Hego Koreako ikasgeletan, testuliburu digitalen iraultzaren aurka daude batzuk

Iturria: The Washington Post


Duela bost urte, Hego Koreak bere hezkuntza-sistema munduko aurreratuena bihurtzeko plan bat diseinatu zuen. Herrialdeak "jakintzaren indarretxe" bihurtu behar zuen, gobernuaren txosten batek zioenez, "etorkizunerako prestaturiko" ikasleak haziz. Ikasle horiek gutxi erabiliko lituzkete beren gurasoentzat ohikoak ziren testuliburu astunak. Haien testuliburuak digitalak izango lirateke, aukeratuko luketen edozein pantailatatik eskuragarriak. Haien bizkar-zorroak askoz arinagoak lirakete. Hego Koreak etorkizunari aurrea hartu nahi zion, eraldaketarako planaren elementu nagusi gisa testuliburu tradizionalak digitalez ordezkatzeko asmoaz,  — eta ikuspegi hori neurri handi batean hezurmamitu da tableten, telefono aurreratuen eta e-booen irakurgailuen zabalkunde handiaz.  

Interneteko konexiorik lasterrena duten munduko 10 hirietatik, bost lehenak Hego Korean daude. Lehenengo bi hiriak, Taegu eta Taejon, 20 Mb/s-tik gorako abiadurak zituzten, bereizmen handiko bideoa aise jaisteko adinakoak. Mundu osoan, Interneteko konexioen abiadurak gorantz doaz, baina, azken datuen arabera, batez bestekoa 2,7 Mb/s-koa da. Alabaina, Hego Koreak, munduko herrialderik konektatuenetakoa denak, ikusi du 2015erako lehen irakaskuntzako, irakasmaila ertainetako eta goi-mailako irakasmailako ikasgelak digitalizatzeko plana kontrakarrean dagoela aurreikusterik izan ez zuen joera batekin: hezkuntza-arloko liderrak beldur dira tresna digitalak ez ote diren sarkinegiak izango eta ikasle-belaunaldi gazteak, tabletak dituenak, telefono aurreratuekin itsuturik dagoenak, ez ote lukeen hobe traste horiek gutxiago erabiltzea eta ez gehiago. 

Kezka horien ondorioz, Hego Koreak egitasmoaren anbizioa mugatu egin du. Gaur egun probaldian dago 50 bat ikastetxetan. Orain ez da iraultzarik izango: eskoletan testuliburu digitalak erabiliko dira, baina ez paperezkoen ordez, haiekin batera baizik. Gobernuaren funtzionarioek diotenez,  lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek, seguru asko, ez dute batere tresnarik erabiliko. 

Azkenaldian, hezkuntza-arloko zenbait adituren ustez, zalantzan jartzekoa da Hego Korean luzaro uste izan dutena, alegia, teknologiak automatikoki aurrerapena dakarrela. Seuleko egunkaririk garrantzitsuenetakoa den JoongAng Ilbo-k ohartarazi zuen, editorial batean, herrialdean "gehiegizko konfiantza" dagoela hezkuntza digitalean, eta kablerik gabeko hezkuntzak kalitate hobea dakarrela uste izatea okerra dela

Beste herrialde batzuk hurbiletik jarraitzen ari dira esperientzia hori. Ez dago horrenbesteko anbizioa duen egitasmorik beste inon. Antzekoena Floridakoa izan daiteke, han testuliburu tradizionalak 2015erako baztertu nahi baitituzte. Baina Hego Koreako hezkuntza-sistema oso aurrerakoia da. Munduko zorrotzenetakoa da: ikasle gehienek klase partikularrak edo ikastaro trinkoak hartzen dituzte. Gurasoak izugarri arduratzen dira beren haurren emaitzez. Hego Koreak munduko eskolatze-mailarik eta hezkuntza pribatuko gasturik handienetakoak ditu. 

Seuleko lehen mailako eskola pilotu batean programa digitala daraman Kwon Cha-mi-k hauxe zioen: “kezkatzen duena da ea ikasle gazteek ez ote duten aski denbora izango bizitza errealaren eta benetako gauzen esperientzia izateko. Mundu osoa ordenagailu-pantaila batean ikusten dute.” Begiratu batera, horrek belaunaldi berria ulertzen ez duen belaunaldi zaharragoaren kezkak ateratzen duen burrundara dirudi. Baina Hego Koreako ikasleak gainestimulazioaren alderdirik txarrena erakusten ari zaizkigu. 5 eta 9 urte bitarteko 12 ikasletatik batek, gutxi gorabehera, gobernuak egin duen inkesta baten arabera, Internetekiko mendekotasuna du, hau da, sarbiderik ez badu urduri jartzen da edo depresioa nozitzen du. Aditu batzuek diotenez antzeko arazoa dago AEBn ere, non haurren %8-%12k Internetekiko mendekotasun-sintomak baititu, American Academy of Pediatrics erakundeak emandako datuen arabera.

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?