Gauzen Internet industrialaren bost aplikazio nagusiak

Iturria: Raconteur

Gauzen Interneten hazkundea arras ari da aldatzen kontsumitzaileek beren autoekin, etxeekin eta tresnekin interakzioan jarduteko duten era, baina are eragin handiagoa du bigarren iraultza digitala deritzonak industrian. Ikaskuntza automatikoa, makinen arteko komunikazioa, adimen artifiziala eta abar efizientzia eta produktibitatea handitzen ari dira industrian, Interneten gauzen bitartez. 


Kontsumitzaileari zuzenduriko gauzen Interneten arloko soluzioak nagusi izan diren arren azken urteotan, enpresa handiak hasi dira Gauzen Internet Industriala (GII) masiboki erabiltzen, kostuak murrizteko eta lehiakortasuna handitzeko aukerak ikusita, eta etorkizun hurbilean teknologia horien erabilera areagotu egingo dela espero da.

Adimendun hautsa

 
Hondar-ale
baten tamainako sentsoreak, edozer gauza
detektatzeko gai izango zirenak (hasi substantzia kimikoetatik eta bibrazioetaraino) egingo zirela 1990eko hamarkadaren hasieran hasi ziren pentsatzen, baina aurrerapen handirik ez zen egin hurrengo urteetan. Alabaina, teknologia berri horrekiko interesa handitu egin da berrikitan. Adimendun hautsa deitzen hasi zaio sentsore ñimiño horien multzoari.

Hainbat aplikazio izan ditzakete sentsoreok: petrolio bila dabiltzan konpainiek barreia lezakete adimendun hautsa, harrien mugimenduak behatzeko, edo lantegi bateko ekipamendua horni liteke sentsore txikiz, aldaketak eta arazoak detektatzeko. Oraindik, ordea, adimendun hautsa osatuko luketen sentsore txiki-txiki horiek ez daude eskuragarri, miniaturizazioa ez delako hainbesteraino iristen, eta inbertsio handiak behar direlako kopuru handitan ekoizteko.


Hala ere, poliki baina eten gabe merketzen ari da haiek fabrikatzea, beraz, luzaro gabe, hauts adimendunezko milaka milioi zatikik beteko dute mundua.

Dronak

Piloturik gabeko aireko edo dronek aplikazio asko dituzte. Etorkizun hurbilean, makina horiek GIIko eginkizun askotan erabiliko dira, dela sentsore gisa lan eginez, dela sentsoreen eta datuak biltzeko puntuen arteko konexioa ahalbidetuz. Eraikuntzako enpresek erabil ditzakete lanak ikuskatzeko, eta, haietan bildutako datuak softwarean kargatuz,
egiaztatzeko lanak aurreikusitako planaren arabera gauzatzen ari diren. 

Nekazaritzan

GIIko proiektuen bidez nekazariek beren landetxeetan sorturiko datu kopuru handiak erabil ditzakete. Denbora errealean lurrari, eguraldiari, airearen kalitateari eta hidratazio mailari buruzko datuak ezagutzeak uztak biltzeko edo landatzeko erabakiak hartzen lagunduko die laborariei.

Industria aeroespazialean
Lantegietan sartu dituzte batez ere GIIko soluzioak konpainia aeroespazialek, tresnen eta piezen jarraipenerako, eta batzuek hegazkinen barruan ere hasi dira gero eta gehiago horrelako sistemak erabiltzen. Hegazkin batek mantentze-arazoak noiz izango dituen jakinez gero, matxuraren bat gertatu baino lehen, lan eta diru asko aurrez daiteke, eta segurtasuna areagotu.

Energia-sareetan


Telebistako programa arrakastatsuak emititzen ari direnean edo eguraldiagatik energia-kontsumoaren gorakada handiak daudenean, energia arloko enpresek arazo handiak izaten dituzte. Energia-eskakizunaren kudeaketa egokia lor daiteke GIIaren bitartez, eta horrela zentraletan eta sareetan gutxiago inbertitu beharko da. Gure artean instalatzen ari diren kontagailu adimendunak horren adibide dira.
  

Orain instalatzen diren oliobideak eta gasbideak sentsorez hornitzen dira, isuriak detektatzen eta mantentze-lantaldeei abisatzen dietenak.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak