Europako Batzordean liburu digitalen gaiaz arduratzen den Neelie Kroes-en hitzaldia Frankfurten


Frankfurt-eko Liburu-feriaren irekiera-hitzaldia, Europar Argitaletxeen Federazioaren ordezkari  eta kideen aurrean egina.
Frankfurt, 2011ko urriak 13

Jaun-andreok
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Europar Argitaletxeen Federazioari, hain entzule ospetsuen aurrean hitzaldia egitera gonbidatu nauelako.
Liburuek lagundu egiten diote Europako gizarteari, kultur eta politika-ideiak zabalduz, aurkikuntza intelektualak kontserbatuz, edo, besterik gabe, entretenimendu adimenduna eskainiz. Baina liburuaren forma ez da gauzarik inportanteena; marmeladak axola du, ez potoak.
Mundu zabalean, liburu mota adina irakurle mota daude. Teknologia berriak irakurle horiengana guztiengana iristeko aukera ematen digu: hainbat negozio-eredu eskaintzeko egokituagoak konta ezin ahala beharri, hasi ikertzaile akademikoenetatik eta inoiz edo behin hondartzan irakurtzen duen irakurlearenetarainokoei. Trantsizio digitalak iraul dezake informazioa eskuratzeko dugun modua. Eta irakurtzeko beste era batzuk agertzeak --zehazki e-bookenak- aldatuko du argitalpen-sektorea.
Zuentzat abagune bikaina da. Orain aukera duzue argitalpen-sektoreak berea dituen sormena, dinamismoa eta dedikazioa erakusteko. Teknologia digitaleranzko trantsizioari heltzeak Europako kulturaren sendotasunak sustatzeko eta mantentzeko helburu erkidea lortzen laguntzen du.
Jakina, oreka zail bat lortu beharra dago argitaletxeen eskarmentua, balio-katearentzat funtsezkoa dena, mantentzearen eta negozio-eredu berrientzako sormen-espazioa ahalbidetzearen artean. Baina espero dut argitaletxeak gai izango direla oreka aurkitzeko, mundu digitala garatzen jarraitu arren.
Pozten nau zuek dagoeneko Batzordekookin hainbat arlotan lankidetza estuan aritzeak, hala nola eskubideen likidazioan, argitaletxeen berrikuntzarako beharretan eta "online liburutegietan".
Baina, zein da gure eginkizuna batez ere? Nire filosofia orokorra da herri-agintariak laguntzaileak izan behar luketela, paradigma berri baten barruan industri egitura berriak sortzeko espazioa utziz. Jar ditzadan adibide batzuk.
Lehena, bermatu beharko genuke politika publikoak, adibidez zergen tratamenduak, ez duela distortsionatzen garatzen ari den merkatua, ez duela faboritismorik erakutsi behar soluzio teknologiko desberdinen artean. Oraingo krisian, ez genuke bazterkeriaz jokatu behar, hazkundea sortzeko gaitasuna duten sektoreen aurka. Beraz, argi dago eduki digitalaren zergen tratamendua bateratzeko lan egin behar dugula. Gaur egun, ordea, e-booken aurkako diskriminazioa dago, liburu inprimatuei baino BEZ altuagoa ezartzen baitzaie estatu kide gehien-gehienetan. Nire batzordekide Algirdas Semetak lanean dihardu horretan. Nire iritzia ondo ezaguna da: ez dezaket esplika zergatik e-bookek eta liburu inprimatuek zerga desberdinak dituzten. Oraingoz, estatu kideek Batzordearen BEZari buruzko Txosten Berdeari emandako erantzun gehienetan, puntu horri buruzko kontserbadurismo maila benetan etsigarria atzeman dugu.
Bigarrena, copyrightari heldu behar diogu. Copyrightak gizartearen garapen kultural eta ekonomikoari laguntzen dio. Negozio-eredu berriak copyrightez babesturiko lanak ari zaizkie eskaintzen entzuleria handiei, Europar Batasunean zehar. Eta, hemen, Europan, kultura sortzaile dinamiko honi lagunduko dion copyright-sistema behar dugu.
Horrelako sistema batek guztien eskubideak orekatu behar ditu. Egileek beren lanaren aitormena jasotzekoa, eta Europar Batasunean dagoen 500 milioi pertsonako irakurleria potentzialarentzat lan hori erraz sustatzekoa. Argitaletxeek duten eskubidea banaketarako negozio-eredu berritzaileak esperimentatzeko, garatzeko eta haietatik probetxua atera ahal izateko. Eta hiritarrek Europako kultur ondarearen edertasunaz gozatzeko, kontinenteak eskaintzeko duen onenaz hezitzeko eta informazioa jasotzeko eskubidea.
Eskubide diferente horiek orekatzea erronka bat da: bereziki ikusentzunezkoen arloetan, non lizentzia pan-europarrak ez baitira praktika estandarra. Arazo hori, zorionez, ez da liburuaren merkatukoa soikik. Badakit, normalean, argitaletxeak lan ona egiten ari direla, mugez gaindiko lizentzietan. Baikorra naiz ikusten dudanean, are ikusentzunezko lanetan, copyright arazoen eta barne merkatuaren arteko erlazioei buruzko oso gai bihurriei heltzen zaiela, esate baterako "Premier League"ren kasuak erakusten digun bezala. Premier Leaguek auzitara eraman zituen hainbat pub, Premier Leagueko partidak zuzenean harpidetza bidezko Erresuma Batutik kanpoko telebista-zerbitzuak erabiltzeagatik. Epaitegiak iritzi zion beste estatu kide batean legalki merkaturaturiko atzerriko dekodegailu txartelak inportatzea, saltzea edo erabiltzea debekatzen duen legedi nazionala Itunaren kontrakoa dela. Hori musika da nire belarrientzat, baina kontsumitzaileentzat nahiz ikusentzunezko edukien sortzaile eta banatzaileentzat benetan ondorio garrantzitsuak izango dituen kasu horretan ere, aipagarria da eskubidedunen borondatezko erabakiak sistemaren erdigunean jarraitzen dutela.
Hirugarrena, IKTen munduan, estandarrek eta estandarizazioak—makinaren pieza guztiak bat etortzea bermatzen dutenek—lehiakortasuna, berrikuntza eta lehia bultza ditzakete. Argitalpen elektronikoen sektorea garatu ahala, kontuan hartu beharra izan dezakegu hemen ere interoperabilitatea nola lortu. Horrek esan nahi du, adibidez, jendeak erosi ahal izatea edozein tresnatarako edozein hornitzaileri, eduki hori bere tresna batzuetatik beste batzuetara pasatu ahal izatea, eta edukia ez galtzea tresnaren bizitza bukatzen denetik aurrera ere. Horrek irekitasuna, askatasuna eta aukera emango lizkioke kontsumitzaileari, eta hori onuragarria izango litzateke merkatuko jokalari txikiagoentzat ere, esate baterako liburu-denda independenteentzat. Estandar irekiak badaude arlo horretan, baina nekez ari dira indarra hartzen.
Azkenik, herri-agintariek eduki digital komertzialaren eskaria sor dezakete. Lan umezurtzei buruz proposatu dugun zuzentarauak, orain Kontseiluari eta Parlamentuari aurkezturik dagoenak, lagundu dezake horretan: batez ere interes publikoko lanei zuzendua den arren, horren ondorioz egingo den eskala handiko digitalizazioak lagundu dezake lan digital komertzialen eskariaren eragile bihur daitekeen erabiltzaile-basea sortzen. Eta baikorki uste dut eredua hedatuko dela beste medioetara, hala nola argazkietara. Badakit gaur egun eragozpen bat dagoela horretarako: arlo horretan bilaketak egiteko azpiegitura falta dela, baina lan egin behar dugu, era horretako eragozpenak gainditzeko. Eta zuzentarauak atea irekita uzten die hori egin nahi duten estatu kideei, urrunago joateko, digitalizazioa zabaltzea sustatzeko – batzuek dagoeneko egin duten bezala.
Era berean Europeana ekintza, Europar Argitaletxeen Federazioa zuzendaritzan duena. Nik Europeana sendotu nahi dut, Jakintsuen Batzordearen gomendioak jarraituz, guneak irispidean jar ditzan copyright peko lanak, umezurtzak eta baita jabari publikokoak ere.
Guk denok badakigu produktu kulturalak digitalizatzea, liburuak barne, egundoko lana dela. Eskubideen jabeek, liburutegiek eta IKTetako konpainiek lankidetza estuan jardun behar dute hori lortzeko. Kultur edukiak eskuratzea zabaltzeko IKTak erabiltzeari dagokionez, ongietorria ematen diet planteamendu berritzaileei, sektore pribatuak parte hartzeari barne, horiek jabego intelektualaren eskubideak eta lehiaren erregelak errespetatzen dituzten neurrian.
Zuek, argitaldariak zareten aldetik, oso ekintzaileak zarete soluzio operazionalen eta legalen bilaketan. Batzordea berrikitan bitartekari izan duen merkatuz kanpoko lanei buruzko txostena, adibidez, interesdunen arteko lankidetzaren etsenplu bikaina izan da. Horrek borondatezko lizentzia kolektiboak sustatuko ditu; eta liburutegiei, argitaletxeei, egileei eta diru-bilketaz arduratzen diren bazkunei merkatutik kanpora dauden liburuak digitalizatzea ahalbidetuko die, eta haiek eskuragarri jarriko ditu mugez gaindi.
Interesdunek eragindako plateamendu hori erabiltzen jarraituko dugu ahal den guztietan. Beste kasu batzuetan legeak egin ditzakegu eta egingo ditugu,  Europar Batasunaren mailan behar denean, lan umezurtzetarako egiten ari garen moduan.
Ondorioak
Jaun-andreok,
Liburu-maitale naizen aldetik, sinetsirik nago tweetaren eta Interneteko  berehalakotasunaren tentazioek ez dutela guztiz ordezkatuko irakurgai luze on batean murgiltzeak duen atsegina. Zinez sinesten dut liburuak argitaratzearen industriak helduko diola biharko gizarte teknologikoak izango duen liburu-premia elikatzeari, direla paperezkoak, direla elektronikoak.
Eskerrik asko.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?