Europako hizkuntza-teknologiaren industria eraikitzeko estrategia

Iturria: LT-Innovate.eu

2012ko abenduaren 6an, Europako hizkuntza-teknologiaren arloko goi-mailako exekutiboek eztabaida-dokumentu bat eman zuten ezagutzera, ahalegin handi bat eskatuz, eduki digitalen ekonomia bideragarri egiteko helburuarekin,  hizkuntza-teknologiak bultzatzeko. Dokumentu horren atal bat, industria hori eraikitzeko estrategiari dagokiona, ematen dut hemen. 

HIZKUNTZA-INDUSTRIA ERAIKITZEKO ESTRATEGIA

Masa kritikoa falta den gaur egungo egoeratik, argi ezagutzeko moduko identitate industrial bateranzko bilakaera izan dezan, Europako hizkuntza-teknologiaren industriak ikuspegi bat eta estrategia bat behar ditu, Europako hizkuntza-teknologiaren arloko enpresen goi-mailako buruzagien artean adostua. 

Elkarrekin egin beharreko ahaleginean kontuan hartu beharreko arlo nagusiak hartu behar lituzke estrategia horrek: merkatuaren garapena, berrikuntza hizkuntza-teknologiako industriaren eskaintzetan eta negozio-ereduetan, partaidetza-modu berriak Europa-mailako produktuak eta zerbitzuak garatzeko, gobernuen politikak eta laguntza-programak ahalbidetzea, eta hedatu beharreko informazio- eta komunikazioetako baliabideak. 

Elkarrekin aurrera eraman beharreko ekintza-multzo bat artikulatu behar du, honako helburu huekin:
  • Industria bere osotasunean sustatzea, aukera handienak eskaintzen dituzten merkatuetan.
  • Hizkuntzekiko neutroa izango den merkatu bat eraikitzea, eduki digitalen eta komunikazioaren arloan.
  • Aliantza estrategiko eta taktikoak garatzea industriaren barnean, hizkuntzaren eta/edo teknologiaren arloan, bezero-motan/merkatu-segmentuan oinarrituak, merkatu-abagune interesgarrienei erantzuteko.
  • Produktuen eta zerbitzuen katalogo bateratu bat egitea, hizkuntza-teknologiaren arloko Europako enpresek merkatu globalean dituzten aukerak areagotzeko.
  • Jakintza partekatzea, funtsezko baliabideen/azpiegituren/tresnen erabilera baliatuz eta osagarriak diren trebetasunak/gaitasunak elkartuz, merkatua garatzeko.
  • Politika publikoak gauzatzeko prozesuak bultzatzea eta hizkuntza-teknologiaren sektorearekin eta merkatuekin zerikusia duten goi-mailako dokumentu, arautegi eta laguntza-programetan eragina izatea.
  • Hizkuntza-teknologiaren industriak ikuspegia lortzeko bidean egiten dituen aurrerapenak neurtzea, adierazle egokiak erabiliz. 
  • Abagune interesgarrienak eskaintzen dituzten merkatu-sektoreetako (osasuna, jakintza, administrazioa, segurtasuna, finantza, argitalpena, turismoa, automobila, telematika, etab.) hizkuntza-teknologiaren erosleekin harremanetan, etorkizuneko berrikuntzak aurreikustea.
  • Hizkuntza-teknologien ikerketan diharduen komunitateak lobby-ekintza koordinatuak aurrera eramatea (bai Europar Batasunaren mailan eta baita estatu kideen mailan ere) azpiegituren, teknologia-transferentzien edo jabego intelektualaren eskubideen arloetako arazoei begira, eta gaur egun dauden teknologia eraikitzeko blokeak eta ikerketaren emaitzak identifikatzea, merkatuan dihardutenei transferitzeko.
  • Arrisku-kapitaleko eta inbertsioetako komunitatearekin harremanak izatea, hizkuntza-teknologiako enpresa txiki eta ertainentzat oinarri finantzario dibertsifikatuagoaren bila.
  • Enpresa txiki eta ertainen cluster espezializatuak eratzea, pizgarri publiko eta pribatuak bilatuz, herrialde-mailako enpresa txiki eta ertain helduak 'Europartzeko' eta enpresa txiki eta ertainen arteko lankidetza traseuroparraren era berritzaileak bultzatzea, merkatu zatikatua gainditzeko.
  • Azkenik, badu eginkizun garrantzitsu bat, hizkuntza-teknologiak bere gain hartu behar duena, eta da berrikuntza oinarri duten I+G+b-ko egitasmoetan agerikoa izango den lidertza garatzea. 
Horrek eskatuko du:
  • Bezeroen beharren eta hizkuntza-teknologiak gaur egun eskain dezakeenaren arteko diferentzia funtzionalak identifikatzea. 
  • Diferentzia horiek gainditzea, hizkuntza-teknologia saltzen duten enpresek gidaturiko berrikuntza-proiektuak garatuz, hizkuntza-teknologien hurrengo belaunaldiko soluzioak eskaintzeko.
  • Ikertzaileak gidatzea, arazo horiek gainditzen laguntzeko, eta, behar denean, berrikuntza-prozesuan aurkitzen diren arazo horiek ikerketa-erronka bihurtzea.
  • Teknologia transferitzeko mekanismoetan berrikuntza eragiteko hizkuntza-teknologiaren industriak duen ikuspegi espezifikoa sustatzea
Lankidetza estrategikoa zabaldu egin behar da, hizkuntza-teknologiako saltzailearen mugez haraindi, lankidetza-harremanak beste interesdun batzuekin ere gauzatu daitezen. 

Horien artean leudeke: 

  • Berrikuntzaren emankortasuna neurtzeko gidalerroak, espezifikazioak eta industriaren neurri espezifikoak ematea
  • Europar Batasunaren Horizon 2020 programaren barruan I+G+b egitasmo handi, ikuspegi zabaleko, integratu eta industriak bultzaturikoa sustatzea.

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?