Gehikuntzazko fabrikazioaren hastapenak

Iturria: Ian GIBSON, David ROSEN, Brent STUCKER. Additive Manufacturing Technologies
Liburu benetan interesgarria. 2. argitaraldia 2015


Zer da gehikuntzazko fabrikazioa?

3D inprimaketa edo gehikuntzazko fabrikazioa deritzo, ordenagailu baten kontrolpean, ondoz ondoko material geruzak metatuz, 
hiru dimentsioko objektuak ekoizteko prozesuari. Ordenagailuz lagunduriko diseinu (CAD) sistema batez eredu digital bat sortzetik hasten da prozesua.


Bukatutako pieza eta hasierako eredua

Hasieran, piezen prototipoak laster egiteko erabiltzen zen gehikuntzazko fabrikazioa. Horregatik esaten zaio batzuetan prototipogintza lasterra. Hortik abiatuta teknologia hori beste hainbat aplikaziotara hedatuz joan da, materialak, doitasuna eta kalitatea hobetu ahala. Piezaren forma lortzea izan zen lehen helburua, gero doitasuna erdiestea eta objektuak bete behar zuen funtzioa behar bezala betetzea aurreratuena. Gaur egun, gehikuntzazko frabrikazioz, prototipoak ez ezik, beste prozesu batzuen bitartez lortzen diren objektuen funtzionalitate berbera dutenak ekoizten dira.

Prozesuaren urratsak

Gehikuntzazko fabrikazioa beti piezaren kanpoaldeko geometria zehazten duen eredu digital batetik abiatzen da. Helburu hori lortzeko, bi bide jarrai daitezke: lehendik badagoen pieza baten berdina egin nahi bada, pieza hori hiru dimentsiotan eskaneatuz lortzen da eredua, eta pieza guztiz berria izango baldin bada hiru dimentsioko CAD sistema batez diseinatzen da.

Prozesuan aurrera jarraitzeko eredu digitalaren fitxategia STL formatuan jartzen da. STL formatuan objektuaren gainazal jarraitua triangeluz osaturiko sare baten bitartez errepresentatzen da.


STL formatuko fitxategia gehikuntzaz funtzionatzen duen makina batera eramaten da. Makina horren parametro batzuk konfiguratu behar izaten dira lanean jarri baino lehen, esate baterako, geruzaren lodiera edo materialaren araberako eskakizun batzuk.

Pieza ekoiztea ia guztiz automatizaturiko prozesua izaten da, makina gainbegiratzea baizik behar izaten ez duena. Behin osatuz gero, piezak batzuetan ukitu batzuk behar izaten ditu erabiltzeko prest egon aurretik. Adibidez pintatzea, beste pieza batzuekin muntatzea.

Gehikuntzazko fabrikazioaren abantailak

Piezen diseinua eta baita makinen maneiua ere gero eta gehiago bisuala da, kodea idaztea eskatzen ez duena. Horri esker, produktua garatzeko prozesu osoa da lasterra; ez hainbeste pieza gauzatzea bera, baina piezaren konplexutasuna handia izateak ez du gauzatze hori moteltzen.



Beste prozedura batzuek, aldiz, konplexutasuna handitu ahala, hainbat urrats eta garatze-denbora handiak behar izaten dituzte eta baita espezialista ongi trebatuen partehartzea ere.

Bestalde, lantokia txukun mantetzen da, prozesuak ez duelako txirbilik edo bestelako hondakin askorik sortzen. 

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak