eOsasunaren interoperabilitatea Europar Batasunean

eOsasuna (ingelesez e Health) terminoak prozesu eta komunikazio elektronikoek lagunduriko osasun-zerbitzuak adierazten ditu. 

Hainbat motatako zerbitzuak sartzen dira eOsasuna kontzeptuaren pean:

  • Osasun-historia digitalak: pazienteen datuak osasun-arloko profesionalen artean komunikatzeko.
  • ePreskripzioa: preskripzio-aukerak eskuratzeko, pazienteei preskripzioak inprimatzeko eta batzuetan preskripzioak medikuengandik farmazialariengana elektronikoki transmititzeko. 
  • Telemedikuntza: urrundik pazienteei tratamendu fisikoak edo psikologikoak emateko, pazienteen funtzioak telemonitorizatzea barne.
  • Kontsumitzaileentzako osasun-informatika, hau da pertsona osasuntsuek nahiz pazienteek medikuntza-gaiei buruzko baliabide digitalak erabiltzeko sistemak. 
  • Osasunari buruzko jakintzaren kudeaketa: adibidez, azken medikuntza-aldizkarien berri emateko, praktika hoberenetarako gidak eskaintzeko edo epidemien jarraipena egiteko.
  • Osasun-zerbitzuetako talde birtualak, hau da, ekipamendu digitalaren bitartez pazienteei buruzko informazioa partekatzen duten eta lankidetzan jarduten duten osasun-arloko profesionalen taldeak.
  • mOsasuna: tresna mobilen bitartez osasun-datu agregatuak nahiz paziente mailakoak erabiltzeko sistemak, praktikan edo ikerketan diharduten profesionalei edo pazienteei datu horiek eskaintzeko, denbora errealean pazienteen funtzioak monitorizatzeko, etab.
  • Medikuntzako ikerketa sare bidez: ordenagailu askoren prozesatzeko ahalmena  elkartuz datu multzo erraldoiak kudeatzeko sistemak
  • Osasun-zerbitzuetako informazio-sistemak. Hala nola hitzorduak emateko softwarea, pazienteen datuak kudeatzekoa, lanak planifikatzekoa, osasun-zerbitzuen administraziokoa, etab.
Arlo honetan Europar Batasunak arazo garrantzitsu bat du, hainbat herrialdeetako osasun-zerbitzuak elkarlanean jardun behar dutelako. Horregatik, 2012an, Europar Batzordeak eOsasunerako Interoperabilitate Marko Europarra garatzeko helburua jarri zuen. Helburu horretarantz eman zuen lehen urratsa txosten bat enkargatzea izan zen. Dagoeneko txostena egina dago eta hemen dago eskuragarri. Berez lau txosten dira guztira:

  1. Egindako azterketaren gida, haren aurrekariak eta Europar Batasunak eOsasunaren interoperabilitatearen atzean duen politikaren berri ematen duena.
  2. Gaiak izan behar lukeen orientazio nagusiaren lehen planteamendu orokorra.
  3. Garapena egin behar duten organizazioen profila ebaluatzeko tresna.
  4. Markoaren atal teknikoaren behin-behineko lehen bertsioa.
IKTen bidezko soluzioen eta datu-trukearen interoperabilitatea lehenbiziko baldintza da osasun-zerbitzuen katea osoa hobeto koordinatzeko eta integratzeko Europar Batasunaren mailan. Lantzen ari diren markoak interoperabilitate-estandarren eta espezifikazio teknikoen erabileran bateratzera jotzea eta herrialdeetako eOsasun-sistemen interoperabilitatea areagotzea sustatuko du.

Interoperabilitateak lau arlo hartzen ditu: legala, antolakuntzakoa, semantikoa eta teknikoa. Zehazki interoperabilitate semantikoari dagokionez, hiru motatako baliabideak planteatzen dira:
  • Kontzeptuak errepresentatzeko sistemak.
  • Datu-itemak antolatuko dituzten eta item bakoitzeko terminologia-azpimultzoak mapeatuko dituzten eredu klinikoak.
  • Osasun-historia digitalen ereduak. Arlo honetan kodetze-sistemak bateragarri bihurtu behar dira eta garrantzi handia dute medikuntza-hiztegiek.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?