Zertan datza Volkswagenen iruzurra?

Iturria: Vox

2009az geroztik Volkswagen software iruzurti bat instalatzen ari izan da AEBetan saldu dituen 482.000 auto "diesel garbi"etan, autoaren kutsadura-kontrolak isurpenak kontrolatzen direnean soilik funtziona dezan. Egoera horretatik kanpo, ibilgailuek aska ditzakete konposatu arriskutsuak kontrolik gabe. 


AEBetako Ingurumena Babesteko Agentziak 2015-09-25ean adierazi zuen Volkswagenek Aire garbiaren legea urratu duela, eta, arazo hori duten autoetan behar diren aldaketak egitea agintzeaz aparte, 18 mila milioi dolarreko isuna jar diezaioke marka alemanari. Arazoa Golf, Jetta, Beetle eta Passat modeloetako TDI bertsioek dute. Justizia sailak kargu kriminalak ere ari da aurreikusten. 


Volkswagenek aitortu du mundu osoan zehar saldutako 11 milioi diesel autok kontroletan iruzurra egiteko softwarea daukatela, gehienak Europan dabiltzanak nonbait. Benetan arazo larria du hortaz Volkswagenek. Martin Winterkorn enpresaburuak dimisioa aurkeztu du.

Konpainiak 2015eko eta 2016ko diesel ibilgailu garbiak saltzeari utzi dio AEBetan eta orain errepidean dabiltzan milioika autotan aldaketak egin beharko ditu. Dagoeneko 7 mila eta 300 milioi dolar jarri ditu arazoari aurre egiteko. Bitartean, Volkswagenen akzioak kolpean jaitsi ziren eta kapitalizazioaren herena galdu zuten astebetean.

Eskandalo honek, ordea, arazo larriagoak azaleratu ditu: zergatik egin behar zuen Volkswagenek iruzurra? Eta zergatik izan zaio hain erraza urtetan erregulatzaileak engainatzea? Galdera horiei erantzuna bilatzeko, lehenik eta behin, diesel ibilgailu garbien historia nahasiari begirada bat eman behar diogu. Ustez, diesel autoek erregai-kontsumo txikiagoa eta kutsadura gutxiago eragiten dute. Bi gauzak aldi berean lortzea ez da erraza.

Gaur egun erabiltzen diren barne eztandako motorrak bi motatakoak dira: dieselak eta gasolinazkoak. Bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu. Diesel motorrak aspalditik oso erabiliak izan dira Europan, batez ere erregai gutxi kontsumitzen dutelako. Diesel erregaiak energia gehiago dauka litroko gasolinak baino, eta diesel motorrek errendimendu hobea dute. Karbono dioxido gutxiago ere isurtzen dute, baina badute alde txar bat ere: nitrogeno oxido (NOx) gehiago isurtzen dituzte. Gas horiek kutsagarriak eta osasunarentzat kaltegarriak dira.

Arrazoi horiengatik diesel autoak ez dute arrakasta handirik izan AEBetan. Europan, aldiz, isurketak mugatzeko arauak laxoagoak izan dira, erregaiaren kontsumo txikiagoaren mesedetan. Europan turismoen hirutik bat gutxi gorabehera dieselak dira. AEBetako politikak, ordea, aldatu egin dira 2009az geroztik, Obamaren administrazioak estutu egin ditu kontsumoa gutxitzeko arauak eta gainera diesel teknologia garbiago bihurtzen joan da, sufre gutxiago daukaten erregaiei, motorretan lortu dituzten hobekuntzei eta isurketak kontrolatzeko teknologiari esker. Horregatik, auto-fabrikatzaileek interes handiagoa izan dute diesel auto "garbiak" kaleratzeko. Auto horiek kontsumoaren eta kutsaduraren arteko kontraesan hori ez zutela zioten. Auto horiek gero eta gehiago zabaldu dira AEBetan, nahiz eta oraindik ere %1 baizik ez diren.
 

2009az geroztik, Volkswagenek 482.000 diesel auto garbi baino gehiago saldu ditu, lau zilindroko turbo injekzio zuzeneko motorra dutenak. Passat, Jetta, Golf, Beetle, eta Audi A3 modeloetakoak daude horien artean. Kontua da Volkswagenek ez duela lortu errendimenduaren eta kutsaduraren arteko oreka hori, eta gezurretan ibili dela, bai baitakigu orain autoak daraman softwarean kodea sartu duela direkzioaren eta pedalen mugimenduak detektatzeko eta horrekin probak laborategian, autoa geldirik dagoela, egiten zaizkionean motorraren funtzionamendua automatikoki aldatzen duela, nitrogeno oxidoen isurketak gutxitzeko. Errepidean, ordea, kutsaduraren kontrola desaktibaturik egoten da.

Urtetan inor ez da ohartu amarruaz baina International Council on Clean Transportation izeneko talde independente batek jakin nahi izan zuen zergatik ziren hain desberdinak laborategiko probak eta errepideko funtzionamendua. Hori argitu nahian, West Virginia Universityko ikertzaileekin elkarlanean, saiakuntza bat egin zuten, auto baten ihestutuan sentsore bat jarrita, eta San Diegotik Seattleraino joan ziren. Emaitza txundigarria izan zen, arauek ezartzen zituzten mugak baino 15-35 bider handiagoak izan baitziren nitrogeno oxidoen isurketak.

2014ko maiatzean, bai Californiako airearen kutsaduraz arduratzen den agentziak eta bai Ingurumenaren Babeserako Agentziak (EPA) Volkswageni agindu zioten iker zezala eta konpondu arazoa. Konpainiak erantzun zien hori egina zuela. Berriro ere, autoek ondo pasatzen zituzten laborategiko probak baina errepidekoak ez. Une horretan, EPA galdeketa zorrotzak egiten hasi zitzaion Volkswageni diferentzia horretaz, are mehatxatuz ez ziola onartuko diesel auto garbien 2016ko lerroa. Azkenean Volkswagenek aitortu zuen softwarean ezkutatua zeukala iruzurra egiten zuen kodea. Eskandaloa piztu zen.


Volkswagen-ek ez du azaldu zehazki zergatik egin duen iruzurra baina kanpoko analistek badute susmo sendo bat: NOx-en isurketen kontrolak seguru asko autoen errendimendua jaisten du aktibatzen denean. Bestela esanda, Volkswagen ez da gai izan errendimendu ona eta legeak onartzen dituen mugen barruan mantentzen diren isurketak dituzten motorrak egiteko, edo ezin izan du hori egin, nahiko lituzkeen irabaziak lortzekotan.  Beraz, errendimenduaren eta kutsaduraren arteko konpromiso hori garbitasuna sakrifikatuz "konpondu" zuten. Hori erregulatzaileak engainatzeko software baten bidez egin zuten. Legearen kontrakoa zen hori eta harrapatu egin zituzten.

Dena den, Volkswagen ez da izan lehen konpainia saiakuntzetan iruzurra egiten. Beste batzuek ere, hala nola Caterpillar eta Volvo kamioi-fabrikatzaileek antzeko zerbait egin zuten 1998an. Laborategiko probetan kutsagarri gutxiago isurtzeko programatu zituzten beren kamioiak, eta errepidean, aldiz, ez zen hori bera gertatzen. Hori ikusita, 2017ko modeloentzat Europako erregulatzaileek laborategiko probez gain errepidekoak ere eskatuko dizkiete auto-fabrikatzaileei.

AEBetako eskandaloa ez da horretan geratu. Konpainiak aditzera eman du munduan zehar salduriko 11 milioi diesel auto garbik arazo hori dutela. Auto horietako gehienak Europan daude. Konpainiak erabaki du Volkswagen eta Audi marketako TDI diesel motor garbiak dituzten autoak AEBetan saltzeari utzi egingo diola, eta litekeena da salduak dituenei arazoa konpondu behar izatea eta gainera sekulako isuna ordaindu beharra ere bai. AEBetako Aire garbiaren legeak auto akastuneko 37.500 dolarreko isuna jartzea ahalbidetzen du. Hori gertatuko balitz isuna guztira 18.000 milioi dolarrekoa izan liteke. Horrek zer zama lekarkiokeen ohartzeko pentsa konpainiaren iazko irabaziak 12.000 milioi dolarrekoak izan zirela.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?