Marketina irakurleei zuzentzeak esan nahi du irakurleek nola pentsatzen duten ulertzea.

Iturria: Digital Book World 
Egilea: Rob Eagar

Irakurketa digitalaren igoerak eta liburu-denda fisikoen jaitsierak liburuen salmenta birpentsatzea eskatzen diete argitaletxeei. Liburuak banatzaileei saltzea ezin da izan gehiago helburu nagusia, milioika pertsona ez baitira jada liburu-dendetara joaten liburuak aurkitu eta erostera. Digitaleranzko eraldaketak esan nahi du argitaletxeek marketina kontsumitzailearengana zuzenean gehiago bideratu behar dutela. Edo, bestela esateko, sustapena irakurlearengana zuzenean bideratzea banatzaileei zuzenean bideratzea bezain garrantzitsua dela.

Kontsultatu ditudan argitaletxe askori aldaketa hori uste zuten baino zailagoa ari zaie gertatzen. Nola iristen zarete irakurleengana, hamarkadatan arreta nagusia banatzaileengan jarri ondoren? Nola erakartzen eta eraikitzen dituzue irakurle-erkidego handiak, hutsetik abiaturik? Erantzuna sare sozialetan edo liburuak merkeago saltzean aurkitzen da. Marketina irakurleei zuzentzeak esan nahi du irakurleek nola pentsatzen duten ulertzea. Irakurle bakoitzak, adina, generoa edo genero-hobespena asko axola gabe, galdera sinple bati erantzunez erosten ditu liburuak, “Liburu horrek merezi al du nire denbora eta nire dirua?” Galdera hori hain laster sortzen da non kontsumitzaileek ez baitute burua nekatzen horrekin. Baina, beti sortzen da. 

Adibidez, pentsa ezazu nola erosi zenuen produktu berri bat, joan zen astean. Edozein egoeratan, interes pertsonalak eragina izan zuen zure erabakian: jantzi berri bat erosi zenuen, pentsatu zenuelako itxura hobea izango zenuela. Jatetxe batera joan zinen, arratsalde erromantiko bat izateko edo kozinatzea gogaikarria gertatzen zaizulako. Azken traste teknologikoa erosi zenuen, moderno-itxura izateko edo eraginkortasuna lortzeko. Irakurleek interes pertsonalaren printzipio berberaren arabera erosten dituzte liburuak. Beraz, argitaletxeek liburu gehiago saldu nahi badizkiete irakurleei, beren marketinaren jomuga egokitu beharra dute.

Banatzaileei saltzeak esan nahi du generoaren, gaiaren, apaletako espazioaren eta prezioaren arabera liburuak sustatzea. Baina, irakurle gehienei kontu horiek ez zaizkie asko axola, liburuak beren dirua eta denbora merezi duen erabakitzeko. Eta hortxe aldatu behar dute pentsakera argitaletxeek.

Marketina irakurleei zuzenean bideratzeak esan nahi du azala, webguneko testua, liburuen erreseinak eta sare sozialak erabiltzea, irakurleei erakusteko zergatik merezi duen liburu bat erostea. Kontsumitzaileak autorearen edukia irakurriz zer emaitza zehatz lortuko dituen azaldu behar da. Ez da hainbeste saiatu behar liburuaren gaia edo argumentua deskribatzen. Gehiago ahalegindu behar da irakurleari esaten liburuak nola informatuko, inspiratuko edo entretenituko duen. 

Banatzaileek ez dute ikusten beren eginkizuna denik zure liburuaren emaitzak zein izango diren zehaztea, haien helburua kopuru handiak mugitzea delako. Ostera, irakurleek erosten dituzte liburuak, lortzea espero dituzten emaitzen arabera, haiek kalitatea bilatzen dutelako. Azter ezazu nola egiten duzun zure liburuen marketina. Sustapenean erabiltzen dituzun testuak banatzaileari zuzenduak izaten jarraitzen dute? Irakurleei zuzenean saldu nahi badiezu, haien hizkera erabili behar duzu. Hizkera hori menderatzeko, hasi erantzuten irakurleak azken finean egiten duen galdera, "Zer du horrek niretzat?"

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?