Hain arrakastatsua izandako sakelako liburua arriskuan da ebooken eraginez

Iturria: ActuaLitté 

Sakelako liburuaren formatua XX.mendearen lehen herenean agertu zen eta geroztik sekulako arrakasta izan du. Hasieran, ordea, ez zuen irudi ona izan askorentzat. Iruditzen baitzitzaien formatu handiko liburuen bertsio eskasa zela eta autoreek ere beren lana hutsaltzeko modu bat zela pentsatzen baitzuten. Haatik agudo desagertu ziren burutazio horiek, formatu txikia oso baliagarria zela ikusi zenez.

Hiru izan dira arrakasta horren euskarriak: zabalkunde handia, noranahi eramateko erraztasuna eta prezio merkea. Horietxek dira, hain zuzen, liburu digitalen bertuterik handienak. Beraz, bi formatuok ez ote daude lehian gaur egun? Galdera honi erantzutea ez da hain samurra.

Liburu digitalaren eskuragarritasuna ez da sakelakoarena bezainbatekoa, irakurgailu bat erosi behar delako eta ebooken katalogoak oraindik paperezkoenak baino mugatuagoak direlako. Eramangarritasunari dagokionez, berriz, digitala da nagusi, eraman daitekeena ez delako liburu bat soilik, liburutegi oso bat baizik. Esan beharra dago, ordea, bateria baten beharra duela eta hori morrontza da. Prezioan sakelakoak irabazten dio digitalari. 

Merkatuaren funtzionamenduari begiratzen badiogu hauxe ikusten dugu: best-seller baten jabe den argitaletxeak sakelako liburuen argitaletxe bati saltzen dizkio ustiapen-eskubideak, baina beretzat mantendu nahi izaten du bertsio digitala ateratzeko eskubidea. Sakelako liburuen argitaletxeak garesti ordaintzen ditu ustiapen-eskubide horiek eta ez du begi onez ikusten sakelakoa baino merkeagoa izango den bertsio digitala kaleratzea, merkatua jango liokeelako. Alabaina, liburu digitalak baino diru-sarrera handiagoak sortzen ditu sakelakoak, digitala merkeago salduta ere.

Kontua da oraindik ere liburu digitalak ez duela lortu prezioa jaistea ahalbidetuko liokeen kostuen eta irabazien arteko oreka. Hori lortzen badu sakelako bertsioak asko sufrituko du.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak