Liburuaren industria trebetasun digitalen falta nozitzen ari da

Iturria: http://www.thebookseller.com


Liburuaren industria ez da nahikoa egiten ari pertsonala erakartzeko eta trebatzeko e-booken salmenten gorakadari etekina atera ahal izateko, FutureBook webguneak aurten egin duen Digital Census inkestak erakutsi duenez.
2.200 pertsona baino gehiagori egin zaien inkesta horrek --horietatik ia hiru laurden industrian lan egiten dutenak-- erakusten du argitaletxeen erdiak baino gehiagok (% 51,1ek) badutela gaur egun sail digital berezi bat. Bostetik batek gutxi gorabehera (22,8k) esan du guztira duen pertsonala gehitu egin duela digitaleranzko urratsa egitearen ondorioz. 
Baina, argitalpen digitalak egiteko funtzioak sendotzeko ahalegin horiek egin dituzten arren, inkestaren erantzule askok oraindik uste dute argitaletxeak ez daudela behar bezala horniturik, sortzen ari diren plataforma digitalek dakartzaten abagune eta erronkei erantzuteko. Zazpitik batek baino gutxiagok (% 13,4k) uste du industria nahikoa laster ari dela trebetasun berriak eskuratzen, erronka digitalei erantzuteko.
Erantzule batek hauxe esan zuen: "Batzuk ari dira [trebetasun berriak eskuratzen], baina argitaletxe tradizional asko atzeraturik dabiltza, bai merkatu berrian duten tokiaz duten kontzepzioaren aldetik eta baita beren pertsonala behar bezain laster trebatzeko borondatearen aldetik ere." Beste batek honako hau gehitu zuen: "Zenbait pertsona eta zenbait editorial eta zenbait arlo ariko dira [birtrebatzen], baina atzerapen handia dago."
Inkestak aurkitu ditu halaber beldur direnak argitalpen arloan eskaintzen diren soldatek ez ote diren talentu digital handiena dutenak erakartzen ari. Inkestari erantzun dioten argitaletxeen bostetik bik baino gehiagok (% 43,2k) uste dute beren soldatak eskasegiak direla, behar dituzten pertsonak [talentu digitala dutenak] erakartzeko. "Badira industria askoz lehiakorragoak [talentu digitala duten] pertsona horientzat" esan zuen batek.
Giza baliabideak eta trebakuntza izango dira maiatzaren 5ean FutureBook konferentzian eztabaidatuko diren gaietako batzuk. Faber-en buru exekutibo Stephen Page-k gaur egungo argitaratzaile batez eta organizazio batean aldaketa gidatzeko moduaz duen ikuspegia azalduko du, eta Nick Harkaway autoreak moderatuko duen mahai-inguru batek, berriz, digitalak argitaletxearen zeregina nola aldatzen duen,  argitaratzaile berriak nortzuk izango diren eta haiek zer trebetasun izan beharko dituzten eztabaidatuko du.
Iazko FutureBook konferentzian Skillset-en argitalpen-sektoreko kudeatzaile Suzanne Kavanagh-ek esan zuen kezkatzen zuela argitaletxeen % 41ek bakarrik antolatzea bere pertsonalarentzako trebakuntza-saioak, eta telebista-konpainien artean % 63k antolatzen dituztela ikusteak. Skillset-en Publishing Digital Futures egitasmoak trebetasun digitalak eta kudeaketa-trebetasunak ikusi zuen direla trebakuntza beharrik handienak dituzten bi arloak. 

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?