Skip to main content

Amaraunean norberak argitaratzearen on-gaitzak

Iturria: New York Times
Egilea: Alan Finder

Aspaldi ez dela, ohiko argitaletxeek ezezkoa emandako idazle batek aukera bakarra zuen: bere kontura inprimatu eta zabaltzea. 5.000 edo 10.000 dolarrengatik eta agian gehiago ordainduz, lor zezakeen bere eskuizkribua argitaratzea, hainbat ale berak erostea onartuz gero, sarritan milaka batzuk edo gehiago. Horiek guztiak garajean bukatu ohi zuten.
Teknologia Digitalak aldatu egin du hori guztia. Ohiko argitaletxeengandik ezezkoa jaso duen idazle batek — edo haiekin lan egin nahi ez duen batek — orain hainbat aukera ditu. Horien artean eskuizkribua ebook moduan bere kontura argitaratzea, eskatu ahala inprimatzen duten konta ezin ahala konpainiaren bidez bere kontura argitaratzea, ale bat saltzen den bakoitzean tapa biguneko edo gogorreko liburu bat inprimatuz eta norberak argitaratzen laguntzen duten konpainiei zerbitzu-multzo bat erosiz.
“Mendebalde Basatia da gauza askotan — berritzaileek gauza aipagarriak egin ditzakete,” zioen bere kontura “The Fine Print of Self-Publishing”  argitaratu eta laugarren argitaraldia egin duen Mark Levinek.
Argitalpen digitalak eta eskatu ahalako inprimaketak nabarmen jaitsarazi dute liburu bat ekoizteko kostua. Irakurgailuen eta tableten hazkunde ikusgarriak asko zabaldu du ebooken merkatua, eta hauek norberak argitara ditzake, gutxi kostata edo doan. Beren kontura argitaratzen duten autoreek errazago kontrolatzen dituzte beren liburuen eskubideak, beren liburuen salneurriak erabakitzen dituzte eta salmenten zati handiagoa eskuratzen dute.
Baina gauza bat ez da aldatu: norberak argitaraturiko liburu askoren 100 edo 150 ale baino gutxiago saltzen dira, autore eta autoargitalpenean diharduten konpainietako arduradun askok diotenez. Badira arrakasta txundigarriak, jakina, eta idazle batzuek dirua egin dezakete beren ebookak merke salduz. Autoargitalpenez egindako liburu batzuek hainbesteko erakarpena dute non ohiko argitaletxeren bat haietaz interesatzen baita. (Agian autoargitalpenezko lan gisa lehenbizi irten zen “Fifty Shades of Grey” eleberriaren aditzea izango duzu)
Oraindik autoargitalpen bidez ateratako liburu gehienak "ez dira asko saltzen" zioen ebookak merke argitaratzen diharduen  Smashwords enpresaren Mark Coker buru exekutiboak. “Garbi esaten diegu gure autoreei
Pertsona batzuek ez dute arazorik horrekin. Txosten baten edo familiako historia baten 50 edo 100 ale bakarrik inprimatu nahi dituzte modu onean. Beste batzuek, ordea, amets handiak dituzte oraindik.
Funtsean bi motatako enpresak ari dira autoargitalpenean, biak amaraunean: 
NORBERAK ARGITARATZEN LAGUNTZEN DUTENAK

Enpresa horiek batez ere tapa gogorreko eta biguneko liburuak ekoizten dituzte. Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte, banaka eta paketetan, editatzea, zuzenketak egitea, marketina, harreman publikoak, sare sozialetarako sarbidea eta baita bilatzaileak liburura erakartzea ere.
Ebooken sorrerarekin, horietako gehienek originalak euskarri digitalean argitaratzen dituzte eta askok beren Interneteko liburu-dendak dituzte.
Lulu-n, esate baterako, ez duzu ezer ordaindu behar aldez aurretik. Liburu inprimatu bat saltzen den bakoitzean, salmenta-diruaren %80 jasotzen duzu, liburua ekoiztea kostatzen dena baino gehiago. 450 dolarren truke, Luluk edizio-pakete bat eskaintzen du 7.500 hitz baino gehiago dauzkaten liburuetarako (eta horrelakoak dira liburu gehienak). Luluk diseinatzaile batek sorturiko liburu-azal bat 130 dolarrean eskaintzen du eta zerbitzu multzoak ere eskaintzen ditu, hala nola editatzea, diseinua eta formateatzea, 729 dolarrean hasi eta 4.949 dolarreraino ordaintzekoak.
Amazonen sailetako bat den CreateSpace-n liburu inprimatu bat ekoizteko prozesua antzekoa da. Webgunera joaten zara, izena ematen duzu kontu bat lortzeko, eta liburu inprimatua argitaratzeko egin beharreko urratsak egiten dituzu. Zure liburu hori Amazonen bitartez saltzen baduzu, salmenta-diruaren %60 jasotzen duzu, ken inprimatze-kostua. Hautazko beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzte: edizioa, 120 dolarretik hasita, eta fitxategi inprimatua Kindlerako ebook bihurtzea, 69 dolarrean.
Dozenaerdi paketek, garestiena 4.853 dolarrean, edizio osoa, azalaren eta barruaren diseinua, sustepenerako eta publizitaterako laguntza eta liburuaren bideo-trailerra eskaintzen dituzte.
Beste zerbitzu batzuk, aipaturikoen antzeko samarrak, aurki daitezke beste webgune askotan, besteak beste Aventine Press; Self Publishing Inc.; Hillcrest Media; eta iUniverse, Xlibris eta AuthorHouse, Penguin ohiko argitaletxeak 116 milioian joan zen hilean erosi zuen Author Solutions-en taldekoak.
Alderatu itzazu arretaz prezioak, zeren eta alde handi samarrak egon baitaitezke, batez ere inprimatzean eta salmentek sortzen dituzten zenbatekoetatik jasotzen diren kopuruetan.
E-BOOKAK ETA OINARRIZKO ZERBITZU MERKEAK ESKAINTZEN DITUZTEN WEBGUNEAK

Smashwords da ebookak soilik argitaratzen dituen webgune merke horietako bat. Antzeko beste leku batzuetan bezala, argitara dezakezu liburu digital bat doan, eta gero salgai jarri Interneteko liburu-denda askotan, Smashwordsenean, Apple-renean, Barnes & Noblerenean, Koborenean eta Sonyrenean.
Salmentek sortzen dituzten diru sarrerak honela banatzen dira: salmenta-prezioaren %60 zuk jasotzen duzu, Smashwords-ek %10 jasotzen du eta dendak %30. (Smashwordsen bitartez saltzen baduzu, liburu-denda handi baten bitartez saldu ordez, %85 jasoko duzu.) Mark Coker-ek, webgunearen sortzaileak, esan zuen ez zuela inolako zerbitzurik eskainiko, ebookak norberak argitaratzea bultzatu nahi zuelako. Horren ordez, ebook bat formateatzen edo azal bat diseinatzen lagundu dezaketen zerbitzu-emaile independenteen zerrendak ematen ditu weguneak.
Scribd hasieran partekatzeko webgunea zen, non jendeak era guztietako idazkiak doan banatzen baitzituen. Orain webgune horrek Interneteko denda du, non argibideei jarraituz original bat ebook gisa argitara eman baitezakezu; norbaitek Scribden dendan erosten duenean, sortzen den diru-sarreraren %80 eskuratzen duzu.
Applek, Barnes & Noblek eta Kobok ere badituzte plataformak ebookak argitaratu eta beren dendetan saltzeko. Xehetasunak desberdinak dira batetik bestera. Applek, adibidez, iBookstoren egindako salmentek sortzen duten diru kopuruaren %70 ematen dizu; Barnes & Noblek 2,99 eta 9,99 dolar arteko prezioan bere dendan saltzen diren ebookengatik salmenten %65 ematen dizu. Googlek norbere kasa argitaratzeko aukera ematen duen plataformarik ez duen arren, haren denda irekita dago bere kasa argitaratzen dutenentzat, eta salmenten %52 ematen die idazleei.
Beti ez bada ere, gehienetan ebook bat jar dezakezu salgai, argitaratzeko aukera eman dizun enpresarenak ez diren Interneteko hainbat dendatan.
Bere kasa argitaratzen duten batzuek biziki aholkatzen dute dirua gastatzea bai paperezko liburuak eta baita digitalak ere formateatzeko laguntza lortzen; prozesu hori konplikatua, denbora asko eskatzen duena eta etsigarria izan daiteke, norberak egiteko, nahiz eta horrek ez duen esan nahi ezinezkoa izango zaizunik, pazientzia baldin baduzu eta teknologiazale baldin bazara.
Esaten dute, halaber, arretaz aztertu behar dituzula enpresa bakoitzak proposatzen duen kontratuaren xehetasunak; batzuek asko eskatzen dute tapa gogorreko eta tapa biguneko liburuak inprimatzeagatik, salmenten ehuneko eskasa eskaintzen dute edo zaila eta garestia jartzen dute autoargitalpen-konpainia bat uztea, gustura ez bazaude.
“Erosleak benetan arretaz ibili behar du hortik zehar” zioen Ron Pramschufer-ek, Self Publishing Inc.-en presidenteak “Ez sartu argitalpenaren negozioan, argitalpenaz zerbait ikasi gabe.”
Zenbait blog eta liburu badira autoargitalpenaz, lagunduko dizutenak negozioaren konplikazio ugariak ulertzen eta enpresa garden txukunak beren autoreen mesedetan baino gehiago euren mesedetan jarduten dutenetatik bereizten.
Autoargitalpenaren parterik zailena zure liburuaz arreta erakartzea da. Ia 350.000 titulu inprimatu berri kaleratu ziren 2011n, eta horietatik 150.000-200.000 autoargitalpen-enpresek atera zituzten, zioen urtero liburu berriez ikerlan bat egiten duen Kelly Gallager-ek, Bowker Market Reseach-en presidenteordeak. Hona hemen ikerketa horren emaitzak:

Autoargitalpenez egindako liburuen kalitatea oso desberdina da batzuetatik besteetara, “eta jendeak ez daki zer den ona eta zer ez” zioen teknologia berriaz albisteak eta erreseinak ematen dituen David Carnoy-k, CNET.com-en editore exekutiboak.
Carnoy-k eleberri bat argitaratu zuen bere kasa, “Knife Music,” 2008an. Aski kopia saldu zizkion argitaletxe tradizional bati. Zure liburua saltzeko hark egiten dituen iradokizunetako batzuk honako hauek dira: pentsa ezazu sormenezko marketin-kanpaina bat, proba ezazu egunero taktika berri bat, azter itzazu autoargitalpenean arrakasta dutenen estrategiak eta imita itzazu.
“Zure aurka duzun gauzarik txarrena zure liburua saltzen saiatzen zarenean jendeak hura ez ezagutzea da” zioen.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak