Houellebecq kasua. Wikipedia,Creative Commons eta Copyright
Michel Houellebecq
Michel Thomas, izengoitiz Michel Houellebecq, idazle frantses ospetsu bat da. 2010. urteko Goncourt saria irabazi zuen, Flamarion argitaletxean 2010eko irailaren 4an argitaratu zuen La Carte et le territoire eleberriagatik.Eleberri horrek Jed Martin artistaren bizitza eta lana deskribatzen ditu.
Houellebecq-ek ohikoa du bere eleberrietan kontzeptuez, hiriez, etab. pasarte luzeak sartzea. Hain zuzen, La Carte et le territoire eleberriaren era horretako zenbait pasartek Wikipediatik hartua dirudi.
Jakina denez, Wikipediak erabiltzen duen Creative Commons lizentziak dituen eskakizunak honako hauek dira: horko edukiak erabiltzen dituenak jatorrizkoaren egilea nor den aitortzea, eta, eskakizun berberak betez gero, lan eratorriak egin ahal izatea eta baita horien ustiapen komertziala egitea ere.
Houellebecq-ek Wikipediatik hartuak baldin balitu pasarte batzuk eta ez balu jatorria aitortu Creative Commons lizentzia urratua izango luke. Gehiago oraindik Houellebecq-en obra osoa Creative Commons lizentziapean geratuko litzateke; orixe gertatu dela interpretatu du behintzat Florent Gallaire eduki digitaletan espezializaturiko legelariak, obra hori ikuspegi juridikotik aztertu ondoren eta erabaki du bere blogean jartzea doan jaisteko, Creative Commons lizentziapean. Baina mundu guztiak ez du berdin interpretatzen legea. Egilearen Flamarion editoreak auzitara joko duela iragarri du.
Lege-kontuetan aditua izan gabe ere, nik uste dut Gallairerenak sarerik gabeko zubijauziaren itxura duela.
Comments
Post a Comment