Marka-edukia (Brand-Content)

Gaur egun marka komertzialek, publizitate-mezuez aparte, aldizkariak, bideojokoak, film laburrak edo bideoak kaleratzen dituzte eta ez beti saltzen dituzten produktu edo zerbitzuekin zerikusi zuzena duten gaiez. 


Hori berez ez da gauza berri-berria ere. Aspaldi hasi ziren Black & Decker bat edo Reebok bat horrelako gauzak egiten, baina orain joera horrek sekulako garapena du, zenbait faktorek eraginda, bereziki digitalizazioak. Fenomeno horri hainbat izen eman dizkiote, baina guk marka-edukia deituko diogu.


Markaren komunikazioaren xedeak aberatsago bihurtzen joan dira denborarekin: hasieran identifikazio hutsa zuen helburu, gero estimazioa bilatzen zuen eta orain kontsumitzailearen atxikimendua du jomuga.


Azken xede hori bilatzeak gaur egungo marka-edukiek ezaugarri berezi batzuk izatea ekarri du:
  • Edukiak berez du interesa; ez da publizitatea bideratzeko soilik
  • Produktua edo zerbitzua ez da edukiaren muina, ostera, edukiak hura kultur testuinguru zabalagoan kokatzen du
  • Komunikazioaren hartzaile potentziala ez da erosletzat hartzen, publiko baten kide bezala baizik, eta markak aukera eman nahi dio hari, esperientzia bat bizitzeko, esan nahi baita dibertitzeko, ikasteko, lagungarri gertatuko zaion zerbait jakiteko, etab.
Eduki hori izan daiteke norbaitek markarentzat pentsatu ez duena, baina, markak egoki ikusten duelako, bere irudiarekin elkartzen duena, edo izan daiteke markak etxe barruan, argitaratzaile gisa jokatuz, lantzen duena edo enkarguz sortzaile batzuek egiten diotena.

Marka eta edukia lotzeko xede horrek jarduera eta lanbide berriak ari da eskatzen. Publizitate-agentzia handi guztiek jarraitzen dute joera berria, eta zinez lan mota berria da haientzat, trebetasun berriak garatzea eskatzen diena. Markaren atzean dagoen enpresarentzat ere lan berria da, gauza bat baita produktuak ekoitzi eta saltzea eta beste bat edukiak argitaratzea. Edukiak sortzen eta banatzen ohiturik dauden argitaletxe, telebista-kate, film-ekoizle, eta abarrentzat ere, markarekiko lotura hori lantzea gauza berria da.

Gai honetan sakondu nahi izanez gero, hona obra interesgarri bat:




Brand content
Matthieu Guével,Daniel Bô
Bilduma:Tendances Marketing, Dunod, 2009
224 orrialde
160x210 mm
EAN13 : 9782100533794 

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak