BBCren gomendioak mugikorretarako idazten duten kazetarientzat

Sarerako albisteek estekak eduki behar dituzte, irakurgarriak izan behar dute eta erakargarriak izan behar dute,edozein delarik ere erabiltzaileak aukeratzen duen pantailaren tamaina. Horrek esan nahi du mugikorrerako pentsatu behar direla lehenbizi oinarrizko edukiak eta gero gehitu haiei emendiozko informazioak eta ezaugarriak beste plataformetarako.
Zer eragin du horrek kazetarien idazteko eran? Behar diren hitzak justu erabiltzea eta alferrikakoa baztertzea ez da arau orokor txarra. Arrakasta izatea edo porrot egitea da diferentzia. Askoz gutxiago ametitzen da betelana mugikorretan, izan ere, horrek irakurlea lehenago aspertu, eta irakurtzen ari dena bertan behera uztea dakar. Kazetariak irakurleen etengabeko arreta lortu behar du; haiek lehen esalditik harrapatu. Oso erraza baita klik batez alde egitea. Ez da xehetasunetan katramilatu behar.
BBC News-ek gomendio batzuk prestatu ditu kazetariei laguntzeko lehenik mugikorretarako pentsatuak diren web orri erakargarriak idazten eta sortzen. Hona hemen testuari buruzko oinarrizko batzuk:

Izenburuak

BBC News-en, istorio askok bi izenburu izaten dituzte: labur bat indexatzeko, eta beste bat, luzeagoa, bilaketak optimizatzeko. Biek funtzionatu behar dute plataforma guztietan, beraz, bilatzaileetarako izenburu nagusiak trinkoa izan behar du, gehienetan 55 karaktere baino gutxiagokoa eta gakohitzak hasieran dituena. Hori baino luzeagoa izanez gero, telefonoaren pantailarako gehiegizkoa litzateke.


Sarrera

Gero sarrera dator, istorioaren mamiaz irakurlea katigatzeko xedea duena. Ez du luzea izan behar baina bai zehatza. Horren hurrengo lau paragrafoek istorioa jaso behar dute, gehiago irakurtzeko gogorik ez duen telefono-erabiltzaileak ere garbi uler dezan zertan datzan. 

Istoriorik korapilotsuenak ere ez luke 600 hitz baino gehiago luzatu behar eta 500 ere asko dira telefonorako. Paragrafoen tamaina ere zaindu behar da, zeren ordenagailu batean lau lerro dituen paragrafo batek telefonoan zazpi edo zortzi izango baititu. Paragrafoek ahal bezain sinpleak eta laburrak izan behar dute.

Azpiatalak

Azpiatalen izenburuak erabiltzea egokia izan daiteke, testuan etenak sortzeko. Istorioa laburra baldin bada, 10-12 paragrafo ingurukoa, bat nahikoa izan daiteke, eta luzeagoa baldin bada gehiago beharko dira. Azpiatalen izenburu horiek gehienez ere hiru hitz izan behar dituzte eta begibistarentzat erakargarriak gertatu behar dute. Ez da errepikatu behar lehenago esanda dagoena, baizik eta datorrenaren garrantzizkoena iragarri.

Gehigarriak eta galde-erantzunak

Gehigarriek, ingelesez explainers esaten zaienak, zergatiak eta inguruabarrak azaltzen dituztenak, albistearen atzean dagoen informazioa hobeto ulertzen laguntzen dute. Galde-erantzunek istorioa ulertzeko bospasei gai argitzeko xedea dute. Bai gehigarriek eta baita galde-erantzunek ere ondo funtzionatzen dute mugikorretan.
attempts to get behind the news to give the reader background information about a story to ensure that they are able to properly understand events as they unfold.  - See more at: http://www.fipp.com/news/opinion/what-is-explainer-journalism#sthash.VXY89tzh.dpuf

Estekak

Interesa duen erabiltzailea beste eduki eta iturri batzuetara edo aipuen jatorrietara eramaten dute.

Taulak
Datuak begirada batean erakusten dituztenez, oso egokiak dira telefonoetarako, handiegiak ez diren bitartean. BBC News-en gehienez ere hiru zutabe dituzten taulak erabili ohi dituzte.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak