Koloretako liburu irudidunak ebook formatuan jartzea erraza al da?

Gero eta irakurgailu gehiago daude koloretako edukiak erakuts dizaketenak; batez ere nagusitzen ari diren tabletak. Hortaz, dagoeneko koloretan inprimaturik argitara eman izan diren eduki batzuk euskarri digitalean ere koloretan eskain litezke.


Horrela esanda erraza dirudienak, ordea, baditu bere zailtasunak. Irudiekin batera testurik ez duten liburuen kasuan edo testuak irudiekin zerikusirik ez duten kasuetan zailtasun handirik ez da izango, baina irudiak eta testuak elkarrekin joan behar dutenetan ez dira gauzak hain errazak izango.


HTML5 eta EPUB3 formatuek lagunduko dute zailtasun horietako batzuk gainditzen, izaera teknikoa dutenak, hain zuzen, baina tamaina desberdinetako pantailetarako edukiak prestatzea  arazo izaten jarraituko du. Izan ere, testua soilik duten liburuak tamaina baterako baino gehiagotarako prestatzeak ez du zailtasun berezirik, orrialdeen egitura mantendu beharrik ez dagoelako. Testua isurarazten da eta kito. Baina irudien eta testuen arteko harremana zaindu behar denean, hori ezinezkoa da. Testuak eta irudiak pantailak duen tamainaren arabera eskalatzea ez da irtenbide ona, pantaila txikietan testua irakurgaitza gerta daitekeelako eta, alderantziz, pantaila txikietan testua ondo ikusten bada, handietan hutsarteek maketa asko desitxura dezaketelako.


Tamaina bakoitzarentzat maketazio bat egitea, berriz, jasangaitza izango da  ekonomiaren ikuspegitik. Pantaila  txikietarako pantaila handietarako egokia den maketa bera erabiltzea ere ez litzateke soluzioa, pantaila txikiak dituzten erabiltzaileek scrolla etengabe erabili beharko luketelako.


Argazki-bilduma antolatu eta etiketatuek izan dezakete hala ere abagunerik. Horietan garrantzitsua ez baita maketa izango, bilaketarako erraztasuna baizik.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?