Korronte zuzena vs korronte alternoa atzo eta gaur (II)

Aurreko artikuluan elektrizitate-banaketaren historiaren hasieran korronte zuzena ala korronte alternoa eztabaida nola joan zen azaldu nuen. Oraingo honetan, berriz, gaur egun kontu hori zertan den agertuko dut.

XIX. mendearen bukaeran elektrizitatea erabiltzeko bi sistemen artean izan ziren tirabiren ondoren, korronte alternoa izan da sistema nagusia askogatik, baina oraintxe bertan erabateko nagusitasun hori zalantzan jartzeko arrazoiak daude.
 

Gaur egun tresna eramangarri guztiek korronte zuzena erabiltzen dute, sistema informatiko handiek energia elektriko asko kontsumitzen dute korronte zuzenean, eta, sorkuntzaren aldetik, berriz, energia berriztagarriak baliatzen dituzten eguzki-plakek, haize-errotek, etab. korronte zuzena sortzen dute. Alabaina korronte zuzena korronte alterno bihurtzen da energia garraiatzeko, eta kontsumo puntuetan arteztu egiten da berriro. Hori horrela izanik, galdera da ea zentzurik ez ote duen korronte zuzeneko sareak instalatzea. 

Bihurketa horietan energiaren %5-%20 bero forman galtzen da. Hori gutako bakoitzak egiaztatzen du, ordenagailu eramangarriaren kargagailuaren kaxa nola berotzen den ikusten dugunean. Hortik kontuak atera zer energia-xahutze izango den Interneteko milioika zerbitzari eta ordengailuetan, eta telekomunikazio-sistemetan. Gainera, horiek guztiek etenik gabeko elikadura-ekipamenduak (UPS deituak) behar dituzte.

Korronte alternoa izan da sistema nagusia, transformadoreen bidez tentsioa aldatu, tentsio altuan urrutira transmititu eta kontsumotik hurbil, berriro ere transformadoreak erabiliz, tentsioa jaitsi ahal izateagatik. Teknologia aurreratu egin da, ordea, eta gaur egun efizientzia handiz egiten dira korronte alternotik korronte zuzenerako eta alderantzizko bihurketak. Horren ondorioz, korronte zuzenean tentsio altuan elektrizitatea transmititzea bideragarria da orain. Bestalde, lekuan-lekuan energia elektrikoa korronte zuzenean sortu, metatu eta erabiltzeko joera dago zenbait sektoretan.


Eraikin eta fabrika gehienak korronte alternoz hornitzen badira ere, korronte zuzeneko sistemak ohikoak ari dira bihurtzen eraikin barruko komunikazioetan, IKT sareetan, eraikinen automatizazioan, suteen aurkako eta segurtasuneko ekipamenduetan, etab. 

Korronte zuzenean kontsumitzen den energiaren banaketa sistema berarekin egiteak baditu abantailak ekipamenduen fabrikatzaileentzat, kontsumitzaileentzat, sistema elektrikoentzat eta ingurumenarentzat, honako arrazoi hauengatik gutxienez:


  • Korronte alternotik zuzenerako, alderantzizko edo alternotik alternorako bihurketa gutxiagok efizientzia handitzen duelako.
  • Osagai gutxiago erabiltzeak sistemaren fidagarritasuna handitzen duelako.
  • Inbertsio txikiagoak egin behar direlako.
  • Korronte alternoko sistemek dituzten sinkronizazio-eskakizunak ez izateak kontrola errazten duelako.
Distantzia handitarako garraioan energia asko xahutzen bada, zergatik ez bultzatu lekuan-lekuko korronte zuzeneko sorkuntza eta mikrosareak?

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak