Gauzen Internet fabrikazioan

Iturria: internetofbusiness

Fabrikazioa aro berri batean sartzen ari da

Gauzen Internet aldaketa kualitatiboak eragitera dator sektore guztietan, eta ekonomia aldetik sekulako garrantzia izatera. Fabrikazioan zehazki guztiz eraldatzailea izango da.

Gaur egungo bezeroek espero dute erosten dituzten produktuak eta zerbitzuak beren beharretarako egokituak eta denboran zehar hobetu daitezkeenak izatea. Gauzen Internetek, hain zuzen, bezeroen beharretara egokitzeko eta denboran zehar ikasten duten produktu adimendunak eskaintzeko aukera ematen du. Sentsoreek ematen dituzten datuak analitikarekin eta plataforma ahaltsuekin konbinatuz, errealitatearen ikuspegi sakonagoa lortzen da, eta hobetzeko eta efizientzia areagotzeko bideak ikusten dira. Gaur egun datuak analizatzeko  dauden metodoak gai dira datu kopuru izugarri handiak prozesatzeko denbora errealean edo oso denbora laburrean behinik behin, eta emaitzak erabil daitezke erabakiak hartzeko. Esate baterako, matxurak gertatu baino lehen behar diren neurriak hartzeko.

Fabrikazio adimendunerantz, automatizazioaz haratago


Abantaila horiei etekina ateratzeko, hornitzaileek informazio guztia jaso dezaketen plataforma adimendunak garatu dituzte, teknikari aproposei erabakiak hartzea ahalbidetzen dietenak. Sistemak alerta bat bidal diezaioke makinatik hurbilena dagoen ingeniariari, aurki ditzakeen arazoen aurreikuspenarekin, makinaren kokapen zehatzaren berri emanez eta arazoa konpontzeko beharko dituen ordezko piezak zein izango diren esanez. Plataforma horien bitartez, enpresek softwarearen eguneratzeak eta prozesuak optimizatzeko gehigarriak ere bidal ditzakete automatikoki. 

Orain arte helburu nagusia fabrika automatizatzea zen; batez ere eskuz egiten ziren lanak automatismoen bidez egitea. Gauzen Internetek askoz urrunago darama hori, softwarean eta datuen analitikan egiten diren aurrerapenak baliatuz, enpresek prozesuak optimizatzeko erabakiak lasterrago eta zehazkiago har ditzakete, eta onura horiek beren bezeroek ere jasotzen dituzte. Hau da, gauzen Interneti esker, fabrikazio adimenduneranzko bidea argiago ikusten da. Fabrikazio-prozesuak antolatzeko beste modu bat dator, hornitzaileak, logistika, produktuen biziziklo osoa konektatu eta integratuko dituena. 

Sistemen sistema bat bihurtzen da fabrika, une desberdinetan zenbait etapatan bildutako datuek osatzen dutena. Datu-bilketa horren helburua enpresaren estrategia nagusiak gauzatzea da. Bi teknologia elkartzen dira hor: teknologia operazionala eta informazioaren teknologia. Teknologia operazionalaren osagaiak dira hardwarea eta softwarea, prozesu fisikoetan aldaketak atzemateko edo eragiteko, zuzenean monitorizatuz edo gailu fisikoak kontrolatuz. Informazioaren teknologia, berriz, datuen eta informazioaren tratamendu automatikoa da. Bi arlo horiek bakoitza bere aldetik garatu izan dira, teknologia operazionala denbora errealean edo ia errealean prozesua kontrolatuz makinatik hurbil, eta informazioaren teknologia ondoren, datu multzoak zentral batean prozesatuz. Gauzen Internetek bi arloak batzeko aukera eskaintzen du. Horrela bi arloek irabazten dute; informazioaren teknologiak informazio zehatz gehiago lortzen duelako, enpresaren hainbat sailetan partekatzeko, hala nola produktuaren diseinuan, bezeroekiko harremanetan edo finanziazioaren eta kontratuen kontrolean, eta teknologia operazionalak ere irabazten du, diagnostikorako eta prebentziorako erabiltzen den datuen analitikatik informazio erabilgarria doakiolako. 

Gauzen Internetek zenbait sektoretan izango duen eragina

1. Ekipamenduen fabrikazioan


Kamioiak, trenak, igogailuak edo makinak fabrikatzeko prozesuak antzekoak izaten dira: urratsez urrats atalak gehitzen zaizkie. Muntaketa-lerroa izaten da fabrikazio mota horren instalazio tipikoa. Lerro horietan gauzen Internetek eragin handia izan dezake, baliabideen erabileraren eta langileen produktibitatea optimizatuz. Lerroaren osagai bakoitzaren monitorizazio- -sentsoreak erabiliz, lerroen erabateko funtzionaltasuna berma daiteke, eta aurreikus daitezke mantentze-lanek eta eragiketetan izango diren aldaketek ekarriko dituzten beharrak. Errealitate birtualeko betaurrekoek, lan-prozesua kudeatzeko softwarearen laguntzarekin, produkzio-lerroaren eta langilearen arteko interakzioa gida dezakete.




Gainera, soinean eramateko alarma-sistemek, bideo-analitikarekin eta adimen artifizialarekin, berma dezakete segurtasuna. 

Ekipamendua fabrikatzeko lerroetan gero eta gehiago erabiliko dira robotak, gizakien partez edo gizakiei laguntzeko. Robotak nekaezinak dira eta aspertu gabe egin ditzakete lan errepikakorrak. Gizakiak adimena, sormena eta malgutasuna jarriko ditu. Bien elkarlana izango da emaitza. Makinek sorturiko datuen eta enpresako informatika-sistemaren datuen konbinazioak enpresaren inoiz baino ikuspegi osoagoa eman dezake, hasi produkzio-lantegitik, jarraitu biltegitik eta produktuaren banaketaraino. Eragiketak ebaluatzeko analisirako funtsezkoa izango da datuen analitika. Oso garrantzitsua izango da hor analitika prediktiboa. Langileek hainbat motatako tresna eramangarriak edo soinean eramatekoak izango dituzte datuak ikusteko.

2. Materialen ekoizpenean


Materialen ekoizpena lehengai bat fabrikazio-prozesu batean erabiltzeko tarteko produktu bat edo salmentarako bukatutako  produktu bat lortzean datza. Horrela, plastikoak petrolio gordinetik abiatuta lortzen dira, ehunak kotoitik edo artiletik eta botikak beste produktu kimiko batzuetatik. Materialen ekoizpena askotan arriskutsua izaten da, dela materia arriskutsuak erabiltzen direlako, dela prozesuak direlako arriskutsuak. Gauzen Internetek, automatizazioaren eta urrundikako monitorizazioaren bidez, saihestu ditzake arriskuok. Esate baterako, gas arriskutsuak detektatzen dituen sentsore bat eraman dezake soinean petrolio-findegi bateko langileak, alarma pizteko, isurketa bat gertatuz gero, eta, gainera, langilea zer lekutan dagoen abisa dezake beste sentsore batek, sorosleak laguntzera joan daitezen.  

Kasko adimendunak sentsoreak dauzka eta eskumuturreko erlojuarekin lan egiten du, gas toxikoak dinamikoki detektatzeko
Beste alde batetik, materialak eta produktu kimikoak proportzio zehatzetan nahastu behar dira, zeren gaizki nahasteak ondorio txarrak izan ditzake. Prozesua zaintzeko eta datuak eskuratzeko sistemak enpresaren informatika-sisteman integra daitezke. Gainera sistema horiek konekta daitezke beste sistema batzuekin, adibidez, ingurumenean egiten den inpaktua neurtzekoetan, kalteak eragin baino lehen prozesua gelditzeko edo moteltzeko.

3. Doitasunezko fabrikazioan
Doitasunezko fabrikazioan elementu batzuk serien fabrikatzen dira eta beste batzuk loteka. Ekipamenduen fabrikazioan baino muntaketa-lan gutxiago izaten da. Industria horretako lanak zero errore egitea eta etengabe ikerketan eta garapenean jardutea eskatzen du.

Makina birprogramarri adimendunak eta robotak erabiliz, gauzen Internetek lagundu diezaieke fabrikatzaileei behar den doitasun mailan lan egiten, aldi berean etengabe diseinuak eta muntaketa-metodoak behar bezain bizkor aldatzeko gai izanez. Ordenagailuz lagundutako sistemek (CAM) integratuko dituzte, muntaketa-makinak ez ezik, baita ikerketa- eta garapen-sistemak ere, ekoizpena gelditu gabe diseinuak aldatu ahal izateko. Egiaztapenak ekipamendu automatikoen bidez egingo dira, prozesuaren puntu erabakigarrietan. Horrek guztiak, bistan da, oso datu-prozesamendu lasterra eskatzen du.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak