Karbonozko nanohodiak kobrearen ordez makina elektrikoetan

Finlandiako Lappeenrantako Unibertsitateko ingenariek kobrezko harien ordez ehunezko material batez eginiko harilak dituen motor elektriko bat egin dute. Material hori karbono- nanohodizko haria da. Motorraren prototipoak 40 W-eko potentzia ematen du, 15.000 bira/min-ko biraketa-abiaduran eta ia %70eko errendimendua du. Etorkizun hurbilean, karbono-nanohodizko zuntzek makina elektrikoen funtzionamendua hobetuko dute. Teknologia berri horrek industria osoa irauli dezake. 

Ondoko bideoan ikus daiteke motorra funtzionatzen: http://youtu.be/yze1IWq9IwQ

 Makina elektrikoak hobetzeko ahaleginen helburu garrantzitsu bat hariletako harien eroankortasuna areagotzea da. Karbono-nanohodi onenek metal onenek baino ondotxoz eroankortasun handiagoa dute. Etorkizuneko nanohodizko harilek gaur egungo kobrezko harilen aldean eroankortasun bikoitza izan dezakete. Karbono-nanohodiak erraz manipulatzeko, hainbat zuntzez ehuntzen dira. Makina elektrikoaren diseinuko parametroak mantentzen badira eta kobrea karbono-nanohodizko zuntzez ordezkatzen bada Joule efektuagatik hariletan izaten diren galerak erdira jaits daitezke. 

Karbono-nanohodizko zuntzak kobrezko hariak baino askoz arinagoak dira eta ingurumenerako ez dira hain kaltegarriak. Kobrea nanohodizko zuntzez ordezkatuz gero makina elektrikoen fabrikazioagatik eta funtzionamentuagatik izango diren CO2 isurketak murriztu egingo dira. Makinaren tamaina eta pisua ere txikiagoak izango dira. Makina horiek oraingoak baino tenperatura altuagotan funtzionatu ahal izango dute.

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?