alternoz elektrokutatuz, eta gero hariak mugitzen hasi zen legeek  korronte alternoko transmisio-lineetako tentsioa 300 V-tara muga zezaten.
Garai berean beste gertakari bat ere aprobetxatu zuen Brownek: New Yorkeko Estatuak heriotza-zigorrerako urkabea bezain krudela izango ez zen tresna bat erabili nahi zuen. Brownen kanpainak bi gauzak konbinatu zituen korronte alternoari legez mugak ezartzea eta heriotza-zigorra ezartzeko korronte alternoa bultzatzea. Jarraitu zuen zekorrak eta zaldiak elektrokutatzen, Edisonen oniritziarekin, gizakiak baino handiagoak ziren animaliak ere korronte alternoaz hiltzen zirela erakusteko.


Harold Brownen esperimentu bat erakusten duen irudia

Korronte alternoaz lan egiten zuen Westinghouse enpresak kontrako ahaleginak egin arren, Brown moldatu zen Westinghouse sorgailu bat erosi eta New Yorkeko presondegi batean instalatzeko. 1890eko abuztuan, Brown aurrean zela, lehenbizikoz pertsona bat elektrokutatu zuten legearen arabera. Horren ondoren kanpaina bati ekin zion galdera hau eginez: nahi al duzu borreroaren korrontea zure etxean eta kaleetan zehar pasatzea? Nolanhi ere, Edisonek eta Brownek ez zuten lortu nahi zuten legea aurrera ateratzerik, eta eztabaidaren zarata laster isildu zen komunikabideetan.

Korronte alternoaren ajea beste bat izan zen garai hartan: motor praktiko baten falta. Hainbat asmatzaileren (Ferraris, Tesla, Haselwander Bradley eta beste batzuk) ekarpenei esker gainditu zen gabezia hori. 1900erako fabrikatzaile handienek sistema trifasikoaren eta indukzio-motorraren aldeko hautua egina zuten. Enpresa horien artean aitzindaria AEG alemana izan zen, Dolivo-Dobrowolsky ingeniariaren eskutik. 

Hala ere, lehia ez zen horrekin bat-batean guztiz bukatu. Inbertsio handiak eginda zeuden biztanle-dentsitate handiko hirietako korronte zuzeneko instalazioetan. Pixkanaka korronte zuzeneko sistemak desagertzen joan ziren. Bi sistemen konbinazioak ere luzaro iraun dute, hasieran bihurgailu birakariari esker eta gero artezgailu estatikoen bidez. Trenbideetan oraindik ere leku askotan korronte zuzena erabiltzen da (Espainian, Frantzian, Errusian, Ingalaterraren hegoaldean, Herbehereetan). Izan ere, trenak abiadura aldagarrian ibiltzen dira eta1980ko hamarkadaren erdialdea arte korronte zuzeneko motorrekin bakarrik lor zitekeen hori. Gaur egun, elektronikari esker, hainbat linea korronte alternoz dabiltza.
 

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak