Itzulpen automatikoa Volkswagenen

Iturria: eMpTy Pages

Volkswagen munduko auto-fabrikatzailerik handiena da, 2016an hamar milioi ibilgailu baino gehiago saldu zituena. 625.000 enplegatu baino gehiagok egiten dute lan taldea osatzen duten marketan, 120tik gora lekutan munduan zehar, horietatik 280.000 gutxi gorabehera Alemanian bakarrik. VW turismoen, VW ibilgailu komertzialen, Audi, Porsche eta MANen egoitza nagusiak Alemanian daude. Bentleyrena Erresuma Batuan, Bugattirena Frantzian, Škodarena Txekiar Errepublikan, Seatenak Katalunian, Ducati eta Lamborghinirena Italian eta Scaniarena Suedian.
  
Hainbat lantaldek hainbat arlotakoak lan egiten dute mundu osoan zehar, ordutegi  berdinekin edo desberdinekin. Alemanaz gainera beste hizkuntza batzuk erabiltzen dira komunikazioetan: ingelesa, lingua franca gisa, espainiera, txinera eta frantsesa, eta baita Brasilgo portugalera, italiera, txekiera, errusiera poloniera eta beste hizkuntza asko ereHorren ondorioz, milioika email eta terabyteka datu ibiltzen dira hara eta hona taldeko lantegien artean eta beste batzuekiko harremanetan.

Hainbeste hizkuntza erabiliz egiten diren informazio-truke horiek errazteko eta, batez ere, bizkortzeko, 2002an erabaki zuten itzulpen automatikoaz baliatzen hastea. Datuen segurtasuna bermatzeko, aplikazioak Volkswagenen intranetaren barruan funtzionatu behar zuen. Lucy Software enpresa alemanaren erregeletan oinarrituriko sistema erabili du Volkswagenek. Sistemaren funtzionalitatea areagotuz eta kalitatea etengabe hobetuz joan dira, enpresa barruko terminologia gehituz, esate baterako.

Gaur egun, zortzi hizkuntza-parerekin lan egiten dute. Sistema gai da, besteak beste, MS-Office, XML eta PDF formatuetako dokumentu osoak eta baita web orriak ere itzultzeko. Web zerbitzu batekiko interfaze bat ere bada, sistemei itzulpen automatikoa erabiltzea ahalbidetzen diena. Sistema horiek, hala nola ibilgailuen diagnostikoak, hainbat hizkuntzatako oso datu kopurua handiak erabiltzen dituzte

Itzulpen automatikoaren lan egiteko eta emaitzak ekoizteko lastertasuna abantaila handia da. Jakina, gauza bat da lastertasuna eta beste bat itzulpenaren kalitatea; biak izan behar dira kontuan. Lortzen den lastertasuna eskuz egindakoaren aldean askoz handiagoa da eta hori garrantzitsua da hizkuntza anitzetako komunikazioan. Itzulpen gordina lehenbailehen lortzea oso beharrezkoa da, erabakiak hartzeko prozesuak bizkortzeko. Itzulpen automatikoaren kalitatea gehienetan gizakiak egindakoa baino txarragoa izan arren, sarri nahikoa izaten da neurri jakin batzuk hartzeko. Itzulpenaren kalitatea egokia ez denean, hobetu daiteke, jatorrizko testua itzulpena egin aurretik editatuz eta, ondoren, emaitza ere editatuz.

Dena den, Volkswagen bezalako enpresa handi batean, era askotako eta hizkuntza asko egiten dituzten pertsonak parte hartzen dutelarik, beharrezkoa da, beste ezer baino lehen, komunikazio-kontzeptu bat finkatzea, itzulpen automatikoaren abantailez eta desabantailez partaide guztiak jabetu daitezen. Itzulpenaren arduradunek jakin behar dute zer egiten duen bereziki ongi itzulpen automatikoak eta zer baldintza behar diren funtzionamendua egokia izan dadin.  Bestela, gerta daiteke sistemaren aurkako jarrerak agertzea. Edonola ere, mundu guztia pozik izatea ezinezkoa da. Nahi litzatekeen guztia ezin da lortu, formatu guztiak eta hizkuntza pare guztiak kalitate maila berberaz erabili ahal izatea ere ez. Batetik, teknikoki ez delako posible eta, bestetik, posible litzatekeen kasu batzuetan, kostua handiegia litzatekeelako, onuraren aldean. Garbi izan behar da itzulpen automatikoa inoiz ez dela izango arazo guztien mirakuluzko soluzioa, eta beti beharko duela terminologiako eta hizkuntzaren prozesamenduko espezialisten laguntza.

Hainbat arlotako terminologia etengabe gehitzea ezinbestekoa da, hain zuzen, kalitatea hobetuz joateko.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak