Ebookak indarra hartzen ari dira Europan, AEBn baino beranduago bada ere

Iturria: Kate Millar (AFP) 

Liburu elektronikoak, argitalpen-munduan urtetan zeresan handia eman ondoren, indarra hartzen ari dira Europako irakurleen artean, nahiz eta AEBn baino beranduago abiatu ziren, sektorekoek diotenez. Liburu digitalek Europako herrialdeetan duten merkatu-kuota oraindik AEBkoa baino txikiagoa da, baina Frankfurten egun hauetan izaten ari den liburu-azokan dauden argitaletxeak baikor agertzen dira azkenaldian izan duten hazkundearekin eta dituzten aurreikuspenekin. 

Haiek esan dute irakurgailu elektronikoak geroago iritsi zirela Europako herrialde batzuetara eta, bestalde, ebookak garestiegiak izan direla irakurleek haietara jo zezaten, paperezkoak alde batera utzita. Juergen Boos-ek, azokaren zuzendariak, iradoki zuen Europan oro har badela liburu fisikoarekiko halako atxikimendu bat eta objektu kultural gisa estimatzen dela, eta horrek ebookari galga jarri izan diola. "Ez da aukerarik ez dagoelako, ebookak hor daude... gehiago da fenomeno sozial bat", esan zuen, Alemaniari buruz ari zela, azokaren irekierakoan

Ebooken salmentak Alemanian bikoiztu egin dira aurten, baina oraindik liburuaren merkatu osoaren ehuneko bi baino ez dute egiten, hutsa, AEBko %20aren aldean. Erresuma Batuan Amazonek 2010ean sartu zuen bere Kindle irakurgailua eta han ebooken salmentek liburu mota bien, digitalen eta paperezkoen, salmenten %13 egin dute 2012ko lehen seihilekoan. Erresuma Batuan kontsumitzaileek asko erabiltzen dituzte Interneteko banku-zerbitzuak eta dendak, eta irakurgailuak ere bizkor ari dira sartzen. Mundu digitalarekin beste leku batzuetan baino ohituagoa dago han jendea. Hori da desberdintasuna eta ez paperezko liburua gutxiago estimatzea.

Alemanian liburu akademikoen arloan sartu dira ebookak lasterren, liburutegiek tituluak digitalizatzeko eskatu izanak bultzaturik. Arlo horretan ez daude AEBtik oso urrun. Agian amerikarrak urtebete edo bi urte aurretik joango dira. Hala ere, liburu akademikoen %80 gutxi gorabehera paperezkoak dira. Herbehereetan, espero dute 2012an ebooken ehunekoa bikoiztea %3raino. Kontuan izan behar da kasu honetan nederlanderaren merkatua txikia dela, guztira 20-25 milioi irakurle izango baitira eta titulu-kopurua ere ez da oso handia gaur egun: 17.000 inguru. 

AEBko merkatua aurretik joateko beste arrazoi bat da estatubatuar asko liburu-dendak dauden tokietatik urrun bizi direla.

Europako herrialde batzuetan, hala nola Alemanian, Frantzian edo Espainian liburuen salmenta-prezioa finkoa da legez, eta horrek bidea mozten dio Amazon bati eskaintza erasokorrak egiteko, eta horrela erosleek ez dituzte hain prezio erakargarriak. Esan beharra dago hala ere Alemanian ebookak paperezko liburuak baino %20-30 merkeagoak direla eta sektoreko aditu batzuek uste dutela urte-amaierarako ebookak liburu guztien %5era iritsiko direla. Beste kontu bat da, liburu digitalek ez dutela inoiz merkatu osoa hartuko.

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?