Hizkuntza-arazoak enpresa globalizatuetan

Iturria: http://nicosiamoneynews.com

Hitzez hitz: Lenovo txinatar ordenagailu-fabrikatzaileak ingelesa hartu zuen enpresaren hizkuntzatzat mandarinaren ordez, IBMren PCetako dibisioa erosi ondoren.


Nekez imajina daiteke Gina Qiao, Lenovoren giza baliabideen arduradun hitzontzia, zer esan ez dakiela. Baina bere enpresak iragarri zuenean, 2005ean IBMren ordenagailu pertsonalen dibisioa erosi zuenean, ingelesa hartuko zuela enpresaren hizkuntzatzat mandarinaren ordez, ahoa bete hortzekin geratu zen.


“Nire bizitza osoko unerik gogorrena izan zen,” zioen azentu nabarmenezko ingelesez,  akatsak tartekatuz eta aditz-jokoak nahastuz. “Ez nezake komunika. Ez nitzake adieraz nire ideiak. Ez nezakeelako ezer esan, hain azkarra ez nintzela sentitzen nuen.”


Qiao andrea gogaitzen zuten frustrazio-sentimenduak eta konfiantza falta, gero eta gehiago, zorigaiztoko ezaugarriak dira  de facto nazioarteko harremanetarako hizkuntza gisa ingelesa aukeratu duen merkatu globalean. Kudeatzaileek nazioen mugak gainditzen dituzten lantaldeak sortzen dituzten, enpresak batzen dituzten eta jakintza partekatzea bizkortzeko bideak bilatzen dituzten heinean, eleaniztunak diren lan-taldeei hizkuntza erkide bat inposatzeko egiten dituzten ahaleginek irabazleak eta galtzaileak sor ditzakete.


Hizkuntza-trantsizio bat egiten denean, elebidunei eskatzen zaie bitartekari moduan joka dezatela, egoitza nagusiaren eta tokian tokiko lantegien artean, eta horrek posizio pribilegiatuan jartzen ditu haiek, lanpostu-eskaintzak izateko. Baina, lehendik zuten lanpostua mantendu ahal izateko, hiztegi oso bat eta gramatika bat menderatu beharrean aurkitzen direnek senti dezakete profesionalki atzerapauso bat egiten dutela, noizbait gaindituko dutela nekez pentsa daitekeena.


“Enpresek guztiz gutxiesten dute hizkuntza-aldaketa batek eragin dezakeen estres psikologikoa,” dio Rebecca Piekkarik, Finlandiako Aalto Unibertsitateko nazioarteko negozioen arloko irakasleak.


Kasu batzuetan hori gerta daiteke, enpresa horiek eramaten dituzten elite kosmopolitek dagoeneko zenbait hizkuntza dakizkitelako, eta oker uste dutelako haien ardurapean lan egiten dutenek ere badakizkitela. Adibide gisa, Piekkari irakasleak 1997an gertatu zen Finlandiako Merita Bank eta Suediako Nordbanken-en arteko batze-prozesua aipatzen du, berak eta bere lankideek enplegatuak elkarrizketatuz ikertu zutena.


Lantaldeak integratzen laguntzeko, banku finlandiarraren presidenteak proposatu zuen enpresa batuak suediera, finlandiarrek eskolan ikasten dutena, har zezala hizkuntzatzat. Uste izan zuen (oker) bere herrikideek berak bezain ongi egiten zutela suediera. Ondorioa izan zen eskolan ikasitako suediera, herdoildua baizik ez zena, zekiten finlandieradunetako batzuk gaizki gelditzeko beldurra ematen zieten egoera batzuk saihesten hasi zirela. Batzuk mututurik geratzen ziren bilkuretan, beste batzuek korporazioaren lanpostuetatik finlandieraz funtzionatzen zuten dibisioetara joan ziren, eta beste batzuk, berriz, enpresa lehiakideetara.


Azkenean, ordea, konpondu zuten arazoa. Banku daniar batekin batu zirenean 2000. urtean, Nordea izena hartu zuen enpresak ingelesa hartu zuen hizkuntza gisa eta horrek gutxienez lankide guztiak paretsuan jartzen zituen.


Enpresek hizkuntza-trebakuntzarako zer aurrekontu jarri behar duten jakiteko modu bat trebetasun-auditoria bat egitea da. Harvard Business School-eko Tsedal Neeley irakasleak dioenez, ideala da jendea "zer egoeratan den" zehaztea da eta maila bat ezartzea, harekiko aurrerapenak neurtu ahal izateko.


Probak egiteko ordez, horrek agian enplegatuak gogait ditzakeelako, gonbida litezke pertsonak beren buruak ebaluatzera. Erantzunak izan daitezke subjektiboak, dio Piekkari irakasleak, baina, seguru asko, hobeto islatzen ditu enpresa batean dauden hizkuntza-gaitasunak eskolan aspaldi lorturiko tituluek baino.


Nola lortu jendeak hitz egitea



Enplegatuek ulertzen badute hizkuntza-aldaketa baten atzean zer estrategia dagoen, seguru asko hobeto hartuko dute. Rakuten enpresan, Hiroshi Mikitani zuzendari nagusiak "ingelestea" bultzatu du, Japonian ez aurrera eta ez atzera geratzearen eta nazioartekotzearen artean serioski erabaki beharrean aurkitu denean.


Ama-hizkuntza ingelesa dutenek, gutxi jota, 15.000-20.000 hitz erabiltzen dituzte, baina horren laurdena nahikoa da lanposturako, dio Harvard Business School-eko Tsedal Neeley-k.


Aintzakotzat hartu behar dena da jendeak zer esaten duen eta ez nola esaten duen. Eta animatu ama-hizkuntza erabiltzen dutenak, nekez ulertzen diren esapideak eta hizkera konplikatua saihestera.


Sartu hizkuntzak ikastea talentuaren kudeaketan, tokian tokikoek ez ditzaten gal korporazioko lanpostuak.


Errespetatu tokian tokiko hizkuntzak. Enplegatuak ingelesa erabiltzera behartzea, bertako hizkuntza erabiltzea naturalagoa denean, bertako langileak soilik jangelan bazkaltzeko biltzen direnean, esate baterako, jendea gogaitzeko biderik seguruena da, eta kulturarekiko sentiberatasun falta adierazten du, bezeroekiko harremanak ere zipriztindu ditzakeena.


Hizkuntza ikastea eguneroko lanean txertatzeak, eta hizkuntza-elkarteak eta 
-trukeak antolatzeak lagundu dezake enplegatuen konfiantza areagotzen. Alabaina, enpresek kontuan izan behar dute aurreiritziak izan daitezkeela, modu ez oso nabarmenean hiztun onak diren hautagaien alde jokatzeko, pentsatzen onak eta egiten onak diren hautagaien kaltetan, eta hori gerta ez dadin saiatu behar dutela. Mamia eta azala bereiztea horren parte da, dio Piekkari irakasleak. Eta baita komunikatzeko era diferenteak errespetatzea ere.


Lenovon, Ken Batty-k, mendebaldeko Europarako giza baliabideen eta talentuaren zuzendari exekutiboak dio lehen IBMko enplegatuak zirenek "ikasi behar izan dutela isilik egotearekin eroso sentitzen".  “Txinatarren estiloa askoz gehiago da pausatzekoa eta pentsatzekoa ... eta hori ez ulertzearekin nahas dezakete mendebaldekoek.”


Ama-hizkuntzan ari ez direnenekiko errespetua adierazten du hizkera garbia erabiltzeak.  Thomas Balgheim-ek, Europarako, Ekialde Hurbilerako eta Afrikarako, Argentinarako eta Brasilerako NTT Data enpresa japoniarraren buru exekutiboak ohartarazten du ama-hizkuntza ingelesa dutenek joera dutela esamolde ulergaitzak erabiltzeko eta lasterregi hitz egiteko. Beren hizkuntzan ari ez direnei enpresako ingelesezko oharrak irakurrerrazagoak gerta dakizkien, eskatzen die alemanei eta italiarrei lehen zirriborroa prestatzeko, haien esaldi eta hiztegi sinpleek ondo betetzen dituztelako lantalde eleaniztunen beharrak. 


“Gure hizkuntza erkidea ingelesa da, baina ingeles erraza da,” dio Balgheim jaunak, etxe barruan esperimentuak egin dituenak, nazioarteko negozioetan diharduen jendearentzat Jean-Paul Nerrière IBMko exekutibo ohiak bultzaturiko Globish, ingelesaren bertsio soildua, erabiltzeko.


Qiao andrea une erabakigarri batera iritsi zen, ohartu zenean, jendearen arreta bereganatzeko, egiten zuen ingelesa ulertu egin behar ziotela, eta ez zuela zertan bikain hitz egin behar. “Hasieran nekagarria zen,” zioen. “Orain, aurkezpen bat egiten ari banaiz eta norbaitek ulertzen ez dudan galderaren bat egiten badit, ez naiz larritzen. Moderatzaileari laguntza eskatzen diot.”


Baina zer gertatzen da enplegatuak aurrean duten eginkizuna izugarria dela iruditzen zaielako mentalki blokeatzen badira?


Ikasketaren psikologiaz arduratzen den enpresetako bat Rakuten da, Interneteko japoniar saltokia. Azken bi urteotan, presaka batean garatu duten "ingeleste" programa batean murgildurik ibili dira. Japoniera baztertu eta ingelesez lan egiten hasi dira 2012an. Plan horrek eztabaidak sortu baditu ere, enplegatuak beharturik daude onartzera, eta promozioa ukatu egiten zaie, aldez aurretik erabakitako mailara iristen ez diren bitartean. Gainera, motibatzeko kudeaketa-teknikak erabiltzen ditu programak, aurka daudenei ikusarazteko beren nagusiek sinesten dutela haiengan.


“Pertsonek ez badituzte beren helburuak lortzen, ikastera doaz” dio Koichi Nodak, Rakuteneko plangintza korporatiboaren arduradunak. “Haien kudeatzailea naizenez, nire eginkizuna da haiei sinetsaraztea, ahaleginean jarraitzen badute, lortuko dutela.”


Mendebaldeko multinazionalek ikas ote dezakete "ingeleste" horretatik? Rakuten-en kasua aztertu duen Neely irakasleak zalantzan jartzen du mendebaldeko lantaldeek hain metodo autoritarioak onartuko lituzketenik. Baina gustukoa du psikologia positiboa. “Jarraitzen baduzu 'lor dezakezu' esaten, harrigarria da zenbaterainoko eragina duen jendeak pentsa dezan 'agian lor nezake'."

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?