Harry Potter-en ebookak ez daude DRMz babesturik

Pottermore-n Harry Potter-en liburuak salgai jartzea aipagarria da, ez bakarrik arrakasta handiko obra horien bertsio digitala noiz kaleratuko zen jende asko zegoelako zain, baizik eta baita ere hesi bat hautsi duelako, liburu horiek ez baitaude DRMz babesturik. Erosleek ez dute eragozpenik izango tresna batetik bestera liburuok mugitzeko.

Pottermorek arrakasta izaten badu, gerta daiteke eredu hori hedatzea eta Amazonen nagusitasunari azpia jatea.


Orain arte, argitaletxe handien ebookak babesturik saldu dira, hau da tresna jakinetan eta software jakina erabiliz soilik irakur daitezke. Esate baterako, Amazonen erositako ebookak Kindle irakurgailuetan edo telefonoetarako, tabletetarako eta ordenagailuetarako Kindle aplikazioak erabiliz baizik ez daitezke irakur. Ezin dira, esate baterako, Barnes & Nobleren Nook irakurgailuetan irakurri. Alderantziz, Nookerako ebook bat ezin da irakurri Kindleetan. Apple Storen erositako ebookak iPhoneetan, iPodetan eta iPadetan bakarrik irakur daitezke.


DRMen bidezko enkriptazioa erabiliz, pirateria saihestu nahi dute argitaletxeek, eta Amazonek edo Applek negozio-eredu itxiak defenditu nahi dituzte.
Pottermorek hautatu duen jokabidearekin erosleak hainbat formatutan jaits ditzake ebookak, baita DRMrik gabeko batean ere. Erosle horrek nahi duen tresnan erabiliko du liburua, eta, adiskide bati pasatu nahi badio ere, ez du eragozpenik izango. Halere,  zabalkunde handia ematea eragotzita dago, ebooka erosten denean, jaitsi aurretik, Pottermorek eroslea nor izan den adierazten duten "ur markak" txertatzen dizkiolako. Nabarmena litzateke norbaiten izena daraman ebook hori han eta hemen azaltzea.


Harry Potter-en paperezko liburuak ere ez dira pirateatzetik libre geratu. Eskaneatu eta sarean jarri izan dituzte.


Bada beste arrazoi bat ebook horiek DRMz ez babesteko: potterzaleen komunitatea mantendu nahi dute eta bezeroekiko harreman estuak sortu. Horretarako, uste dute DRMa kaltegarria gertatuko litzaiekeela.


Beste gauza bat ere gertatzen ari da: Amazon bezeroak bidaltzen ari zaizkio Pottermoreri. Uste izatekoa da horren truke komisioren bat jasoko duela. 

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak