Testuliburuen argitaletxeak eta eduki aberatsak

Keith Hampson, irakasle kanadarraren artikulu batetik harturiko zenbait ideia:

Testuliburuen industriak hainbat erronka ditu: legeriaren aldaketak, produktuak egokitzeak dakartzan kostu handiagoak, pirateria eta abar. Mehatxurik handiena, hala ere, ordezko produktuak agertzeak dakar – ekonomialarien hizkera erabiliz. Gero eta gehiago, ikastetxeetako irakasleek webean aurkitzen duten dohanikako materialera jotzen dute testuliburuen osagarri gisa, eta batzuetan baita haiek ordezkatzeko ere.
Testuliburuen argitalpenaren panorama aldatu egin da, eta ez da errazagoa izango etorkizuna argitaletxe tradizionalentzat. Alabaina, industriak berreskura dezake hamarkadatan zehar hezkuntzan hain presentzia indartsua eman zion abantaila. Hori lortzeko, argitaletxeek erabaki beharra dute nola – merkatuaren baldintza berriak kontuan izanda – beren gaitasunek, markak eta azpiegiturak eman diezaieketen abantaila, merkatuan izango duten posizio berriak hezkuntzako merkatu berriaren beharrei erantzutea bermatzeko.
Hona zein izan den industria horri arrakasta eman diona: eredu industriala gai izan da curriculumerako materialak beste bide batetik baino prezio merkeagotan ekoizteko. Ezaugarri horixe, ekoizteko eta banatzeko eredu industriala da, hain zuzen ere, argitaletxeei etorkizunean lehiakortasuna izateko oinarria emango diena.
Argitalpen-mundutik kanpo, hezkuntzarako baliagarria izan daitekeen materiala artisau moduan sortzen da. Gehienetan irakasle batzuek bakarka sortzen dute. Ikastetxe jakin bateko ikasmaila jakin batean erabiltzeko sortua izaten da. Produktua ez zaie saltzen antzeko ikastaroak ematen dituzten beste ikastetxe batzuei.
Era horretan materiala sortzeko inbertsio handirik ezin da egin. Eskalako ekonomiarik gabe, inbertsioak oso murritzak izan daitezke.
Artisau moduan eskain ez daitekeen eta gero eta gehiago eskatuko den ikasmateriala, eduki aberatsa da, esan nahi baita balio handiko audioa, bideoa, animazioak, hezkuntzarako jokoak eta antzekoak. Material aberats horiek sortzeak bi gauza behar ditu: (1) inbertsio aski handiak, eredu sostengagarri baten barruan eta (2) hainbat arlotako profesionalen talentua. Bestela esanda, eredu industriala.
Argitaletxeak ohartu behar dira uraren maila igotzen ari dela; testu hutsezko oinarrizko materiala gero eta eskuragarriago dago beste bide batzuetatik. Eduki horiek sortzeko, banatzeko, aurkitzeko eta kudeatzeko tresnak laster ari dira hobetzen. Gero eta eduki gehiago lor daiteke doan. Hala ere, argitaletxeen inbertsio gehienak testuan oinarrituriko edukietara zuzentzen dira, direla inprimatuak edo digitalak – lehiakideek erraztasunak dituzten edukietara, hain zuzen.
Eduki aberatsetan zentratuz gero, lidergoa eman zien esentziara itzuliko dira argitaletxeak, alegia, bestela beren bezeroek lortu izango ez dituzten produktuak eskaintzera. Eta hori eginez, merkatua hazten ari den arlorantz mugituko dira. Datozen hiruzpalau urtetan, eduki aberatsen eskaria laster haziko baita.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak