Erresuma Batuko liburu-saltzaileek ebooken BEZ desagerrarazteko eskatu dute

Iturria: The Bookseller

Europar Batzordeak ekonomia digitaleko zergak aztertzeko aditu-talde baten sorrera iragarri duen aste berean Erresuma Batuko liburu-saltzaileek ebooken BEZa desagerrarazteko eskatu dute. 

Waterstones liburu-denden katearen James Daunt zuzendari kudeatzailea, Sam Husain Foyles-en buru exekutiboa eta Seni Glaister The Book People-ren buru exekutiboa ebooken BEZa %0 izatearen alde agertu dira, gaur egun Erresuma Batuan paperezko liburuek duten zerga bera izan dezaten, ebookek duten %20koaren ordez. Ebookei BEZa kentzeak Erresuma Batuan beren egoitza nagusia duten saltzaileek eta Luxenburgon dutenek baldintza berberetan jardutea ekarriko luke. Izan ere Amazon, Kobo eta Nook Luxenburgoko baldintzez baliatzen dira. 

Europar Batasunaren legeak Europako liburu-saltzaileei galdatzen die BEZ estandar handiena ezartzea ebooken erosketei, baina Frantziak eta Luxenburgok araua hautsi zuten iaz, eta BEZa %5,5era eta %3ra jaitsi zuten hurrenez hurren, beren industria digitaletan inbertsioak egitea sustatzeko. Daunt-ek esan zuen: “[e-bookei BEZa kentzearen] onura litzateke prezioak berdinduko liratekeela eta Amazonek, Nookek eta Kobok, beren egoitzak Luxenburgon izateagatik lehiarako duten abantaila desagerraraziko litzatekeela.

Gure merkatu-kuota apala da, beraz, benetako onura ez litzateke oso handia baina, hala ere, hartuko genuke.” Husain-ek esan zuen: “Zentzua luke ebookak liburu kategorian sartzea eta ez produktu digitalenean, eta, beraz, BEZik ez izatea. Foylesek anomalia honekin bizitzeko joera izan du, ebooken salmenten proportzioa nahikoa txikia izan denez liburu fisikoenen aldean. Seguru nago Foylesek ebook gehiago salduko lituzkeela BEZaren arloan joko-arau berberak baleude denontzat.” Hala ere, Husainek gehitu zuen: “Kontsumitzailearen mesederako, gustatuko litzaiguke, halaber, BEZa ezartzen zaien liburu fisikoei buruzko eztabaida saihestea.” 

Urriaren 22an Europar Batzordeak iragarri zuen Ekonomia Digitalaren zerga-sistemaz arduratuko den goimailako adituen talde bat sortzekoa duela, Europar Batasunean ekonomia digitalaren gaineko zergak ezartzeko erarik egokienak aztertuko dituena, kontuan izanez planteamendu desberdinen onurak eta arriskuak, eta irtenbideak proposatuko dituena. 

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak