Errodamenduak gauzen Interneteko gauzak hasi dira izaten

Iturria: http://www.skf.com


2015eko Hannover-eko ferian SKF errodamendu-fabrikatzaileak trenetan eta sorgailu eolikoetan erabiltzen diren errodamenduen osasuna kudeatzeko teknologia berri bat erakutsi zuen. 

Teknologia horrek errodamenduetan sentsore adimendun batzuk erabiltzen ditu, behar duten energia sortzen dutenak eta seinaleak kablerik gabe igortzen dituztenak, Internet bidez errodamenduaren egoerari buruzko informazioa bidaltzeko. Teknologia hori egitasmo kritikoetako sorgailu eolikoetan eta trenetan probatu dituzte.

Jasotzen diren datuak algoritmo batzuek tratatzen dituzte mantentze-lana unean-unean egokitzeko. Errodamenduen egoera kontrolatzeko erabili izan den prozedurak matxurak atzematen ditu. SKF Insight izeneko teknologia berri honek, aldiz, matxura eragiten duten baldintza anormalak atzematen ditu, matxura saihestu ahal izateko.



Errodamenduak hodeira konektaturik daude eta bezeroek diagnostiko- eta laguntza-zerbitzuetarako sarbidea dute, errodamenduen osasuna kudeatzeko. SKF Insightek parametro dinamikoak jagoten ditu, hala nola abiadura,  bibrazioak, tenperatura, lubrifikazioa eta karga, eta erabiltzaileari matxura sor dezaketen baldintza anormalen berri ematen dio. Zenbait eragiketa automatiko ere abiaraz ditzake. Esate baterako, lubrifikatzailea automatikoki gehitzea edo makinaren erregimena aldatzea.
 

Sistemak eskain diezazkieke txostenak lantegia mantentzen duen taldeari, makinaren fabrikatzaileari edo Internet bidez informazio hori atzitzeko baimena duen edonori. Datuak tresna mugikorren bidez eskura daitezke.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak