Paradigma-aldaketa Alemaniako argitalpen-munduan?

Amanda DeMarco-k, Frankfurt-eko Feria dela eta PublishingPerspectives-ek argitaratzen duen buletinean urriaren 14an argitaraturiko artikulua euskaraturik.


Alemaniako liburu-denda katerik handiena den Thaliak Alemanian e-book salmentan liderra den textunes enpresa sortu berria erosi du berrikitan, bere negozioa dibertsifikatzen ahalegindu ostean, paradigma-aldaketa bilatu nahian. 

Berlinen egoitza duen textunes-ek bereizgarri  sozialak dituen irakurketa-softwarea hainbat plataformatarako eskaintzen du eta e-booken denda bat eramaten du. Alemanian e-booken negozioan hamar konpainia garrantzitsuenen artekoa da textunes; herrialde hartako e-booken merkatuaren %7-%8ko salmenta-kuota du. Enpresa sortu berri hori berrikitan Alemaniako liburu-denda katerik handiena den Thaliak erosi du, ezagutzera eman ez duten prezio batean, hainbesteko anbiziorik gabe jaio zen enpresa sortu berriaren gorakada geraezina horrekin areagotuz.


2008an Simon Seeger [textunesen sortzaileetarikoa eta gaur egungo burua] Onkel & Onkel argitaletxe aleman txikiaren argitaratzaile (eta gaur egun textunesen eduki-lizentzien buru egiten duen) Volker Oppman-i laguntzen ari zitzaion opari- eta nobedade-liburuak sustatzen. "Orduan Volker-ek eleberrietara pasatzeko ideia txarra izan zuen", dio Seeger-ek ironiaz. Beste edozein lekutan bezalaxe eleberriak nekez saltzen dira Alemanian; batez ere zaila gertatzen zaie hori liburu-dendetako apaletan lortzeko zailtasunak dituzten argitaletxe txikiei. Haiek sortzailea zen zerbaitez erakarri beharra zuten jendearen arreta, eleberriek arrakasta izatea nahi bazuten.


"Esan genuen, 'Ondo da, industria osoa ari da e-bookez eta Sony-ren gauza arraro [Reader] horretaz hitz egiten,'" dio Seeger-ek. Baina irakurgailu dedikatuek desabantaila bat dute: "Jendeak diru estra bat gastatu behar du irakurgailu bat eskuratzeko, eta erabaki genuen harreman publikoetako kontua bihurtzea eta alemanezko lehen e-booka iPhone-rako argitaratzea."

Egitasmoa 2008ko Frankfurteko Liburu Ferian aurkeztu zuten. Alemaniako telebista-ekipo bat noraezean zebilenean Sonyren standaren bila, programa bat Reader-ari buruz egiteko, textunes-ek bide zuzenean jarri zuen eta zertxobait esan zioten euren proiektuaz. ""Azkenean, programaren erdia gutaz izan zen eta beste erdia Sonyri buruz", dio Seeger-ek. Gero, beren liburuak  iPhonerako eskuragarri jarri nahi zituzten beste argitaletxe batzuen eskariak jasotzen hasi ziren. "Eskatzen ziguten haientzat egiteko gauza bera eta pixkanan-pixkanan negozio eredu bihurtu zen, eta, egitasmo batetik abiatuta, konpainia izatera iritsi ginen."


Hasieran, textunesek zerbitzu-hornitzaile gisa lan egin behar izan zuen, eta baita e-book saltzaile eta plataforma gisa ere, argitaletxeek ez baitzuten ekoizteko know-howrik (eta sarritan ezta e-booken eskubiderik ere). Orain, dio Oppmann-ek, "azkenean zentra gaitezke banaketan!"


2009ko udaberrian sortu zen textunes konpainia independente moduan, akzioak theCo.de AG software-enpresa alemanari,  Michael Oestereich software-garapeneko buruari eta Simon Seeger marketin eta finantzetako buruari salduz. Seeger-ek badu eskarmentu orekatua argitalpenetan, merkataritza elektronikoan eta softwarearen garapenean, textunesek arrakasta izateko.

Oppmann ados dago: "Argitaletxe batean hasia baitzen, bide-irekitzailea izan zen...Goi-mailako elkarrizketara gonbidatu gintuzten eta beste konpainia batzuek (bereziki software konbentzionala garatzen dutenek) ez zuten ezta hitzordurik ere izan."



Thaliak textunes erosiko zuela abuztuaren erdialdera iragarri zuten, eta bi parteek nahiko isilik eduki zituzten lankidetzaren xehetasunak ordurarte. Egitura muntatu bitartean, textunesen hiru fundatzaileek konpainia kudeatzen jarraituko dute.

Thaliak ez du irakurtzeko aplikazio propiorik bere Oyo tresnarako, nahiz eta agindua duen bat eskainiko duela. Seeger-ek berretsi zuen textunesek orain aplikazioa garatzeko ardura duela: "mundu guztia ari da horretan lanean. Esperientzia handia metatu dugu azken bizpahiru urtetan, eta ikusiko duzue eta nabarituko hori, aplikazioaren barruan."

Seeger-ek gehitzen du: "aplikazioak eta tresnak izozmendiaren gailurra baizik ez dira eta zerbitzari-adimeneko azpiegitura du horrek azpian: erabiltzaileei buruzko guztia, haien datuak, eskubideen kudeaketa, zer e-book irakurtzea baimentzen zaien haiei, eta hori guztia." Imajinatu besterik ez dezake batek egin, "hori guztia" bolumenez eta garrantziz textunesek eta Thaliak elkarlanean egin dutena baino askoz gehiago dela.

Denboraldi batean, Thalia kanal anitzetako salmentari eta liburuak ez diren gauzen salmentari garrantzia ematen aritu da, beste organizazio batzuekin, hala nola STA Travelekin eta Pocket Shop liburu-denda kate suediarrarekin, eta textunes erostea bere negozioa dibertsifikatzeko eta bere denda fisikoetan liburuak saltzean hainbeste ez oinarritzeko saio luzeagoaren partetzat har daiteke.



Alabaina, Thaliak textunes erosteak eta ez harekin partaidetzan jarduteak esan nahi du epe luzera begirako erabakia dela, agian ez dibertsifikatzeko, baizik eta paradigmaz aldatzeko.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak