Nolakoak izango dira etorkizuneko lanpostuak?

Hasi gara gidaririk gabeko autoak ikusten. Egunen batean kamioi-gidariak lanik gabe geratuko ote dira? Galde-erantzunak trebeki erantzuten dituzten ordenagailuek ordezkatuko ote dituzte bezeroen kontsultak erantzuten jarduten duten zerbitzuetako langileak? Biltegizainik gabeko biltegi automatizatuak ote datoz?

Industria-iraultzaren hasieran ere antzeko kezkak zituzten. Beldur ziren lurrun-makinek gizakiei lana kenduko ote zieten. Gerora ikusi da ez zela hori gertatu. Hala ere, horrek ez du esan nahi goiko galdera horiek zentzurik ez dutenik gaur egun. Izan ere, makinek badituzte trebetasun batzuk, orain arte gizakiak bakarrik zituenak: ulertzeko, hitz egiteko, entzuteko, ikusteko, idazteko eta are ikasteko gai dira. Beraz ez litzateke hain harritzekoa lanpostu batzuetan robotek gizakiak ordezkatzea. Eta, horren ondorioak txarrak ala onak izango dira? Beti bezala denetik izango da.

Lan gogor asko makinek egingo dituzte, produktuak ekoizteko kostua txikiagoa izango da etta hori ez da txarra izango, baina erronka galantak ere badatoz. Handienetako bat, zalantzarik gabe, gizarte-desberdintasunak handitzeko joera. Oraintsu arte bizi izan dugun gizartean, ikasketak, trebakuntza maila, jakintza berritzeko ahalegina, hizkuntzak jakitea, teknologiak menderatzea, etab. abantailak ziren baina eragiten ziztuzten desberdintasunak erdiko klasekoen artekoak ziren. Guztiek zituzten lan-kontratu iraunkorrak eta lanaldi osokoak. Automatizazioa eta digitalizazioa zabaldu ahala, ordea, aipaturiko abantaila horiek dituztenek errazago mantentzen dute bizimaila besteek baino. Gainera bizimaila ez mantentzeak, kasu askotan, familia barruko arazoak, osasuna galtzea, bazterketa, etxegabetzea eta hainbat kalte eragiten ditu.


Oraingo martxan gure ekonomian gero eta pisu handiagoa izango du teknologiak eta txikiagoa eskulanak. Ezinbestekoa izango da gero eta jende gehiagok diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzea. Gazteek garbi izan behar dute ikasketetan saiatzea ez dela gustu kontua eta ez dela inoiz amaitzen. Ikastetxeek, berriz, ez dituzte prestatu beharko
gehiago ikasleak  izango ez diren lanbideetarako.

Mundu berri hori dakarkiten teknologiak honako hauek dira oraintxe bertan:

Robotak

Hainbat arlotan ari dira sartzen: produkzio industrialean, medikuntzan, biltegietan, etab.


Tren-gurpilak muntatzen dituen robot bat.


 Ebakuntzetan erabiltzen den DaVinci robota.


Robotak biltegi batean

Algoritmo informatizatuak

Lehen gizakiek egiten zituzten eragiketa batzuk gaur egun ordenagailuek egiten dituzte automatikoki. Esate baterako burtsako artekariek eskuz egiten zituzten salerosketak orain ordenagailuek egiten dituzte, iristen zaizkien merkatuko datuen arabera. Eginkizun horiek algoritmo bidez gauzatzen dira.


Beste adibide bat sistema dinamikoen monitorizazioarena da. Hegazkinen eta aerosorgailuen hegoetan, makinen motorretan, etab. sortzen diren bibrazioak sentsore bidez jasotzen dira, algoritmo batek aztertzen ditu eta sistema mekanikoak mantentze-lanik behar duen erabakitzen du.


Adimen artifiziala


Giza portaera kopiatzeko gai diren programa informatikoak dira hauek. Hainbat dira aplikazioak: gidaririk gabeko ibilgailuak, diagnostiko medikoak, Interneteko bilatzaileak, hizketaren interpretazioa, spam-irazkiak, etab.

Errealitate areagotua
Kamera baten bitartez ikusten den zerbaiten irudiari, teknologia bidez, informazio digitala gainjartzen zaio, errealitateaz dugun hautematea hobetzeko. Ondoko bideoan ikus daiteke nola laguntzen dion errealitate areagotuak mekanikari bati auto bat konpontzen.


Osasunaren monitorizazioa 

Badira sentsore batzuk bizi-konstanteak jasotzen dituztenak eta medikuei bidaltzen dizkietenak. Esate baterako, bihotzeko gaixotasunak dituzten pazienteen presio arteriala, odolaren oxigenazio maila eta bihotz-taupaden maiztasuna jasotzen duten monitoreek medikuei bidaltzen dizkiete datu horiek,  tratamendua egokitu dezaten informazioa iritsi ahala.


Makinen arteko komunikazioa

Hiru osagai mota erabiltzen dira makinen arteko komunikazioan: sistema bateko parametroak jasotzen edo neurtzen dituzten sentsoreak, komunikazio sareak, batez ere Internet, datuak transmititzeko, eta ordenagailuak, software egokiarekin informazio hori prozesatu eta sistemetan giza partehartzerik gabe zerbait egiteko.

Esate baterako, elektrizitate-, gas- eta ur-konpainiek makinen arteko komunikazioa erabiltzen dute, beren instalazioetan dituzten sentsoreek emariaz, presioaz, tenperaturaz, korronte-intentsitateaz, etab. biltzen duten informazioa, kablerik gabeko komunikazioak erabiliz, ordenagailu batera informazioa bidali eta, hark informazio hori prozesatu ostean, instalazioetako parametroak doitzeko.

Beste hainbat jardueratan ere erabiltzen da makinen arteko komunikazioa: trafikoaren kontrolean, telemedikuntzan, biltegietako izakinen kontrolean, ibilgailu-floten kontrolean, etab.


3D inprimaketa

Materiala geruzaz geruza gainjarriz hiru dimentsioko objektuak ekoiztean datza 3D inprimaketa edo gehikuntzazko fabrikazioa esaten zaiona.
Prozesuaren abiapuntua ekoitzi nahi den objektuaren eredu digital bat egitea da. Horren ondoren, eredu digital hori software batek  geruza mehez osaturiko multzo bihurtzen du, eta 3D inprimagailu batentzako aginduak prestatzen ditu.

 

Zer eragin izango du horrek guztiak enpleguan?
Teknologia produktibitatea handitzen ari da, eta horrekin ekonomia hazten baina jende asko ez da ari hobekuntzarik izaten hazkunde horrekin, eta gizartean desberdintasunak handitzen ari dira. Teknologiaren erruz ari ote da gertatzen hori guztia? Ekonomian beste faktore askok dute eragina, hala nola globalizazioak eta krisialdi finantzarioak baina badirudi ukaezina dela teknologia berrien eragina ere. Badirudi behe mailako lanpostu gehiago galtzen direla sortzen diren goimailakoak baino.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak