Adimen artifiziala fabrikazio-prozesuetan sartzen ari da

Adimen artifiziala fabrikazioan

Fabrikazioaren automatizazioan aurreratuenak diren enpresak eta adimen artifizialaren arlokoak elkarlanean ari dira adimen artifiziala fabrikazioan sartzeko. Informatika arloko NVIDIA eta robot industrialetan espezializaturiko FANUC horretan ari dira, hain zuzen. 

FANUCek FIELD (FANUC Intelligent Edge Link and Drive) sistema garatu du. FIELD sistema informatiko bat da, hardwarez eta softwarez osatua, lantegiko sareari hainbat tresna informatiko modu seguruan gehitzea ahalbidetzen duena. Softwareak lizentzia duten produktuak dauzka, alde batetik, Cisco eta Preferred Networkenak, eta kode irekikoak bestetik. Behin FIELD softwarea kargatu eta konfiguratuz gero, automatizazio-ekipamendu osotik, hau da, CNC makinetatik eta robotetatik, datozen datu guztiak eskuragarri dituzte aplikazioak garatzen dituztenek, API interfaze baten bitartez.

FIELD sistema 
plataforma bat da, adimen artifizial aurreratuaren bidez, fabrikako ekoizpena eta efizientzia hobetzeko pentsatua. Robotek beren ingurunea ulertuko dute eta pertsonekin elkarlanean jardungo dute.

Sistema horrek dakarren aurrerapausorik handiena prozesamendu grafikoko unitateen (GPU) bidez azeleraturiko ikaskuntza sakona da. Badakigu ordenagailu batean grafiko onak nahi ditugunean txartel grafiko on bat behar izaten dugula. Grafikoak ez dira prozesatzen prozesamendu-unitate zentralean (CPU) GPUan baizik. CPUak kalkuluetarako oro har balio du baina GPUa datu kopuru handiekin lan egiteko diseinatua da. CPUak serien prozesatzen ditu datuak eta GPUak, aldiz, paraleloan.

Zer da, ordea, ikaskuntza sakona? E
z da erraza programa bat idaztea, zenbait arazo ordenagailu bidez soluzionatzeko. Adibidez, ez da posible eskuz idatzitako karaktereak ezagutzeko programa bat idaztea, karaktere berbera hainbat eta hainbat formatan agertuko delako eta ezinezkoa delako forma horiek guztiak ezagutzeko erregelak zehaztea. Beste hainbat kasutan ere antzeko arazoa izaten da, hala nola kamera batek ematen dizkigun irudietan objektuak ezagutzean edo hizketa testu bihurtzean. Horrelako kasuetan, programa bat idatzi ordez, algoritmo bat garatzen da, ordenagailuak erabil dezakeena, soluzio probableena bilatzeko, ehunka edo milaka adibide erantzun zuzenekin konparatuz. Prozedura horiei ikaskuntza automatikoa esaten zaie. Azken finean adibideen bidez ordenagailuari irakastean datza ikaskuntza automatikoa. Ikaskuntza sakona, berriz, ikaskuntza automatikoa gauzatzeko paradigma bat da. 

Ikaskuntza automatikoak duen zailtasun handienetako bat ezaugarrien erauzketa deritzona lortzea da. Ikaskuntza automatikoan neurturiko datu-multzo batez hasten da ezaugarrien erauzketa, eta horietatik balio batzuk (ezaugarriak) ondorioztatzen dira, informazioa ematen dutenak erredundantziarik gabe. Algoritmo bati sartzen zaizkion datuen kopurua oso handia denean prozesatzeko, eta susmatzen denean erredundanteak direla, ezaugarri-bektore esaten zaion ezaugarri multzo murritzago bat zehazten da.  FIELD sistemak ikaskuntza sakona erabiltzen du, hain zuzen, robotak entrenatzeko.

Adimen artifizialean lortzen ari diren aurrerapenek ahalbidetuko dute robotek ikustea, ikastea eta beren gaitasuna handitzea.

Makina erreminten bilakaera adimendun makinarantz


Bilakaera horren abiapuntua zenbakizko kontrola izan zen, 1950eko hamarkadan. Hasieran programagailu berezi batzuen bidez programatzen zituzten makinak. Hurrengo hamarkadan zenbakizko kontrolei programak zuzenean transmititzeko modua lortu zuten. 1970eko hamarkadan ordenagailu bidezko zenbakizko kontrola (CNC) eta ordenagailuak lagunduriko fabrikazioa (CAM) garatu zituzten. Ondoren integratu egin  zituzten ordenagailuak lagunduriko diseinua (CAD), CAM eta CNC sistemen eta makina-atalen eta erremintaren mugimenduen arteko datu-fluxua. Kontrol digitala izan da makina adimenduneranzko bidea zabaldu duena.

Makina adimendun bihurtu nahia helburu batzuk lortu beharrak bultzatu du: akatsak eda bibrazioak gutxitzeak, matxurak saihesteak, mekanizazio-prozesua optimizatzeak, makina okupatua dagoen denbora eta energiaren kontsumoa murrizteak, besteak beste.

Gaur egungo makina erreminta batzuek badituzte makina adimendunen ezaugarri batzuk. Gai dira mundu fisikoan lan egiteko, mundu digitalean planifikatzeko, analizatzeko, modelizatzeko, memorizatzeko, konbinatzeko eta optimizatzeko eta, informazioa landu ostean, mundu fisikora itzultzeko, erabakiak aplikatzera. Badira makina erremintak ikusmenez hornituak eta neurketa-makinekin konektatuak. Hurrengo helburua da makinak elkarrekin eta langileekin komunikatzea eta lankidetzan jartzea. Azkenik, integratzea lantegiko prozesua, logistika eta giza baliabideen kudeaketa, geruzaz geruza eraikitako sistema batean.



Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak