Publication Standards Project egitasmoa: manifestu bat ebooken arloko estandarizazioaren alde

Artikulu luze honen egilea Nick Disabato da, Chicagoko diseinatzaile eta editorea. Jatorrizko bertsioa A List Apart blogean aurkitzen da. Hona hemen, euskaraturik, bi atal dituen artikulu mamitsua:

1. atala

Teknikoki guk guztiok argitalpen arloan lan egiten dugunez, badu zentzua kolektibo gisa ebooken erronka tekniko eta logistikoetan arreta jartzeak. Horiek muga berri bat dira, baina webaren muga zaharraren antz handia du, HTML, CSS eta XML direlarik ebooen ePub estandar nagusiaren euskarriak. 

Badira desberdintasun nabarmenak ebookak argitaratzeak gaur egun dituen arazoen eta webeko estandarren mugimenduak aurkitu zituenen artean. Industria jakin batean etena eragiteko asmorik gabe sortu zen amarauna; ez zuen aurrekaririk, ez antzekorik. Lehian ari dira irakurketa digitala eta irakurtzeko era berri honek dakarrenarekin beldurturik dagoen industria handi, ahaltsu bat—aktiboki estandar irekien aurka diharduena edo haiei ez ikusiarena egiten ari dena

Gaur egun, oso baliabide urriak daude ePub dokumentuak paratzen ikasteko—ePub estandarraren azken bertsioa ez dago erabat inplementaturik inolako irakurgailu modernotan. Eta irakurketa digitalerako plataforma ezagunenek oraindik DRMz oztopatzen dute beren lana, eta horrek salmentak kaltetzen ditu eta epe luzean artxibatzea eragozten du. 

Mundu guztiak nozitzen du gaur egungo sistema. Argitaletxeek ez dute diru askorik egingo, pirateriaren erruz, kontsumitzaileek zapuztua ikusten dute irakurri nahi luketen moduan irakurtzea, eta idazleek dirua eta ezagunak izatea galtzen dituzte. Horrek desanimatu egiten du kalitatezko formatu luzeko idazketa, aurrerapen teknologikoa kaltetzen du eta gure jakintza ondorengo belaunaldientzat giltzapean ezkutaturik uzten du. Argi dago zerbait hoberen beharra dugula—baina aurrera egiteko, gogoratu behar dugu nondik gatozen. 

Eginkizunak 

Argitalpenak generalean nola funtzionatzen duen jakitea da garrantzitsua. Amaraunak modu batean baino gehiagotan izan du eragina, baina argitalpen-industriak animalia astuna izaten jarraitzen du, prozesuaren urrats bakoitzean ehunka milaka pertsona enplegatzen dituena. Idazleek produktu ona egin nahi dute, ahalik eta irakurle gehienengana iritsi nahi dute, eta beren denbora eta esfortzua ordain diezaieten nahi dute. Argitaletxeek idazleen lana editatzen lagundu ohi dute eta banaketa erabiltzen dute, idazleak irakurleekin harremanetan jartzeko. Irakurleek idatzitakoa kontsumitzen dute, noski. Ongi idatzitako gauzak aurkitu nahi dituzte, eta komeni zaien moduan irakurri nahi dute—dela liburu fisikoetan, beren smartphonean, edo irakurgailu bat erabiliz—eta eskuragarritasuna eta erabilera erosoa nahi dituzte. Geure buruari zor diogu gaur egungo panorama ulertzea. 

IRAKURLEAK 

Irakurketaren berpizkundea gure aurreikuspenak aldatzen ari da. Cameron Koczon-ek esan zuen edukia testuingurutik libratzen ari dela, irakurleei ahalmena ematen, komeni zaien moduan jokatzeko. Guk artikuluak Instapaper web zerbitzura igotzen eta Readability aplikazioan sartzen ditugu; paperezko nahiz Kindlerako liburuak erosten ditugu, "inprimatuaren ikuspegia" aukeratzen dugu, artikuluak hogeita hamar orrialde soltetan irakurri beharrik ez izateko. 

Sarri irakurtzeak solasaldia ere izaten du berarekin. Tuiteatu egiten dugu gustukoa dugun idazkiaz. Pasarte interesgarriak nabarmentzen ditugu eta gure adiskideekin partekatzen ditugu. Partekatu nahi dugunaren aipuak egiten ditugu eta blogean jartzen ditugu.

Irakurketan gertatzen ari den eztandak, eta norberak nahi duen eran irakurtzeko askatasunak periodikoen argitaratzaileak dardarka jartzen ditu, beren irabazpide nagusia den publizitateaz kezkaturik baitaude. Inoiz baino areago, idazten dena opari egiten da: konta ezin ahala ordainpeko aldizkarik jartzen dituzte beren testu osoak sarean, eta beste argitalpen asko guztiz saihesten ari dira 
inprimatua banatzea. Horregatik, hainbeste saltoki ez dira kobratzen ari, eta, sarri, batzuek besteetara estekak jartzen dituzte, aipu handirik egin gabe, irakurleak gero eta gogo gutxiago izango dute idatzitakoagatik ordaintzeko, baldin eta antzeko lana beste nonbait lor badezakete, eta idazleei gutxiago ordainduko diete. Inflazioa kontuan izanez gero, Writer's Market urtekariko orduko eta artikuluko ordainsariak batez beste %81,3 jaitsi dira 1991tik hona. Horrek eragina du argitaratzen diren idatzien izaeran—eta eragina du argitaratzaileengan, uzkur baitira RSS jario osoak sareratzeko. Horren ordez, beren publizitatez jositako web orrietarako esteka bat jartzen dute laburpenean. Idazleak, argitaratzaileak eta irakurleak begizta itxi batean sarturik daude—eta talde baten estandarrek sufritzen dutenean, beste biak ere gainbehera doaz. 

ARGITARATZAILEAK

Argitalpen-industria oso handia da, eta ez dago artikulurik haren laburpena egingo duenik, baina, dugun helbururako, esan dezagun zenbait eginkizun nagusi dituela: 
  • Talentua eskuratzea idazlegaienganaino iristen da, haiek argitaratzeko idaztera animatzen ditu. 
  • Argitaletxeak lankidetza estuan jarduten du autoreekin, idatzitakoa ahalik eta onena izan dadin bermatzeko. 
  • Maketatzaileek eta diseinatzaileek liburuen azalak sortzen dituzte eta letra-tipoak aukeratzen dituzte.
  • Marketin sailak liburua autorearentzat sustatzen du. 
  • Banaketak bermatzen du titulua tamaina guztietako liburu-dendetan agertzea.
  • Bezeroa artatzeko sailek bezeroen datuak metatzen dituzte eta harpidetza bidezko aldizkarien banaketa kudeatzen dute.
Exekutiboek prozesua kudeatzen dute. Inprentek liburuak gauzatzen dituzte. Liburu-dendek idatzitakoa irakurleei eskura jartzen diete eta argitalpen-industriaren aurpegi publiko gisa jokatzen dute. Eta, horretan guztian, tartean dira liburu horiek egiteko lehengaiak diren papera, koadernatzeko ehuna, kola eta tinta hornitzen dituztenen katea, eta inprentek, koadernatze-lantegiek eta biltegiek osatzen duten kateak liburuak gauzatzen,biltegiratzen eta munduan barrena igortzen dituzte.

Internetek eten egin ditu argitalpen-industriaren instituzioak. “Sei argitaletxe handiak” (Hachette, Macmillan, Penguin Group, HarperCollins, Random House, eta Simon & Schuster) beren ondasunak babesten ari dira, autoreei ordainsariak jaitsiz, ebooken prezioei buruzko negoziazio tirabiratsuekin, pirateriarekiko beldurrez eta autoargitalpenaren hazkundearekin. Gastu orokor handiei aurre egin behar dietenez, diru-sarrera handiagoak behar dituzte, oraintxe bertan izan ditzaketenak baino.

IDAZLEAK

Historikoki, idazleek beren eskuizkribuak hainbat argitaletxetara bidali izan dituzte eta aurrerakin bat jaso izan dute banaketa-eskubideen, edizioa kontrolatzearen eta jabego intelektualaren truke. Idazleek gutxi kontrolatzen dituzte maketa, diseinua, marketina edo banaketaren irismena. Argitaletxeek kudeatzen dituzte finantzak eta logistika autorearentzat, beraz, idazleak liburua idatz dezake interferentziarik gabe.

Idazleek argitalpen-industriara jo behar izaten zuten irakurleengana iristeko. Amaraunak hori aldatu egin zuen. Edonork argitara dezake blog bat doan. Eskatu ahalako zerbitzuek material inprimatua lortzea errazten dute. Newspaper Club moduko zerbitzuek periodikoak argitaratzea ahalbidetzen digute. Autoreek formatu luzeko saiakerak Kindle Single gisa argitaratzen dituzte, argitalpen-industriaren beharrik gabe. Autore askok burutik bururako bidea egin dute; beren proiektuak Kickstarter webgunearen bidez lortu dute finantzaketa eta banaketa. Frank Chimero diseinatzaileak 100.000 dolar baino gehiago lortu zituen bere liburua argitaratzeko; Kern and Burn-ek, Wax Magazine-k, eta Matter-ek proiektu arrakastatsuak izan dituzte. (Aitorpena: bi argitalpen-proiektu arrakastatsu kaleratu ditut Kickstarter-en, Cadence & Slang-en eta Distance-ren bidez,eta beste argitalpen-proiektu asko babestu ditut, Frank-ena eta Kern and Burn-ena barne.) Kickstarter, Square, Shopify, Fetch, Lulu, Blurb, eta beste tresna askori esker, inoiz ez da errazagoa izan autoedizioz egindako lanak irakurleen eskuetan jartzea, mozkinak lortuz. Tresna horiek guztiek zeharka argitalpen-industria tradizionala mehatxatzen dute.

Egizu-zuk-zeuk erako bultzada argitalpen-munduan sartzen ari da eta idazleak argitaratzaile bihurtzen ari dira; seguru egon daitezke zerbait handi egiten ari direla. Idazleek tresnak eta irakurleak badituztenez, argitaletxe tradizionalen behar gutxiago dute—eta inoiz argitaletxe tradizionalekin lan eginda lortuko zuten baino askoz diru gehiago irabaz dezakete. Argitalpen-industria tradizionalak, gero eta gehiago, 1990eko hamarkadan diskogintzak zuen tankera du.

Argitalpen-industria tradizionala, gero eta gehiago, beldur da dirua galduko duela.  Idazleak beren industria propioa eraikitzen ari dira. Mundu guztiak bere interesak ditu gogoan. Ikuspegi-talka horrek heredatu dugun panorama teknikoa ekarri digu. Baina mundu guztiak lortzen du nahi duena? Nola lortzen dugu onura dugunetik, eta zer egin dezakegu aurrerantzean? 

Ebookak: historia teknikoa

Michael Hart-ek sortu zuen lehen “ebooka” 1971n, Illinoisko Unibertsitateko zerbitzari batean sartzeko aukera izan eta Independentziaren Deklarazioa hitzez hitz transkribatu ondoren. Geroxeago, Gutenberg Proiektua sortu zuen, formatu luzeko testuen dohainikako biltegi publikoa. Gutenberg Proiektuak harrezkero jabari publikoko milaka eleberri digitalizatu eta banatu ditu, gehienetan testu hutsean, milioika irakurlerentzat. Teknologia sofistikatuago bihurtu ahala, ebookak eta haien inguruko arazoak ere konplikatu egin ziren. TeX, gaur egun matematika- eta zientzia-gaietako testuetan oso erabilia den argitalpen-estandar bat, sortu zuten 1978an. DocBook, XML lengoaian oinarrituriko eskema, batez ere idazketa teknikorako pentsatua, 1991n sortu zuten. 

Azken bi hamarkadetan, HTMLk eta CSSk nabigatzaileekin funtzionatu dute maketa hobetzeko, eta PDFk, Adobek 1993an garatu zuen estandarrak, askatasuna ekarri dio inprentarako diseinuari eta, gainera, segurtasuna areagotu du letra-tipo komertzialak eta dokumentu pribatuak babesteko.

ePub estandarrak, lehenbizikoz 2007an pentsatu zenak, HTML, CSS eta XMLren konbinazio bat erabiltzen du, Zip fitxategi batean bildua. ePub formatuak, ordea, HTMLren eta CSSren ezaugarri hoberenak aukeratzen ditu. ePub estandarraren azken bertsioa 3.0 deritzona da, 2011ko urrian argitaratua, eta HTML5ek eta CSS3-k osatzen dute—baina ez dago hori erabil dezakeen irakurgailurik oraintxe bertan. International Digital Publishing Forum-ek (IDPF) gobernatzen du haren inplementazioa. Applek, Amazonek, Adobek, Barnes & Noblek, Bowker-ek, AEBn ISBN sistema kontrolatzen duenak, eta beste askok IDPF ekonomikoki mantentzen duten kideak dira. Beste estandar ireki batzuek, hala nola HPub-ek eta Zhook-ek badirudi etorkizuna izan dezaketela, ePub baino errazago inplementatu ahal izan ohi dira, baina ez dute hainbat plataformatako irakurgailutan erabiltzeko aukera handirik. 

Amazonek, ebook-banatzaile handienak, gaur egun bere formatu itxi propioa, Mobipocket (edo laburturik Mobi) deritzona , erabiltzen du Kindlerako. Beste konpainia batek garatu zuen Mobipocket 2000n; Amazonek hari erosi zion 2005ean. (Adobek orduz gero inplementatu du InDesignen ePuberako esportazioa, nahiz eta haren etiketatzea ez den semantikoa, eta dezente garbitzea eskatzen duen, estandarrekin bat etortzeko.) Mobiren gaitasunak, neurri handi batean, zabalki inplementaturik dagoen ePub 2.0.1 estandarrarenen parekoak dira. Tresna asko daude Mobi eta ePub arteko bihurketak egiteko, baina diferentzia nabarmen bat dago: Kindle dendaren bitartez saltzen den oro enkriptatu eta DRMz babestu beharra dago. 

Amazonen Kindle dendaren bitartez liburu bat argitaratzeak liburua Kindleren edizio-tresnen bidez bihurtzea eskatzen du, eta horrek beste lan-prozesu bat eskatzen du—eta bi kopia aparte mantentzea.
 
Berrikitan, Applek iBooks Author izeneko programa bat atera zuen, edonori bere lana iBookstoren argitaratzea eta saltzea ahalbidetzen diona. iBooks Author-ek esportatzen duen formatua ePub3-ren antzekoa da, eta teknologia berberak erabili arren, ez dator bat ePub estandarrarekin. Eta eztabaida sortu zen iBooks Author softwarearen lizentziaren inguruan, autoreen eskubideak zalantzan jartzen baitziren, eta handik denbora gutxira Applek lizentziaren baldintzak berridatzi egin zituen. iBooks Author-ek ez du uzten inolako fitxategi motarik inportatzen, liburuak ez ditu esportatzen PDFn edo testu soilean baizik, eta iBookstorek DRMz babesten ditu erosten diren liburu guztiak, iBooken bidez editatuak izan ala ez izan.

ETIKETATZE SEMANTIKOA? BAI ZERA! 

Gaur egun, ez dago maketatzeko sofwarerik etiketatze semantiko zehatza esporta dezakeenik. Kodea norberak idaztea da dokumentu semantiko bat ePuben argitaratzeko modu bakarra. InDesignek eta Calibrek esportatzen dute ePubera, baina InDesignek estilo guztiak <span> etiketa gisa esportatzen ditu, eta Calibre oso zurruna da ePub fitxategia paketatzeko orduan. Jutoh tresnak InDesign fitxategiak hartu eta ePub dokumentu semantikoak sortzen ditu bezeroentzat—baina hori tresna egokiak ez edukitzeari jarritako erremedio eskasa da. ePub ez da gehiago erabiltzen, argitaletxeentzako eta idazle independenteentzako tresna onik ez dagoelako eskuragarri. Argitaletxeek formatuen sakabanatzeari erantzuteko zenbait modu dute: batzuek PDF, ePub edo Kindle edizio esklusibo bat ateratzen dute, formatu jakin bati erantzuteko, eta ez dute hainbatentzat izango litzatekeen diseinurik egiten. Beste batzuek, hala nola O’Reilly-k, hainbat bertsio konbinatzen dituzte, eta horrela irakurleek egokitu dezakete liburua, beren irakurketa-testuingurura. Baina plataforma jakin baterako gauzak egitea amaraunaren garapenean gaur egun dauden joeren muinaren aurka jokatzea da, hor testuinguru askotarako egokia den diseinua egiten saiatzen baikara. Bide luzea dugu oraindik egiteko, irakurgailuak eta argitaletxeak etiketatze semantikoa erabiltzen hasi baino lehen. 

LIBURUAREN PANORAMA HAUTSITA DAGO 

Ebookak sortzeko arau teknikoak zehazten aurrerapenak egin baditugu ere, argitalpen elektronikoak egiteko prozesuak hobekuntza sakonak behar ditu. Ez dago bide errazik semantika aldetik zuzena den ebook bat sortzeko; web garatzaileek lagundu lezakete horretan, nahiz eta askok ez dituzten ebookak sortzen. IDPF ePubentzako W3Cren baliokidea da, eta ordaintzen duten partaide asko dituen arren, haietako inori ez zaio eskatzen ePub estandarra errespetatzea bere lanean, eta horrek plataformen arteko sakabanaketa handi samarra sortzen du. Appleren iBooks Author formatuak multimedia funtzionalitatea duen ePuben bertsio aberastu bat esportatzen du; Amazonen Kindle formatuak, Mobipocketek, HTML eta CSS erabiltzen ditu, baina estandarra ePuben desberdin samarra da. 

Sakabanaketak kalte egiten die argitaletxeei,  zeren eta askok ez dute etiketatzea ezagutzen, garatzaile dedikatuak askotan garestiegiak dira beren proiektuetarako, eta argitalpen digitalen arloko sareko informazioa nahikoa urria da. Ez dago programatzaileentzako Stack Overflow galde-erantzunen webgunearen baliokiderik, ePuben arazoak konpontzeko; oraindik ez da erkidegorik eratu gauzak konpontzeko. Idazleek sufritzen dute, DRMak pirateria sustatzen duelako. Irakurleek sufritzen dute plataformak gero eta giltzapetuago egoteak epe luzeko jabegoa zalantzan jartzen duelako: adibidez, Kindlerako liburu bat erosten baduzu, ez du funtzionatuko iBooks-en. Oso-oso zaila da erosi dituzun Kindle fitxategiak kopiatzea, segurtasun-kopiak egin nahi badituzu, DRMz babesturik daudelako. Sinpleagoa eta erosoagoa da paperezko liburua erostea, eta kitto, beraz orain dugun ebook eredua hautsita dago.

Banaketa ere erronka da 

Aztertu ditugu pixka bat nola lan egiten duen argitalpen-industriak eta zein den ebookaren panorama teknikoa, baina Internetek aldatu egiten du liburuak banatzeko eta saltzeko modua, eta hori garrantzitsua da. 

AGENTZIA-EREDUA 

Argitalpen-industriak liburu fisikoak handizkako salmentaren eredua erabiliz saltzen ditu. Argitaletxeek kudeatzen dute fabrikazioa eta hornitzen dituzte saltzaile handiak eta handizkako salmentako bitartekariak, gero liburu-denda independente txikiagoei banatzen dietenak. Kasu honetan, [AEBn] bada bezeroarentzat iradokitako salmenta-prezio bat, baina dendako azken prezioa izan daiteke dendak nahi duena. (Horregatik kostatzen dira liburuak hain gutxi Amazonen eta hainbeste liburu-denda independenteetan: Amazonek sal ditzake buztan luzeko liburuak ere, biltegi batean erosle baten zain edukitzeko kosturik gabe, eta aurrezki horiek bezeroentzako prezioetan islatzen ditu.) Ebookak handizka fabrikatu edo erosi beharrik ez dagoen arren, argitaletxeak handizkako eredua jarraitzen ari ziren ebookak saltzeko, eta horrek ebookak bezeroei oso merke eskaintzea ahalbidetzen zion Amazoni.

Argitalpen digitalak liburuak saltzeko bide berri bat ekarri du, ordea, agentzia-eredua deritzona. Eredu horretan, "agenteek" (Applek, Barnes & Noblek, etab.) argitaletxearen eta kontsumitzailearen arteko lotura egiten dute eta azken salmenta-prezioaren zati bat bereganatzen dute. Adibidez, Applek iBookstoren saltzen diren liburuen bezeroarentzako prezioaren %30eko komisioa hartzen du. Argitaletxeek banatzaileei %50eko deskontuak eskaini izan dietenez, %30eko agentzia-komisioak argitaletxeei mozkin handiagoa izateko aukera ematen die. Argitaletxeek, gainera, finka dezakete bezeroarentzako prezioa, eta hornikuntza-katearen parte handi bat kentzen ari direnez, kontsumitzailearen diruaren zati handiagoa etortzen zaie. Amazonek ez du erabili nahi agentzia-eredua, eta horren ordez ebookak prezio maximo finko batean saldu nahi ditu. 


Bestalde, kontsumitzaileek ez dute ordaindu nahi ebook batengatik liburu inprimatuagatik ordaintzen dutena adina. Prezioen inplikazioak heldu zaizkie dagoeneko beste formatu batzuei. Adibidez, merkeago izaten da album baten edizio digitala iTunes Storen erostea album berbera biniloan erostea baino—eta azken kasu honetan, disko berri asko baliokide digitalarentzako dohainikako deskarga-kodeekin etortzen dira. Beste industrietako joerek eragina izango dute kontsumitzaileek argitalpen arloan espero dutenean—eta neurri batean, dagoeneko badu, copyright lizentziapeko lanak publikora zabaltzeko helburua duen mugimendu batean ere, eta AEBko Justizia Departamentuak "sei argitaletxe handiak" eta Apple auzitara eraman ditu prezioa finkatzeagatik (iBookstoreko prezioek alde handia dute Amazonekoekiko), eta horrek eman diezaioke Amazoni abantaila epe luzera, ebooken prezioak ezartzeko. 

Horrek kalte egiten die argitaletxeei, diru gutxiago irabazten dutelako, kalte egiten die idazleei ezin dituztelako beren pasioak partekatu, denda handienen bitartez, kalte egiten die irakurleei horrek epe luzera eskastu dezakeelako idazten denaren kalitatea, eta, ia segurtasun osoz, sendotu dezake epe luzera Amazonen nagusitasuna. 
Amazon da irabazle bakarra, eta orain sei handietako hiruk auzitegietatik kanpoko konponketa bilatu dutenean, badirudi oso litekeena dela gobernuaren babes legalarekin etorriko dela hori.

Amazon irabazten ari da

Argitaletxeen aldekoak diren Applerekiko agentzia-ereduari buruzko negoziazioek, batzuetan Amazonekiko harremanak txartu egin dituzte. Amazonek Kindlerako ebooken prezioak moldatzen ditu, Applerekin lehian jarduteko eta kontsumitzaile gehiago bereganatzen ditu, eta ez du onartzen agentzia-ereduaren arabera lan egitea. Ostera, haien ebookak handizkako ereduaren arabera saltzen ditu. Batzuetan, Amazonek negoziazio horietan atzera egiteari uko egiten dioten argitaletxe handien titulu guztiak kentzea erabakiko du. Adibidez, artikulu hau idazten ari nintzen unean, Independent Publishing Group-ek 5.000 titulu kendu zituen, Amazonek haiekin zuen kontratua berritzeari uko egin zionean. (IPG AEBko bigarren argitaletxe independente handiena da.) Eta Educational Development Corporation-ek bere tituluak kendu zituen apirilaren erdialdean, esanez  “Amazon mundu guztia behartzen ari da negoziotik kanporatzeko. Harraparia da. Hobeto gaude hura gabe.” 

Amazon liburu-denda fisiko handiena bada ere, badu oraindik lehiakiderik sektore horretan. Baina, irakurgailuei dagokienez, Kindle da nagusi. Zenbaki zehatzik eskuragarri ez dagoen arren, Amazonek duen merkatu osoaren kuota %15etik %50rainokoa izatera joango da, Kindle kontuan hartuz gero. Amazonen Kindle plataforma itxiko DRMak hari loturik uzten ditu bezeroak. Haiek ez dute pentsatzen lehiakideen irakurgailuak erabiltzerik—eta horrek irakurleak eta autoreak Amazonek argitaletxeekin negoziatzen dituen prezioak onartzera behartzen ditu. Epe luzera, gainera,ebookak gera daitezke "deskatalogaturik" DRMarekin, eta ez da arrazoi handirik izango DRMa egiaztatzen duten zerbitzariak mantentzeko, behin merkatua beste estandar bat erabiltzen hasiz gero.
 

Ebookak liburutegiei alokatzea 

Liburutegiak dira liburu-kontsumitzailerik handienak AEBn, baina haiek ebookekin duten erlazioa tirabiratsua izan ari da. Liburutegiek liburu inprimatu bat erosi ohi dute, hainbeste bider mailegutan uzteko; behin liburua higatuz gero, gehienetan hamar urtez erabili ondoren, beste ale bat erosten dute,  zaharra ordezkatzeko. Horrek irabazpide jarraitu samarra dakarkie argitaletxeei, batez ere ekoizteko merkeak diren arrakasta handiko liburuen kasuan. 

Liburuak, batzuk lehenago eta besteak geroago, fisikoki hondatzen direnez baina ebookak ez, argitaletxeak arretaz ibiltzen dira ebooken banaketa-baldintzei dagokienez, epe luzean dirua eman dezaten. Horren ondorioz, DRMei buruzko politikak desberdinak dira liburutegientzat eta kontsumitzaileentzat. Liburutegiek hainbeste bider eman ditzakete mailegutan ebookak, berriz erosi behar izan baino lehen, eta hori gehienetan etiketatze konplikatu samar baten bidez egiten da, irakurgailu jakin bat behar duten sistema astun itxiak erabiliz. Gehienetan, ezin izaten dira deskargatu liburutegietan mailegaturiko ebookak Kindlera, nola eta liburutegiak ez duen Amazonek liburutegietarako duen sistema erabiltzen—eta horrek bere mugak ditu. Txartela duten liburutegiaren kideek araka ditzakete liburuak urrundik, baina orrialde-kopuru jakin bat bakarrik ikus dezakete. Ez dago soluziorik liburutegien arteko maileguen inguruko arazoak konpontzeko. Liburutegiek ebookak mailegutan uzteko sistema diferenteak erabiltzen dituzte, asko eta asko elkarrekin ondo komunikatzen ez direnak—beraz, argitaletxe batek plataforma bat hobesten baldin badu, liburutegi askok ezin izango dituzte haren tituluak formatu elektronikoan erabili ahal izango. 

Badira berritzaile batzuk horretan, baina gutxi dira. Internet Archive’s Open Library-k, adibidez, liburu fisikoak erosten ditu, digitalizatzen ditu, eta bakoitza aldiko irakurle bati bakarrik uzten dio mailegutan. Liburutegi batzuk hasi dira beren artxibo fisikoak soiltzen; ezin baitituzte liburu zaharrak gehiago eduki. Haiek dauzkatenak beste behin ordaintzera behartzeak esan nahi du haiek ere zirkulaziotik kanpo geldituko direla, liburu fisikoak bezalaxe. Asko falta da liburutegiek ebookak modu egokian erabiltzeko—eta hori ezinbestekoa izan daiteke haiek irauteko. 

Banaketa-kanalen zentralizazioa

Hainbat liburu-denda itxi ahala, irakurgaiak—batez ere eleberriak eta fikziozkoak ez diren liburuak—gero eta gehiago hornitzaile handi gutxi batzuen eskuetan ari dira geratzen. Oraintxe bertan, AEBko banatzailerik handienak Amazon, Apple eta Barnes & Noble dira, merkatu digitalaren %41 inguru dutenak. Zein dira horren saihetseko ondorioak? Enpresa handi gutxiago izango dira haiekin negoziatzeko, eta urrituko dira argitaletxe txikiek izango dituzten pizgarriak antolatzeko eta tratuan jarduteko baliabideak. Inoiz baino gehiago, elkartzeko ekimena behar dugu, aldaketa garrantzitsua lortzeko, zeren idazleek eta argitaletxeek liburu-saltzaile handien baldintzak onartzea beste erremediorik ez baitute. 

Aurrera begira

Internet etena eragiten ari da, edukietan oinarrituriko industria askotan, eta argitalpenaren panorama bere burua eraldatzen ari da, horri erantzuteko. Oraindik ez dira garatu idatzi luzeak semantikoki esportatzeko tresna egokiak. Liburu gehienak DRMz loturik daude, musikaren industriak aspaldi bertan behera utzi zuen pirateriaren bultzatzaileaz, hain zuzen. Artikulu honen bigarren atalean praktika horiek zenbait argitaletxerentzat dituzten saihetseko ondorioak aztertuko ditut eta aurrera begirako proposamen bat egingo dut, informazioa modu irekian partekatzen jarraitu ahal izateko, argitaletxeentzat, idazleentzat eta irakurleentzat mesedegarria izango dena. 

2. atala

Inoiz ez da garai hoberik izan irakurle izateko. Irakurtzen ditugun gauzek definitzen gaituzte neurri batean, beraz ona da gure eskuetan aukeratu ezin ahala idatzi zorrotz izatea. Ehunka liburu daukagu irakurgailu arin eramangarritan. Autoreekin Facebook eta Twitter bidez hitz egiten dugu. Jabari publikoko milaka lan daude eskuragarri doan, eta blogek kalitate handiko idatzi ugari eskaintzen digute. Formatu luzeko kazetaritza eta analisia berpizkundetxo bat izaten ari dira, eta bide berriak aurkitzen ari gara, irakurtzen ditugun gauzak eztabaidatzeko. 

Inoiz ez da garai hoberik izan idazle izateko. Edonork argitara ditzake bere ideiak. Edonork idatz dezake liburu bat eta argitara dezake eskatu ahala. Autoreak irits daitezke irakurleengana, eta sortzen ditugun gauzen bidez egiten ditugun harremanen inguruan, elkarrizketa aberasgarri, asebetegarriak loratzen dira. 

Hala ere, lan handia dugu aurrera begira. Ebookak irakurtzeko eta sortzeko ditugun tresnak landugabeak dira, jaioberriak, premiatik jaioak, eta beldurrak eraginak. Badugu klik batez ePubetik Kindlera bihurketa egiterik, baina oihuka hobekuntza eskatzen ari den plataforma arteko aplikazio trakets, puztu baten azpian dago. Badugu maketatzeko softwarea, baina bere formatu propioan gordetzen du, eta ePub fitxategiak ia erabat etiketa multzo gisa esportatzen ditu, eta ez HTML semantiko garbi gisaePub fitxategia gorde daiteke zip fitxategi moduan, baina Mac OS X-ren zip artxibatzaile lehenetsiak ez du maneiatzen ePub mime tipoa behar bezala, eta aparteko aplikazio bat behar du. Eta oraindik, hau idazten ari naizen unean, ez dago irakurtzeko softwarerik Mac OS X-rentzat, aldi berean iBooken diseinu-estandarrak eta ePuben jatorrizko espezifikazioentzat balio duenik. (ePuba sortzen dudanean, nire lan-prozesuak beste ePub bat Dropboxera igotzea eskatzen dit, Dropbox aplikazioa irekitzea nire iPaden, eta ePuba iBooksera bidaltzea—aldaketa bat ikusi nahi dudan bakoitzean.) lan handia dago oraindik egiteko, argitaratzea errazagoa izan dadin. ePuben garapena beste batzuei enkargatzea—gehienetan gaur egun onartzen den soluzioa—ez da erantzuna. 

EZAGUNA EGITEN ZAIZU EROMEN HORI? 

Idazleek HTML ezagutzen badute ere, beste oztopo asko aurkitzen dituzte. Idazteak gaur egun diru gutxiago ematen dio jendeari, baina berdin kostatzen da ekoiztea. Argitalpenaren 2012ko panoramak 1998an musikak zuen panoramaren antza du, eta 1996an webguneen diseinuak zuenarena: DRMek eta formatu itxiek oztopatzen dute, bezeroak gaizkileak balira bezala mehatxatzen ditu, plataformatan sakabanaturik dago, eta beren lanak kanal independenteen bidez banatu nahi dituzten autoreei oldartzen zaie. Handizkako salmentak ez ditu liburutegiak ia aintzakotzat hartzen DRMen eta prezioen aldaketa bakoitzean. Argitaletxeek DRMetan sinesten dute, nahiz eta begien bistan dagoen DRMek kalte egiten dietela bai irakurleei eta baita salmentei ere. 

1990. urteko hamarkadaren hasieran, diskoetxe handienek zuten jarrera gaur egun argitaletxeek duten portaeraren antzekoa zen. Eta ia hamarkada batez, nabigatzailegile batek webaren garapenean aurrerapen teknikoa ezkutuan eduki zuen baina ez guztiz, modu fidagarrian webaren estandarrak bultzatuz: hori ez da Kindlek International Digital Publishing Forum-en gomendioak aintzakotzat ez hartzearen desberdina, nahiz eta  dirua jartzen duen kide bat izan Amazon

1997an, Web Standards Project sortu zen, nabigatzailegileak eta webaren garatzaileak estandar irekien alde jokatzera bultzatzeko. Antzeko organizazio sustatzaile bat behar dugu argitaletxe, irakurgailuen fabrikatzaile eta irakurleentzat. Web Standards Project bat behar dugu argitalpen elektronikorako. 

Autoargitalpena eta harekin deskontentu daudenak

Weba izan baino lehen, beren kabuz argitaratzen zutenek beren operazioak finantzatzen zituzten. Edward Tufte-k bigarrenez hipotekatu zuen bere etxea The Visual Display of Quantitative Information 1982an bere kabuz argitaratzeko, ez zegoelako bere kalitate-estandarrak lor zitzakeen inprimatzailerik. Baina tirada egin ondoren ere, Tufteren antzera beren kabuz argitaratzen zutenentzat ez zegoen modurik beren lana egoki merkaturatzeko. Atera zenezakeen iragarki bat egunkari batean edo aldizkari batean, edo dei zenezakeen liburu-dendetara ikusteko ea interesaturik zeuden, baina 1982an, ez zenuen webgune baten edo email-kontu baten luxurik. 

Gaur egun, edonork argitara dezake bere lana. Joan zaitezke eskatu ahala inprimatzeko zerbitzu batera, Lulu-ra esate baterako. Harremanetan jar zaitezke irakurleekin Kickstarter-en bidez, hasierako inprimatze-kostuei erantzuteko. Para dezakezu webgune bat, eta zure lanaren aleak saldu, Fetch, Shopify, eta Digital Delivery-ren bitartez. Inprima ditzakezu posta-bidalketak Endiciaren bitartez. Zuk zeuk sal dezakezu Square-ren bitartez. Harpidetzak kudea ditzakezu Memberly-ren bitartez. 

Neurri handi batean, guk—amarauna eratzen laguntzen dugunok—eredu hori erabiltzen dugu. The Manual diseinuaren inguruko "zergatien" aldizkari independente dotore landua da. 8faces tipografiari buruzko seihilabetekari bat da. Five Simple Steps-ek era guztietako diseinu-teknikak tratatzen ditu. Nik neuk Distance izeneko hiruhilabetekari bat daramat, saiakera luzeak argitaratzen dituena, eta Interneten funtzionatzeko beharrezkoa den guztia prestatu dut.  Azkenik, partez webgune honetxen bidez, A Book Apart-ek antzeko pentsakera duten irakurleekin harremanetan jartzen da. Eta argitalpen gehiago etortzen dira egunero. Codex. Bracket. Kern & Burn. Web desinatzaileek inprentako ekoizpenaren xehetasunak ikasi ahala, horrelako argitalpen gehiago baizik ez daitezke izan. (Ez dezaket hitz egin besteengatik, baina izugarrizko harrotasuna sentitzen dut, gauza fisikoak egitearekin, amaraunerako gauza ukiezinak prestatzen hainbeste egun eman ondoren.) 

Autoargitalpeneko proiektu askok marketin eta publizitate gutxiago dute, baina irakurleekiko hurbiltasun handiagoa lortzen dute, bezeroak artatzeko zerbitzu hobea eskaintzen dute eta norberaren sustapen gehiago behar dute. Beren kabuz argitaratzen dutenak bizkor dabiltza. 

Eta ni diseinuarekin zerikusia duten proiektuetan zentratu banaiz ere, irakurleekin Internet bidez harremanetan jartzeak ez du generoarekin zerikusirik. Edonork egin dezake hori—eta idazleak ahala bereganatzen ari dira, argitalpena beren eskuetan hartzeko. 

ZER BILAKAERA IZANGO DUTE ARGITALETXEEK? 

Badute zereginik oraindik argitaletxeek hala ere, panorama berrira egokitzen badira. Zein dira arazoak eta konpromisoak? Ebook-en azalen diseinua, seguru asko, aldatu egingo da, adibidez, orain ez baitute liburu-denda bateko apaletan egon beharrik. Eta edizioa garrantzitsuago bihurtzen den arren, sarri bereiziz kalitateko idazketa, bakarka egindako materialetik, marketina asko aldatuko da.  Ebook baten autoreak, seguru asko, ez du aurkezpen-jirarik egin beharko. Iragarki inprimatuak eta displayak ez dira horren ohikoak izango. Mailing-zerrendak ohikoagoak izango dira. Beren lanaren konpromisoak eta aldaketak ulertzen dituzten argitaletxeak gai izango dira Interneti trebeki erantzuteko, Internetek haientzat lan egin baino lehen. 

NON DAUDE ESTANDARRAK? 

Ebookei dagokienez, bertan behera utzi ditugu aldarrikatzen ditugun estandarrak. Artikulu hau lantzen ari nintzen bitartean izan ditudan elkarrizketa askotan, beren kabuz argitaratzen duten askok esan didate sinpleki ez duela merezi beren lana ePuben argitaratzea—eta ePuben oso aldekoak ziren bakanek ez dutela oraindik ePuben argitaratzeko saiorik egin. Ez du beste formatu batzuek duten zabalkundea, eta haren ezaugarriak ez dira sistematikoki erabili, beraz, zaila da bermatzea tresna batetik bestera estandar tipografiko bat mantenduko denik. 

Askotan, argitaletxeak InDesign moduko tresna batez PDF bat ekoitziz hasten dira, eta ez dago modu egokirik PDFko maketa eta tipografia ePuberako HTML bihurtzeko. Allen Tan editoreak esan zidan bezala,  “gure lan-prozesua nahikoa digitala da, irteera da hain zuzen digitala ez dena.” Letra-tipoak maneiatzeko eta maketazeko tresna sendoen falta dira punturik ahulenak, eta sarri argitaletxeek, besterik gabe, PDFra esportatzen dute, eta hori edizio digitala dela esaten dute. Jendeak ePub fitxategiak egiten dituenean, kanpora enkargatzen dute lana, esanez etxe barruan egiteko gogaikarriegia dela. Horiek irtenbide errazak dira, eta arazo sakonagoa dagoela adierazten dute. 

Baina webeko langile garen aldetik, beste industria batzuek baino ohituagoak gaude horrelako kezkei erantzuten, eta bereziki prestatuak gaude argitalpenari buruzko arazoak kanpotik datozenen ikuspegitik aztertzeko. Weba tipografia da; liburuak tipografia dira; ePub, liburuetan nagusi den estandarra, HTML, CSS eta XML da, Zip fitxategi batean sartua. Allen Tan-ek hauxe gehitu zuen: “ePub estandar gisa edukitzearen abantaila da ePuben egiten diren hobekuntza guztiak webean ere aplika daitezkeela, oinarri berbera duelako.” Aldaketa sakon, esanguratsu, eraikitzailea egin dezakegu bai ePuben eta baita argitalpen-industrian ere, HTML eta CSSrekin izan ditugun borroketan ikasi duguna aplikatzen badugu. 

Eta zer da bada ikasi duguna? 

Estandarrak eta etena

1997an, Netscaperen eta Internet Explorer-en arteko lehiak webeko langile aitzindari batzuek Web Standards Project sortzea eragin zuen, eta haiek nabigatzaileei eskatu zieten HTML eta CSS estandar irekiak erabil zitzatela. Orain, panoramaren sakabanaketaz eztabidan ari gara, plataformen arteko soluzioak eskatuz eta kezka adieraziz, nabigatzailegileek nork bere aldetik bere ezaugarriak garatzen dituenean. 

Bitartean, IDPFk—funtsean liburuetarako W3Cren baliokideak—ePub espezifikazioa garatu eta argitaratu du. Baina ePubak modu eraginkorrean  sortzeko tresnak ez dira agertu, ez dago modurik liburu bat semantikoki garatzeko, maketazio-softwarean, irakurgailuen fabrikatzaile handienak ez du jarraitzen ePub espezifikazioa inondik ere, eta ez dago merkatuan irakurgailurik, azkena argitaratu den espezifikazioarekin, ePub 3.0rekin, guztiz bateragarria denik. IDPFk irakurgailuen merkatuaren errealitatearekiko sinkronismoa galdu du—W3Ck XHTML argitaratu zuenean bezala, orduan nabigatzaileen merkatuaren errealitatearekiko saihestu egin baitzen. Argitaletxeek lan handiak hartu dituzte, hainbat formatuz konbinazio digitalak garatzeko, irakurgailu posible bakoitzeko bat—webguneak “Netscape 4.0 erabiliz, eta 800x600eko bereizmenez ondoen ikusten zirenean bezalatsu.” Zer ikasi genuen duela hamalau urte, eta zergatik ari gara uzten hori gerta dadin berriro? 

Argitaletxe handienek egiten digutelako. Nahiz eta behin eta berriz frogatu den DRMak kalte egiten diola bai kontsumitzaileari eta baita argitaletxeari ere, gaur egun saltzen diren ia ebook guztiak hark oztopaturik daude. Baina medioen banaketak bide hau jarraitu ohi du: DRMa erabiltzen da beldurrak eraginda, eta, salmentak jaisten direla eta pirateria igotzen dela ikusirik, estandar irekietara aldatzen da industria. iTunes Storen, FairPlay-k babestu gabeko MP3ei bidea ireki zien. Filmen kasuan, DivX hil zen; DRMa hautsia zuten DVDak agertu ziren. Sortzaileek beren industriaren kontrola izatekotan, beren buruak defenditzeko altxa behar dute. 

Webeko estandarrekin bezala, eta orain argitalpenerako estandarrekin: Amazonen DRMa hil nahi badugu, estandar irekien aldeko porrokatuak bihurtu behar dugu, eta gure karterekin botatu behar dugu, gauzak ondo egiten diren arte. Eta sistema itxiek ePubi egiten dizkioten atximurrak, hala nola Appleren iBooks Author-en espezifikazioak, ez dira WebKit-ek bere webkit jabe-estiloetan erabiltzen duen planteamenduaren desberdinak; horrelako planteamendu bat findu eta aldatu daiteke, perspektiba berberaz planteatzen badugu. W3Ck 1990eko hamarkadaren bukaeran eta 2000ko hamarkadaren hasieran WaSP izan zuen bezala, IDPFk ere behar du bere bultzatzailea. Ohiturik gaude ikusten webak nola eteten dituen industria asko, eta garaia da argitalpenaren inguruan dagoen nahasmenduari heltzeko, onerako edo txarrerako. Bestela egin daitekeen gauza bakarra Internet desegitea da, eta hori seguru asko ez dugu gertatzen ikusiko.

Publication Standards Project egitasmoa

Horregatik, List Aparten zenbaki honekin batera, eta jende bikain askoren laguntzaz, Publication Standard Project egitasmoa jarri dut abian, honako helburu hauekin epe luzera begira:

  • Ebook irakurgailuetarako software guztiak jatorriz ePub estandar modernoenarekin bat etortzea guztiz. Horrekin batera bakoitzak bere formatu bereziarekin bat etortzea ere aukera dezake, baina irakurgailua ez badator guztiz bat ePub 3.0rekin, jarraituko dugu aldarrikatzen bat etor dadin.
  • Sortzeko tresnak ere guztiz bat etortzea ePub estandar modernoenarekin. Goian esandako gauza berbera hemen ere: liburuak egiteko software batek etiketatze semantiko zuzena idatzi behar du, nahiz eta aldi berean beste argitalpen-formatu batzuk ere esportatu.
  • Jadaneko ePub estandarra hobetzea. Ez da perfektua eta hobekuntzak behar ditu. Epe luzera horrek emango luke espezifikazioaren adar bat—funtsean WHATWGen baliokide bat—baina oraingoz IDPFrekin hasiko gara lanean.
  • Estandarrekin bat datozen HTML eta CSS kode semantikoki zuzenak esportatzen dituen maketazio-softwarea. Softwaregileok adi: argitaletxe eta idazle independente askorekin hitz egin ostean, atera dudan ondorioa da merkatu hori zabal-zabalik dagoela oraintxe bertan. Txukuna den zerbait asmatzen baduzue, ondo funtzionatuko dizue.
  • Argitalpen guztietatik DRMa kentzea. DRMak seguru asko pirateria bultzatu du eta bezeroaren kontra jokatzen du, lapurra delakoan. DRMa kentzeak, bestalde, salmentak areagotzea ekarri du kasu askotan.
  • Eta oztopoak jartzen dituztenen estandarrak baztertu. Liburu-saltzaile gutxi batzuen eskuetan boterea sendotu ahala, gero eta motibazio gutxiago  dute haiek ikuspegi erradikalak dituzten edo eztabaidatsuak diren liburu "baztertuak" onartzeko. Liburu bat arbuiatzeak, beste baten esteka duelako, bete dezake Appleren legearen letra, baina eskuragarritasun irekiaren, partekatzaren eta lehia aberasgarriaren espirituaren aurka dago—eta arrazoiz har liteke zentsuratzat. 
  • Liburutegien mailegatze-politika sinpleagoak, gizatiarragoak. Banda zabaleko zerbitzu eskasak dituzten komunitateei laguntzeko. Prezio-ereduak sinplifikatzeari uko egiten bazaio eta irakurgailuen eta mailegatze-sistemen arteko bateragarritasunari uko egiten bazaio, liburutegiek ebookak ez izatea erabakiko dute—eta hori ezin dute egin, etorkizunean garrantzitsuak izaten jarraitu behar badute. 
    Epe laburrean behintzat, hori guztia horrela lortuko dugu:
  •  Prestakuntza. Askok ez dute arazoen berri eta ez dakite zer kidetasun dituzten beste arlo batzuetako aurrerapen teknologikoan izan direnekin. Argitaletxeek ez dute ulertzen irakurleek duten mentalitate berria, irakurleek ez dute ulertzen zergatik argitaletxeak ez diren XXI. mendera egokitzen, idazleek ez dute nahi argitaletxeek edizioaren kontrol osoa izaterik. Oso jende gutxik daki argi eta garbi zer argitalpen-formatu lehiakide dauden eta zergatik den txarra zatikatze hori. Eta oraindik ez ditugu tresna egokiak, egin ditzakegun idatzi onenak egituratzeko, besteekin partekatzeko eta haietaz eztabaida eraikitzaileak izateko. Publication Standards Project-en, arazo horiei buruzko kezka larria dugu eta gustatuko litzaiguke zuk elkarrizketa horretan parte hartzea. 
  • Zabalkundea. Publication Standards Project-en parte bat ekintzarako deialdia da: egin ezazu bat gure helburuekin, irakurle eta argitaratzaile gisa, eta erabaki ezazu besteekin komunikatzeko dugun modua hobetzeko lan egitea. Beste parte bat lobby-lana egitea da: elkarturik aldarrikatu behar dugu irakurgailuen fabrikatzaileek, argitalpenerako softwarearen garatzaileek, liburu-saltzaileek eta argitaletxeek praktika egokiagoak erabil ditzaten, lan egiteko moduan. Artikulu hau irakurtzen duen edonor gai da ekintzarako, eta beste inor ez da altxako zure ordez. 
  • Zure ideiak. Badakigu ez dugula dena hausnartu, eta laguntzeko egin dezakezun gauzarik onena boluntario gisa parte hartzea da. Manten zaitez gurekin harremanetan eta esaiguzu zein den honetaz duzun ikuspegia; hori ezin da hutsean gertatu, eta ezin da etorri pertsona-taldetxo batetik. Egokituko gara argitalpenaren panoraman izango diren garapen berrietara, eta ez dago modurik, gauzak nola joango diren aldez aurretik esateko. 
    Amaitzeko

    ePuben promesa aztertu genuen 2010ean, baina ordutik hona atzeraka baizik ez gara joan. Etorkizuna ilun ikusten dugu orain, baina abagune bat da gu guztiontzat, estandar horiek nola aplikatuko diren kontrolatzeko. Oraintxe bertan, panorama tristea da. Baina era horretako arazoak konpondu izan ditugu lehen ere. Berriro ere egin dezakegu. Zuk lagundu dezakezu. Webgune bat prestatu dugu honako helbide honetan:
    http://pubstandards.org. Gure Twitter-eko izena @pubstn da. Gustatuko litzaiguke zuk gure posta-zerrendan izena ematea, zure laguntzarekin lanean jar gaitezen. Internet informazioa libreki eta era irekian oinarriturik eraiki zen, eta ordua dugu, horrelaxe jokatzeko. Hori ez da gertatuko, enpresetara joan eta haiek barrutik aldatuz. Gertatuko da, eredu zaharra alda dezakeen mugimendu berri bat eraikiz. Argitaratzen ditugun gauzetan estandarrak eta irekitasuna jarraitzera bagoaz, gutako bakoitzak hasi egin behar du, mahaiaren edozein aldetan gaudela ere. Bestela, merezi izango ditugun baratze hesituak izango ditugu azkenean.

Comments

  1. irabazten online http://www.marketglory.com/strategygame/alyc1

    ReplyDelete

Post a Comment

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?