3D inprimagailuz egindako bihotzeko inplanteak

Iturria: MIT Technology Review

Gutako bakoitzaren bihotza besteen bihotzetatik apur bat desberdina da tamainaz eta formaz. Bihotzeko inplanteak, aldiz, guztiontzat tamaina beretsukoak dira. Oso lagungarriak dira eta bizitza asko salbatzen dituzte, baina mugak dituzte informazioa biltzearen aldetik.

Berrikitan ikertzaileek bihotzeko sentsore berri bat erakutsi dute, ments hori erremediatzeko bidean ekarpen interesgarria egiten duena. Ikertzaileok animalien bihotzen irudiak erabili dituzte, organoaren ereduak sortzeko, 3D inprimagailu bat erabiliz. Gero eredu horiei zirkuitu elektroniko elastiko batzuk ezarri dizkiete. Material elastiko hori aska daiteke eredu inprimatutik eta benetako bihotzaren gainean ezarri, hari ezin hobeki egokituz. 

Ikertzaile-taldeak inoiz baino osagai gehiago integratu ditu gainera gailu horietan: sentsore-matrizeak, oxigenazio-detektoreak, tentsio-galgak, elektrodoak eta termometroak, bihotz jakin baten forma eta tamainara guztiz egokituak. Pazienteentzat horrek esan nahi du monitorizazio eta tratamendu aproposagoa jasoko dutela. 

Oraindik hobetu beharrean dagoen gailu bat desfibriladorea da. Horrek gaizki dabilen bihotzetik informazioa jasotzen du, elektrodo baten edo biren bitartez, shock elektriko bat ezarri behar zaion erabakitzeko, berriro taupada normaletan funtzionatzen has dadin. Puntu batetik edo bitik bakarrik jasotako informazioaz, sistema horietako elektronikak har dezake erabaki okerra, pazienteari alferrik sufriaraziz shock mingarri bat. Hurrengo urratsa izango da hainbat sentsore dituen gailu bat garatzea. Sentsore horiek aldagai batzuk neurtuko dituzte. Esate baterako, azidotasuna neurtzen duen sentsore batek atzeman dezake arteria koronario bat blokeatu den zantzua. 


Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak