Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?

Iturri nagusia: The University of British Columbia

Galdera horri erantzuten saiatu dira Kanadako Columbia Britainiarreko Unibertsitateko Basogintza Saileko Gary Bull eta John Worral doktoreak, ikerlan baten bitartez. Haiek eskainitako informazioa dakarkit hona, batez ere hondakinak eliminatzeko eztabaidetan erabili behar diren arrazoibideen adibide gisa.

Galdera horri erantzuteko zehaztu behar da beste zerekin konparatzen dugun. Aukera bakarrak ez dira birziklatzea ala zabortegira botatzea. Horietaz gain, zabortegira eramatea metanoa eskuratuz, erraustea eta kogenerazioa dira beste aukera batzuk. Zabortegietan lorturiko metanoa energia-iturri gisa erabil daiteke, aldi berean CO2ak baino 23 bider berotegi-efektu handiagoa duen gas hori atmosferara isurtzea eragotziz. Erraustea, hau da tenperatura handian erretzea, elektrizitatea sortuz, nahiko arrunta bihurtzen ari da, lurraldea erabiltzeko lehia eta zabortegiek ingurumenean duten inpaktuaren kezka handitu ahala. Kogenerazioan papera erre daiteke, elektrizitatea eta bero erabilgarria lortzeko. Papera birziklatzen bada, berriz, basoak soiltzea gutxitzen da edo papergintzan erabiliko ez den egurra energia lortzeko erabil daiteke, basoa ustiatuz, noski. Metodo horiek konbinaturik ere erabil daitezke.

Konparazio egokiak egiteko, beharrezkoa da ingurumen-inpaktuaren adierazle batzuk zehaztea eta erabiltzea.

Faktoreak banan bana aztertzea komeni da.


Energiaren ikuspegia

Birziklatzearen eraginkortasuna neurtzeko irizpide garrrantzitsuenetako bat energiaren kontsumoa gutxitzeko gaitasuna da, bai hondakinen garraio-kostuak mugatzearen aldetik eta bai aldez aurretik prozesaturiko lehengaia erabiltzearen aldetik,
produktu bukatua lortzeko. Alabaina, irizpide hori ez da nahikoa.

Zaborrak kudeatzeko hainbat sistema daude, energia ekoizteko gai direnak.   Esate baterako, elektrizitatea ekoizten duten erraustegiak. Europako hainbat herrialdetan zabaldurik dauden instalazio horiek zaborrak erretzeak sortzen duen beroa ura lurruntzeko eta lurrun horrekin turbinei eraginez elektrizitatea ekoizteko erabiltzen dute. Zentral horiek erregai fosilak erretzen dituzten zentral termikoek baino berotegi-efektuko gas gutxiago eta errauts arin gutxiago isurtzen dituzte, eta, partez, berriztagarriak diren erregaiak erabiltzen dituzte (hala nola papera). Energia-balantzearen ikuspegitik, ordea, oso eskasak dira, errausketa bidez berreskuratzen den energia paper berria ekoizteko behar dena baino hamar bider txikiagoa baita. Energia ekoizteko plantak baino gehiago zaborrak eliminatzekoak dira, eta energia elektrikoa ekoiztea bigarren mailakoa da. Ikatza erretzen duen zentral termiko batek erregaian dagoen energiaren % 35 aprobetxatzen du, gasa erretzen duen batek % 45 eta erraustegi batek % 25 bakarrik. Errendimendu hori hobetzekotan erre beharreko zaborrak sailkatu egin beharko lirateke eta bakoitzarentzako errauskailu berezi bat erabili, baina hori konplikatuegia litzateke.


Garraioa eta energia

Paper-hondakinak zabortegira, errauskailura nahiz birziklatzera eraman behar izan, garraioa ezinbestekoa da. Garraioaren kostua txikia da prozesatzearenaren aldean, metodoa gorabehera.


Metano-isurketak eta energia


Zabortegietako baldintza anaerobikoetan, hau da, oxigenorik gabekoetan, mikroorganismoek zaborrak deskonposatzen dituzte eta zabortegi-gasa sortzen dute. Zabortegi-gasa batez ere metanoaren eta karbono dioxidoaren nahastea da, hidrogeno pixka batekin eta batzuetan hidrogeno sulfuro zertxobaitekin.

Zabortegi-gasa biltzeko, zabortegiak lur geruza batez estalia egon behar du, eta putzu batzuk, hustubide bat eta haizagailu bat
izan behar ditu. Sistema horrek gasa tratamendu-instalazio batera eramaten du eta gero elektrizitatea edo beroa (berotegietarako adibidez) ekoizteko erabiltzen da. Deskonposatzen dena papera denean, tona bat paperek 90.000 kg metano sortzen ditu.

Birziklatzearen mugak


Erabilitako paper birziklatua birzikla daiteke berriz, baina ziklo hori ezin da nahi adina bider errepikatu, zuntzak moztuz joaten direlako. Gehienez ere zazpi bider birzikla daiteke papera. Muga hori iristen denean, ezin da gehiago birziklatu, eta geratzen diren aukerak zabortegira eramatea edo erraustea dira. Erretzea aukeratuz gero, lekurik egokiena paper-fabrika da, instalazio egokia baldin badu, han energia eta beroa behar direlako.

Ondorioak energiaren ikuspegitik


Energiaren ikuspegitik, paper hondakinak kudeatzeko sistemarik onena birziklatzea da, hurrengo onena kogeneraziorako erretzea, gehiago birzikla ez daitekeenean, eta kontserbatzen den egurra biomasazko kogeneraziorako erabiltzea. Azken aukera gehigarri hori erabiliko ez balitz ere, birziklatzea eta ondoren paper-hondakinak kogenerazioan erabiltzea da, energiaren ikuspegitik, egokiena. Txarrena, noski, zabortegira botatzea da. Hori bai, birziklatzeak gaikako bilketa eskatzen du.


Ingurumen-inpaktuaren faktore bakarra ez den arren, energia da, jarduera batek ingurumena asaldatzearen aldetik, faktore nagusia. Beraz, papera birziklatzeak abantaila handia du beste soluzioen aldean.

Berotegi-efektuko gasen ikuspegia
Klima-aldaketaren mehatxua oso kezkagarria da, eta fenomeno horren eragilerik garrantzitsuenak paperaren bizi-zikloan berotegi-efektuko gasak dira, batez ere karbono dioxidoa (CO2) eta metanoa (CH4).

Papera egiteko gehienetan erabiltzen den lehengaia basotik ateratzen den egurra da. Beraz, inportantea da aztertzea zer gertatzen den karbonoarekin basoetan. Beste alde batetik, paperaren ekoizpenean sortzen den karbono dioxido gehiena prozesuan behar den energia, batez ere energia elektrikoa,
lortzekoan sortzen da.  Paper-fabrikek makineria mugitzeko eta zelulosa nahiz papera lehortzeko behar den beroa lortzeko erabiltzen dute energia elektrikoa. 

Paper-industrien europar konfederazioak dioenez, pasta eta papera ekoizten duen industriak erabiltzen dituen energia primarioak honela banatzen dira:


Energia horiek erabiltzen direnean papera ekoizteko, isurtzen den berotegi-gasen kopurua desberdina da energia-iturrien arabera. Ikatza erabiltzen denean 97 kg CO2 isurtzen dira gigajouleko (Gj), petrolioarekin 83 kg/Gj eta gas naturalarekin 67 kg/Gj. Orotara, ekoizten den tona papereko 800-900 kg CO2 isur daitezke.

Berotegi-gasen isurketak murrizteko bideak

Papera birziklatzen bada, karbono dioxido gutxiago isurtzen da, 400-500 kg, ekoitzitako tona papereko. Birziklatu ordez zabortegira eramaten bada, paperak 90 kg metano isurtzen ditu deskonposatzen denean. Hori zuzenean atmosferara askatzen bada, eragiten duen berotegi efektua 1.900 kg
CO2k eragingo luketenaren parekoa da. Zabortegian sortzen den metanoa askatu ordez jasotzen bada ere, gutxienez %9 inguru atmosferara joaten da. Zabortegian deskonposatzen ari den paperak behinola atmosferan zegoen CO2aren parte bat "bahituta" dauka, beraz, neurri batean atmosferari lagundu egiten dio gas horren edukia ez handitzen.

Metanoa erre egiten da, energia elektrikoa edo beroa sortzeko, karbono dioxidoa isuriz noski, baina erregai fosilak errez sortzea baino hobea da hori, basoak atmosferako karbono-zikloan jasotakoa delako.
Zabortegiko metanoa jasoz lortzen den b
erotegi-gasen murrizketa
handixeagoa da birziklatuz lortzen dena baino. Sei birziklatze-aldi behar dira birziklatuz, metanoa jasoz adinako murrizketa lortzeko. Birziklatu ezean, zabortegiko metanoa jasotzea da soluziorik onena.
Hobea da birziklatzea eta kogenerazioa konbinatzea eta egur-hondakinak ere kogenerazioan erabiltzea, baina kogenerazioan sortzen den bero guztia aprobetxatzeko gaitasuna izanez gero bakarrik, zeren bestela bero-energiaren soberakina galdu egiten da eta poluzio termikoa eragiten da alferrik.


Hoberena, berriz, da ahalik eta birziklatze-aldi gehienak egitea, horrekin kontserbatzen den egurra energia lortzeko erabiltzea, eta zuntza, papera egiteko gehiegi hondatzen denean, energia lortzeko erabiltzea.
Ondorioak
Energia-kontsumoa eta berotegi-gasen isurketa dira kontuan izan beharreko faktore nagusiak, nahiz eta beste faktore batzuk ere badauden, hala nola: poluzio termikoa, zatikien isurketa, hondakin kimikoak, inguruko biztanleriari eragiten zaizkion arazoak eta beste zenbait.

Bi faktore nagusi horiek elkarren kontrakoak dira: energiak ekoizpena ahalbidetzen du eta berotegi-gasek kutsadura eragiten dute. Papergintzan, birziklatzeak energia aurreztea dakar eta berotegi-gasen isurketa murriztea, baina ez beti.

Birziklatzea soilik baino askoz onuragarriagoa da birziklatzea
konbinatzea hondakinak kudeatzeko beste aukera batzuekin. Kontua da paper-zuntzetik ahalik eta onura gehiena ateratzea, produktuaren bizi-zikloaren garai egokian kudeatzeko aukera hoberena erabiliz. Oro har birziklatzeari garrantzi handia ematea egokiena da, onurarik gehiena ateratzeko, baina zuntza asko andeatzen denean, benetako hondakina bihurtzeraino, beste aukerak ere kontuan izan behar dira. Bitartean, papera ez da benetako hondakina, aprobetxatu beharreko baliabidea baizik.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak