Europar Batasunaren laguntza-deialdiak hizkuntza-teknologiak eta enpresen internazionalizazioa bultzatzeko

Europako Batzordeak 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ahalegin handi samarrak egin zituen itzulpen automatikoa eta itzulpen-memoriak garatzen laguntzeko eta teknologia horiek bere itzulpen-lanetan erabiltzeko.
Hortik aurrera motelaldi bat izan du arlo horretan, baina orain berriro gauzak mugitzen ari direla dirudi. Izan ere, beharrak handitu egin baitira: Europar Batasunean beste hamaika hizkuntza ofizial gehiago dira orain eta globalizazioak ere beharrak handitu egin ditu.

Jadanik ezin da esan ingelesa amarauneko lingua franca denik, asko handitu direlako beste hizkuntza batzuetan dauden edukiak, ingelesaren pisua eduki guztien % 29raino jaitsaraziz. Europar Batasunean merkataritza elektronikoz baliatzen diren hiru erosletik bik bere hizkuntza propioan egiten dituzte erosketak. Horrek zalantzan jartzen du merkatu-batasuna eta edukien irisgarritasuna.

Arazo horien aurrean, laguntzak areagotu beharra ikusirik, txosten bat argitaratu da, Multilingualism: an asset for Europe and a shared commitment izenburua duena, eta Hizkuntza-teknologien eta itzulpen automatikoaren unitatea sortu dute. 

Txosten horretan esaten da eleaniztuna den Europar Batasunean hiritar guztiek izan behar dutela aukera egoki komunikatzeko, beren gaitasunak eta Europa moderno eta berritzaileak eskaintzen dizkien abaguneak aprobetxatu ahal izan ditzaten; hiritar guztiek izan behar dutela aukera hizkuntzen erabileran trebatzeko edo beste baliabide batzuk erabiltzeko, hizkuntzagatik bizitzeko eta lan egiteko edo komunikatzeko izan ditzaketen oztopoak gainditzeko, eta beste hizkuntza batzuk ikasteko gai ez direnei ere, komunikatzeko baliabide egokiak jarri behar zaizkiela, eleaniztasun-giroan moldatzeko.
Europar Batasunak gaur egun 500 milioi hiritar ditu, 27 estatu kide, 3 alfabeto eta 23 hizkuntza ofizial, batzuk mundu mailan erabiltzen direnak, eta beste 60 hizkuntza inguru dira esparru urriagokoak. Horretaz aparte, etorkinek beste hainbat hizkuntza ekarri dituzte. Europar Batasunaren mugen barruan gaur egun gutxi gorabehera 175 herrialdetako jendea bizi da.

Egoera horren aurrean Europar Batasunak "Bartzelonako helburua" zehaztu zuen: hiritar guztiek beren ama-hizkuntza eta beste bi hizkuntza jakitea. 

Horren osagarri ikaskuntza-teknologiak eta hizkuntza-teknologiak garatzea, itzulpen-zerbitzuak jartzea, ikasleek atzerrian egonaldiak egiteko erraztasunak jartzea eta beste neurri batzuk planteatzen dituzte.

Testuinguru horren barruan, 2011-2012rako lan-programa diseinatu dute eta hor "Eduki digitalerako eta hizkuntzetarako teknologiak" programa-atal bat sartu dute. Horren helburua da sareko edukia irisgarri egitea hiritar eta enpresa guztiei.

Lan-programa horrek datozen bi urtetan dozena bat deialdi-proposamen egitea planteatzen du. Horietako batek, zazpigarrenak, 50 milioi euro jarriko ditu hizkuntzen teknologiak garatzeko, eta otsail aldera aterako duten beste deialdi batek 35 milioi euro jarriko ditu enpresa txiki eta ertainentzat Eduki digitala eta hizkuntzak izenburupean. Azken honen helburua enpresa txiki eta ertainei internalizazioan laguntzea da.
Deialdi horiek weborri honetan argitaratuko dira.
Enpresetarako Zuzendaritza Nagusiak enpresa txiki eta ertainen internalizazioaz duela gutxi egin duen txostena helbide honetan aurkitzen da.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak