Metadatuen eragina liburuen salmentan

Oraintsu arte ISBNa izan da liburuen identifikaziorako baliabide nagusia. Garrantzitsua izan da hori, zeren eta nekez sal edo eros daiteke ezagutzen ez dena. Azken urteotan, ordea, beste tresna aberatsago batzuk ari dira agertzen. Esate baterako Espainian DILVE (Distribuidor de Información del Libro Español en venta) Interneteko plataforma sortu da. DILVEren bidez, Espainian salgai dauden liburuen datu bibliografiko aberastuak eskura ditzake liburuaren balio-kateko edozein profesionalek. Ohiko datu bibliografikoez aparte (titulua, autorea, argitaletxea, urtea, etab.) beste hainbat erabil daitezke sistema horretan, informazio bibliografikorako nazioarteko ONIX estandarraren bitartez. Estandar hori XML lengoaian oinarritua da, baina erabiltzaile arruntek ez dute lengoaia horren berri izan beharrik ere, datuak kargatzeko eta erauzteko baliabide gardenak eskaintzen dituelako DILVEk. ONIXen bidez liburuari buruzko era askotako metadatuak kodetu daitezke, identifikazio soilaz aparte: hizkuntzak, liburuaren ezaugarri fisikoak, testuliburua denean arloa, maila, etab., laburpena, erreseina edo gaia.


Gaiaren ikuspegitik ere izan dira azkenaldian berrikuntzak. Sailkapen Hamartar Unibertsala gainditzen duen eta nazioartean onarpen zabala izaten ari den IBIC sailkapen-sistema garatu du Erresuma Batuko Book Industry Communication organizazioak. Besteak beste, DILVE sailkapen sistema hori ari da bultzatzen.


Datu bibliografiko horiek guztiak metadatuak dira. Zer abantaila praktiko du salmenten ikuspegitik horrelako metadatu-sistema aberats bat erabiltzeak? Galdera honixe erantzun nahian, liburuaren industriari buruzko ikerketak egiten dituen Nielsen Bookek ikerlan bat egin du. Nielsenek aukera paregabea du ikerlan hori egiteko, bi datu multzo garrantzitsu eskueran dituelako: alde batetik argitaletxeek eskaintzen dituzten eta liburu-dendek erabiltzen dituzten datu bibibliografikoak, eta, bestetik, liburu-dendek zuzenean ematen dizkioten salmenten datuak. Bi datu multzo horiek konbinatuz ikusi ahal izan dute zer eragin duen liburuei buruzko metadatu aberatsak emateak salmentetan.


Kontsumitzaileak liburuen berri jakiteko era aldatuz doaz. Orain arte, irakurle gehienek liburu-denda bisitatuz jakiten zuten tituluen berri, baina, gero eta gehiago, Interneten bilaketak eginez eta informazioa kontsultatuz ezagutzen dituzte. Hori kontuan hartuz, Nielsenek denda fisikoetan egindako salmentak eta Internet bidez egindakoak bereizi ditu. Generoz generoko datuak ere aztertu ditu, genero batzuetan baino beste batzuetan metadatuen aberastasunak salmentetan eragin handiagoa duen ikusteko asmoz. Emaitzak txosten baten bidez azaldu ditu.


Hona hemen laburbildurik ikerlan horren ondorioak:

  • BIC Basic estandarraren araberako tituluak (datu bibliografikoak, komertzialak, eskubideei buruzkoak) informazio hori gabekoak baino %98 gehiago saltzen dira batez beste.
  • Irudi bat gehitzeak eragin handia du. Irudia duten tituluak ez dutenak baino %268 gehiago saltzen dira.
     
  • Oinarrizko lau metadatu aberats gehitzeak (deskribapen luzea eta laburra, egilearen biografia eta erreseina) salmentak %55 handitzea dakar, metadatu horiek ez dituzten tituluekiko.
  • Liburu-denda fisikoetako eta Interneto dendetako salmentetan ez dute eragin berbera metadatuek. Denda fisikoetan %35 handitzen dira metadatu guztiak dituzten tituluen salmentak ez dituztenekiko, eta Internetekoetan, aldiz, %178 handitzen dira.
  • Fikziozko tituluetan, espezialitateetako ez-fikziozkoetan eta orokor ez-fikziozkoetan deskribapen luzea da, dirudienez, metadaturik garrantzitsuena, eta haurrentzako tituluetan, ostera, deskribapen laburra.
  •  Fikziozko tituluetan du eraginik handiena BIC Basic multzoko metadatuak eta aberastuak osorik sartzeak.
     
  • BIC Basic estandarrari dagozkion metadaturik, irudirik eta metadatu aberatsik ez duten tituluen batez besteko salmenten eta datu horiek guztiak dituztenen salmenten arteko aldea %700ekoa da, azken horien alde noski.










Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak