Wikipediaren hurrengo urratsa: Wikidata, makinek prozesatu eta erabiltzaileek editatu ahal izango duten datu-basea

Wikipedia kudeatzen duen Wikimedia Fundazioa egitasmo berri bat garatzen hasi da: Wikidata. Otsailean Berlinen izan zen Semantic Tech & Business Conferencen aurkeztu zuen erakunde horrek Wikidata, gizakiek eta makinek irakurri eta editatu ahal izango duten jakintza-biltegia, datu-base semantikoa alegia.


Ez da hau Wikipediako datuetan oinarrituz datu-base semantiko bat sortzeko lehen ahalegina. Hor dago DBpedia, Wikipediatik datu egituratuak erauzten dituena. Bien arteko aldea da, datuak eskuragarri jartzeaz gain, edonork editatzeko aukera ere emango duela Wikidatak.


Wikipediaren hizkuntza guztietako bertsioak parean jarriko ditu, oinarrizko datuei dagokienez. Wikidata sortzeko lehen esfortzua Wikimediaren Alemaniako adarrak egingo du. 


Egitasmoak hiru fase izango ditu. Lehenbizikoak ekarriko du Wikipediaren 280tik gora hizkuntzetako bertsio bakoitzak Wikidata orri bat izatea. Horrela entziklopediak datu estrukturatuen iturri erkide bakarra izango du hizkuntza guztietarako, artikulu guztietan erabili ahal izango dena. Norbaiten jaioturtea edo hiri baten biztanle-kopurua, esate baterako, Wikidatan bakarrik erregistratu eta mantenduko dira. Lehen fase horretan, gainera, hizkuntza guztietako bertsioen estekak zentralizatu egingo dituzte. Fase hori 2012ko abuzturako osatzekoa da.


Bigarren fasean, editoreek aukera izango dute Wikidatan datuak gehitzeko eta erabiltzeko. Fase hori 2012ko abenduan bukatzekoa da. Azkenik, hirugarren faseak Wikidatako datuetan oinarrituriko zerrenda eta grafikoak automatikoki sortzea eta Wikipediako orrietan agertzea ahalbidetuko du.

Wikidatako datu guztiak Creative Commons lizentziapean argitaratuko dira.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak