Lekutzea ez da kokatzea, urruntzea baizik

EITB1en eguerdiko Gaur egun albistegian entzun dut Errementari filma Agorregin dagoela "lekutua".

Lekutu aditza, Orotariko Euskal Hiztegiak esaten digunez, lapurtera eta nafarrerako hitza da eta urrundu, alde egin, ihes egin adierak ditu; ez, ordea, kokatu adiera.

Euskaltzaindiaren Hiztegiak sarrera hau eskaini dio:
lekutu, leku/lekutu, lekutzen da/du ad. Urrundu, baztertu; desagertu. Jesus handik lekutu eta bere herrira itzuli zen. Bazterrera lekutu zuen. Nire bizitza betetzen zuen hutsunea lekutu da.

Bistan da "*nonbait lekutu" hitz horren benetako adiera ezagutzen ez duen norbaitek bakarrik erabil dezakeela, uste oker batean oinarriturik. Erabilera egokiak "nonbaitetik edo nonbaitera lekutu" dira eta goian aipaturiko adierak dituzte.


XX. mendeko corpusean ageri diren adibideetan ikusten da zuzen erabiltzen dutela nafarreraz edo lapurteraz idazten dutenek eta baita euskalki horietan idazten ez duten idazle txukunek ere, hala nola, Gotzon Garatek, Ana Toledok, Koldo Izagirrek, Rosa Miren Pagolak. Beste askok, ordea, ez dute zuzen erabiltzen.

Badirudi azken urteotan gehiagotan erabiltzen dela zuzen. Lexikoaren Behatokian lekutu formari bakarrik erreparatzen badiogu hauxe ikusiko dugu:

64 agerraldi ditu forma horrek. Horietatik 40 bat behintzat zuzenak dira. Egia da horietako asko idazle nafar txukun batenak direla, Aingeru Epaltzarenak.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak