Liburuen etorkizuna liburu-dendetan

Egilea:Mike Shatzkin 

Liburuen etorkizuna liburu-dendetan ez da era bakarrekoa denentzat, askotarikoa baizik. Liburu-dendak iraungo duten neurrian (eta haietan apalek hartuko duten lekua ezinbestean gero eta txikiagoa izango den arren, iraungo dute), liburu-dendak gero eta gehiago irakurtzeko liburuenak izango dira eta gutxiago erabiltzeko liburuenak.

Barnes & Nobleren azken txostenaren berri on bat zen beren dendak oraindik irabazten ari direla. Ez dakigu duten marjinaren zer parte datorkien liburuetatik eta zenbat NOOKetik edo jostailuetatik eta jokoetatik, baina benetan berri ona da argitaletxeen salmententzat eta ikusgaitasunarentzat hain garrantzitsuak diren dendak oraindik itxuraz osasuntsu mantentzea.
Zoritxarrez, ezustekoa litzateke gauzak horrela luzaro jarraitzea. Internetera migratzen ari diren liburu-salmenten ehunekoak hazten jarraitzen du. Amazonek saltzen dituen paperezko liburuen salmentak igotzen jarraitzen dute (astiroago, jakina, baina beste guztienak beherantz doaz) eta ebooken salmentak hazten jarraitzen dute, gero jende gehiago ari delako eduki digitalekin ohitzen. Amazonek salmenta horien %60 gutxienez Kindle plataformaren bidez lortzen ditu.
"Showrooming” terminoa ezaguna bihurtzen ari da liburuen negozioan diharduen jendearentzat, dendak arakatu ostean erosketak Interneten egiteko, kontsumitzaileek duten joera berria izendatzeko. Efektu hau partez bultzatzen duena Amazonek deskontu handiak egiteaz duen fama ondo merezia da — badirudi Amazonek saltzen duen liburu bakoitza argitaletxeak iradokitzen duen prezioaz azpitik saltzen duela eta dendetan liburu gehienak argitaletxeak ezarritako prezioan saltzen direla. (Jakingarria zen benetan New York Times artikulu batean esaten zena, Amazonen deskontuak murrizten ari zirela nabarmenduz, irakurle gutxi dituzten liburu akademikoak ere argitaletxeak iradokitako prezioaz azpitik saltzen ari zirela ikusteko.)
Amazonen (edo Interneteko beste saltzaile batzuen) prezioak kontsultatzeko eskuko tresnak hain zabaldurik daudelarik, ez da harritzekoa showrooming-a hedatzea, baina liburu-dendei "sortzen duten balio guztia atzematea" eragozten die.
Azken finean, irudidun liburuak eta haiek sortzen dituzten argitaletxeak izango dira aldaketa horien kalteak gehiena nozitzen dituztenak. Bi arrazoi nagusi daude horretarako. Bata da "testu soilak", narrazio-liburuek, hasieratik bukaerara irakurtzen direnek, ebookek bezain ondo funtzionatzen dutela. Horrek esan nahi du dagoeneko merkeagoak direla eta erraza da gero eta kontsumitzaile gehiagorentzat haiek era horretan erostea. (Eta argitaletxearen ikuspegitik, haien marjina  — oraingoz behintzat — guztiz ordezkatua gertatzen dela paperetik digitalera migratzen duenean.) Beste arrazoia da eleberri bat ez dagoela zertan ikusi edo ukitu, erostea merezi duela erabakitzeko. Liburuaren barnea "ikusteko" edo bertan "bilaketak egiteko" gaitasunarekin ere, irudidun liburuen kontsumitzaile askok benetan paperezko liburua aztertu nahi dute, erostea erabaki aurretik. Horrelako liburuak dauzkaten dendak gero eta gutxiago direnez, gero eta zailagoa gertatzen zaio kontsumitzaileari hori egitea.
Hori dela eta bizitzen ari garen aldaketetako bat da edukiak "bere soilean" gero eta bideragarritasun eskasagoa duela dendetan. Amazonentzat edukiak bere negozioaren %20 baino gutxiago dira. Horrek abiatzea ahalbidetu zion eta oraindik balio handikoa gertatzen zaio, jendeak bilatzen eta erosten duen edukiak nola edo hala adierazten duelako zer gehiago saldu ahal dakiokeen. Gutxienez Amazonek Interneteko beste saltzaileen aldean duen arrakasta bere basea edukiak baino zabalagoa izatean datza.
Edukiak soilik saltzea dinosauroa bihurtzen ari zaie denda fisikoei. Musika saltzen zuten eta bideoak alokatzen zituzten dendak ia erabat desagertu dira. Dendetan liburuentzako apalen espazioa ez da inoiz zehazki neurtu, baina batez ere liburuekin lan egiten duten dendek eskuragarri dutena duela bost urte, hau da, artean Borders negozioan zegoenean eta Barnes & Noblerenean eta beste saltzaile batzuen dendetan apaletan murrizketak egin aurretik, zutenaren erdia baino gutxiago izan daiteke. Ohiko argitaletxeen esperantzetako bat da denda independente txikiagoek ahulezia hori partez konpentsatuko dutela. Baina mota horretako dendek seguru asko irudidun liburuekin gutxiago lan egingo dute, bereziki irudidun liburu praktikoekin.
Horrek guztiak abaguneak sor ditzake beste denda batzuentzat, bereziki, liburuak dituzten denda "bertikalentzat", esate baterako lorazaintzakoentzat, etxeko konponketetarako produktuak saltzen dituztenentzat, eta eskulanetarako materialak saltzen dituztenentzat. Ia edozein dendarentzat izan daiteke egokia liburu aukeratu batzuek edukitzea, beren bezeroak erakartzeko balio dezaketenak eta dendak dauzkan beste gauza batzuk erostera haiek bultza ditzaketenak.
Baina hori egitea zaila da, liburuak erostea zaila delako denda guztientzat, eta bereziki zaila liburu-dendak ez diren beste dendentzat. Etsigarria gertatzen zaie, liburuen negozioak duen berezitasun batek, granularitate xeheak hain zuzen, liburuaren munduaren kanpotik datorren edonor etsiarazten duelako. Loratzaintzari, etxe-konponketari edo eskulanei buruzko 100 edo 500 erreferentzia eduki nahi dituen denda batek hainbat argitaletxetako liburuak beharko ditu, aukera egokia izateko. Eta eduki nahi dituen tituluak baino 10 edo 100 bider titulu gehiagoren artean egin beharko du aukera. Titulu berriak astero kaleratuko dira. Titulu bakoitzak denda bakoitzean 150, 250 edo 500 dolarreko salmentak izango ditu, dendan dagoen beste edozein produktuk baino txikiagoak.
Liburu-dendak ez diren bestelako dendetako salmentez balia daitezkeen irudidun liburuen argitaletxe handienak ohartzen dira haiek beren etorkizunerako izan dezaketen garrantziaz. Abrams, Chronicle, Quarto, eta Workman-en tankerako argitaletxeetako jendearekin hitz egiten baduzu, guztiek esango dizute "salmenta bereziak", liburu-dendez kanpoko salmentak, kritikoak direla haien etorkizunerako.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak