Burbuila ekonomikoen zazpi urratsak argitalpen digitalen kasuan

Iturria: The Guardian

Hemen azaltzen dudana Ewan Morrison nobelagileak The Guardian egunkarian argitara eman zuen artikulu baten zati bat da.


Nola dakigu autoargitalpen digitalen fenomenoa burbuila ekonomiko bat dela?


Galdera horri erantzuteko, Hyman Minsky ekonomialari ospetsuak zioenera joko dugu. Minskyk (1919-1996) merkatuetan aldian behin izaten den ezegonkortasuna ikertu zuen, eta edozein burbuila ekonomikotan zazpi urrats izaten direla ondorioztatu zuen. Haren Financial Instability Hypothesis [PDF]) lanekoa da hemen aipatzen den terminologia :

Lehen urratsa – Zalaparta

Edozein burbuila finantzario zalaparta batez hasten da. Dela teknologia berri bat asmatzea, dela legeen edo politika ekonomikoan aldaketak egitea, dela interes-tasak edo prezioak murriztea edo merkatu bat lehen ireki gabe zegoen eskualde batean hedatzea. Gehienetan hainbat faktore juntatzen dira aldaketa eragiteko – eta horren ondorioz, ekonomiaren sektore batek izugarrizko eraldaketa izaten du.
Horixe gertatu da, hain zuzen, argitalpen digitalekin. Azken hamarkadan, Amazonek argitaletxe handi globalizatuei azpia jan die, egituraz guztiz berria den biltegiratzeko eta banatzeko estrategia baten bidez, eta hain laster hazi da non haiek behartu baititu prezio-politikak birnegoziatzera. Gero "buztan luzearen" merkatua irekiz eta galduak ziren ehunka mila titulu berriro saltzeko eskuragarri jarriz, liburu-salmenta berrasmatu egin du. 


Kindlearen sorkuntzak irakurgailuen beste belaunaldi bat ekarri zuen, eta horrek, Applerekin batera, eztanda ekonomiko bat eragin zuen, lehendik ez zegoen merkatu batean. Dagoeneko klixe bihurtu da hedabide guztietan autoargitalpen digitala inprentaren asmakuntzaren pareko iraultza bat dela. Zalaparta handia izan da denbora laburrean.

Bigarren urratsa – Hedapena/Prezioak igotzen hasten dira

Zalapartaren ondoren, prezioak igotzen hasten dira sektore horretan. Hasieran, igoera ez da ia nabaritzen. Normalean, prezio altuago horiek oinarrietan gertatu den hobekuntzaren bat islatzen dute. Prezioen igoerak indarra hartu ahala, jende gehiago hasten da nabaritzen. Espekulazioa hasten da.
Begiratu batera, ez dirudi argitalpen digitalek eredu hori jarraitzen dutenik, garbi baitago ebooken prezioak ikaragarri ari direla jaisten (urtarrilaren 1eko astean, Amazoneko 100 liburu salduenen % 28ren prezioa 0,99 libra edo gutxiagokoa zen eta % 48rena 2,99 libra baino gutxiagokoa). Baina hori da ikuspegi okerra hartzen dugulako – kontsumitzailearena. Ebooken eztanda irakurgailuenari loturik dago, eta irabaziak fabrikatzaileen eskuetan daude. Bestetik, aldaketa lasterrak izan dira Kindletik, Kindle Firera, iPadetik iPad2ra; eta produktu horien kontsumitzaileen merkatu berri bat agertu da, lehen ez zegoena. Ebook merkeetara eta autoargitalpenezko ebooketara gertatu den aldaketa "oinarrien aldaketa" da.

Hirugarren urratsa – Euforia/Kreditu erraza

1. Prezioak/salmentak handitzeak ez du sortzen berez burbuilarik. Edozein finantz burbuilak elikatzea behar du; kreditu merkea eta erraza da elikadura. Hori gabe ezinezkoa da espekulazioa, eta sektorea egoera normalera itzultzen da. Espekulazioa nagusitzen da eta lasterketa bat izaten da "hor sartzeko",  etorri berriek "merke"  ekiten diotelako. 2. Burbuila hasten denean, sektore horretatik istorioak bidaltzen dituzte hedabideetara, eta bat-batean samaldaka sartzen dira kanpoan gelditu direnak eta normalean han egongo ez liratekeenak.
1. "Kreditu erraza" kasu honetan eduki digitalen kostuak ziztu bizian jaistea da. Alderantzizko korrelazioa dago eduki digitalen merketasunaren eta irakurgailuen eta teknologia aurreratuaren garestitasunaren artean. Zenbat eta "dohainikako" edo ia dohainikako eduki gehiago izan eskuragarri sarean, orduan eta erakargarriagoak gertatzen dira irakurgailu eta tableten teknologiak. Gainera, edonork bere kontura argitaratzeko duen erraztasuna adierazten du hemen "merke"k. Duela hamarkada bat, norberak argitaratuz milaka libra kosta zitekeen 100 aleko tiradatxo bat egitea. Orain hori doan edo ia doan egiten da.
2. Autoargitalpenaren kakoa da merkatuak "normalean han izango ez litzatekeen jendea erakartzen duela". Guztiok etxe bat modu onean mailegu merke batekin izan dezakegula esaten ziguten bezala,  enpresa digitalak eta hedabideak hasiak zaizkigu esaten, etengabe, guztiok idazle izan gaitezkeela eta are arrakasta izan dezakegula idazle gisa. Tabloideak ere ozenki ari dira masei esaten milioiak egin ditzaketela autoargitalpenaren bidez. Zenbat eta trafiko gehiago izan autoargitalpenean, orduan eta indar handiagoa hartzen du burrunba horrek. USA today-k dioenez, "urrearen sukarra da...alde egin hortik".

Laugarren urratsa – Neurriz kanpoko merkataritza/Prezioak gailurrera iristen dira

1. Kreditu merke eta errazaren eragina areagotu ahala, merkatua bizkortzen hasten da. Neurriz kanpoko merkataritzak bolumenak igoarazten ditu eta leku falta agertzen da. Prezioak igotzen hasten dira eta irabazi errazak lortzen dira. Horrek kanpoan dauden gehiago erakartzen ditu eta prezioak deskontrolatzen dira. 2. Puntu horretan amateur-ak - ergelak, diruzaleak eta desesperatuak – merkatuan sartzen dira. Egur gehiagok sua areagotzen duen bezala, finantz burbuila batek, elikatzeko, jende-masa bat behar du, masa gisa portatzen dena.
1. Argitalpen digitala hasi zenetik, lehiakideei azpia jateko lasterketa inoiz ez bezala bizkortu da. Blogek orain idazle hasiberriei aholku ematen diete, esanez beren lana kaleratu dezatela doan, irakurleak erakartzeko eta erreseinak izateko, eta orduan soilik saia daitezela prezioak igotzen. Kasu honetan prezioak laster aldatzeak laster jaistea esan nahi du. Adibidez, orain bere kabuz liburuak argitaratzen dituztenak doan kaleratzen dituzte – ikus Kindlerako dohainikako 100 liburu eskuratuenak. Gainera, autoargitalpenerako bulkada irrikatsu horretan, ehunka mila liburu berri dira ia batere irakurlerik ez dutenak, erabat ezkutuan gelditzen direlako.
2. Azken sei hilabeteotan lehendik esperientziarik ez zuen jende ugari hasi da bere kabuz argitaratzen. Neure burua publikoaren lagin adierazgarritzat hartuz, esan dezaket, neure orain dela gutxiko esperientzian oinarriturik, honako hau:  ohiko argitaldariek errefusatu dituzten nire ezagun batzuek beren lehen ebookak atera dituzte Kindlerako; nik dakidala ohe azpian inoiz eleberririk izan ez duten batzuek ere gauza bera egin dute; adiskideen adiskideek Facebooken iragarri dute eurek ere badituztela eleberriak eta istorio laburrak Kindlerako, Nookerako, Koborako, iPaderako eta Sony Reader-erako. Hemen bertan, ikusi dut nola jaio diren bi argitaletxe digital berri, joera horri jarrituz. Eta jende hori guztia bere kabuz bere lana sustatzen ari da, dituen plataforma guztietan: Twitter-en, Facebooken eta beren blogetan. Horrek guztiak "merkatuan sartzeko irrika" erakusten du. Neuk ere horretan saiatzeko presioa sentitu dudalako dakit hori  (eta egin nuen: neure kabuz euskarri digitalean berrargitaratu nuen nire lehen liburua).
Lehenbizikoz bere kabuz argitaratu duen jendea bere lehen iPada eta Kindlea erosten ari da, hobeto ulertzeko epub teknologiak eta gehiago sustatzeko bere ebookak. Beren ebookak doan ateratzen dituzten arren, 100-400 libra ari dira gastatzen teknologia berriko tresnatan – urtebetean liburutan gastatzen dutena baino gehiago.

Bostgarren urratsa – Merkatua alderantziz jartzen da/Barruan zeudenak irabaziak jasotzen dituzte

Alarmek adierazten dute eztanda atzera egitera doala; haren arrakastaren oinarrian dauden ereduek ez direla errealistak eta puzturik daudela. Argudio horiei ez entzuna egiten diete prezio artifizial horiek juztifikatzen dituztenek, euforiaz aldarrikatzen dutelako munduak funtsezko aldaketa izan duela eta ez duela atzera egingo. Kontua da barruan zeudenak sokei tiraka aritu direla, gaizki informaturik merkaturatu diren etorri berriek sortu duten burrunba kapitalizatuz.
Ebookaren arrakastaren eredua, mundu guztiak kopiatzen duena, erdi egiatan oinarriturik dago. Ebooken arloko izartzat hartzen direnak ere benetan autoargitalpen digitalaren eta ohiko argitalpenaren gainean zangalatrau ibiltzen dira.
Har dezagun, adibidez, Cory Doctorow, guru digitala, dohainikako kulturaren aktibista (Electronic Frontier Foundationen Europako zuzendariohia) eta autorea– zientzi fikzioan ospetsua eta autoargitalpenaren defenditzaile sutsua,  bere liburuak doan ateratzen dituena, Creative Commons lizentziapean (borondatea ordaintzea onartuz). Gertatzen da Doctorow ez dela lege zaharreko nobelagilea: berak eta bere pertsonaiek aipatzen dituzten gaiak dira  fitxategiak partekatzea, iraultza digitala, DRMak eta ohiko argitaletxeetako zaindari zapaltzaile zaharrak. Bere ospea aldaketa-aldi batean gaudelako du, zeinetan "dohainikako kultura digitala" oraindik gai bat baita. Ironiaz, autoargitalpena arrunt bihurtzen bada, gai hori ez da hain erradikala izango, eta irakurleak gutxitu egingo zaizkio.
Har dezagun Amanda Hocking, argitalpen digitalen arloko arrakastaren paradigma, bi miloi eta erdi dolar irabazi dituena bere ebooka salduz. Hockingek naturaz gaindikoaz eta gaztetxoez idazten du eta haren arrakasta neurri handi batean industriak  ohiko arrakasta baten "gainean igota joatea" esaten diona da. Twilight gabe, eta gaztetxoentzako genero erromantiko/izuzkoak izan duen zabalkundea izan ez balu, zalantzazkoa litzateke Hockingek industrian oina jartzerik izango zuen edo bere Interneteko adiskideez aparteko jende askok erosiko zuen My Blood Approves (0,72 libratan Amazonen saltzen dena).
Ez dirudi Doctorowen edo Hockingen ereduek  azken hizta esan dutenik. Autoargitalpenari ekin dioten ehunka milaka etorri berrientzat eredu horiek haientzat bezain arrakastatsu izango direla uste izatea lilura arriskutsua da, eta Interneteko trafikoa ahalik eta handiena izatea interesatzen zaien eta irakurgailuak eta Interneteko publizitatea saltzen dituzten  enpresek kapitalizatzen dutena.
Hona zertan datzan hurbiltzen ari den krisiaren oinarria: ebooken prezioa ia zeroraino eramaten duelarik amateur desesperatuaren autoargitalpeneko jardueraren presak, ohiko argitaletxeak beharturik aurkituko dira kostuak murriztera larrua salbatzeko. Berriro ere, horri etekina aterako diotenak izango dira Interneteko trafikoa ahalik eta handiena izatea, eta irakurgailuak eta Interneteko publizitatea saltzea interesatzen zaienak. Aldi batean, Kindleen jabe diren horiek guztiak pozik izango dira, ebooken prezioak jaisten direla ikusten dutenean, eta, horri esker, beren liburutegiak asko handituko dira, baina, aldi berean, paradoxaz, irrikitan itxarongo dute sarean eskaitzen ari diren literatura digitala norbaitek erostea.

Seigarren urratsa – Krisi finantzarioa

Euforiak etorri berriak kontsumitzen dituen bezalaxe, lehenbizi sartu zirenek alarma-zantzuak ikusten dituzte, fedea galtzen dute eta isilka irteera bilatzen hasten dira. Sartu berriek hasieran sartu zirenak irteten ikusi edo ez ikusi, hasierakoek irabaziak erretiratzeak bukaeraren hasiera iragartzen du.
Dagoeneko, autoargitalpenaren izarrak uzten ari dira eurek abiarazi zuten sistema . Hocking-ek kontratu bat sinatu du Macmillan-ekin, serie bateko lau liburugatik 500.000 dolarreko aurrerakina emango diona – autoargitalpenean jarraitzen den bidearen justu kontrakoa (sistema horretan ez baita aurrerakinik ordaintzen eta lan guztia zoriaren mende egiten baita). Autoargitalpena egiten zuen egileak alde batera utzi du 0,79 librako ebook-salmenten mundua, aurrerabide handirik eskaintzen ez ziona,  (eta ohiko eredu zaharrari heldu dio, uste duelako horrek beste maila batera igo dezakeela, eta liburuak beste produktu osagarri batzuen sinergiaz baliatuko direla, hala nola filmeenak, telebista-serieenak eta are jostailuenak) eta abagunearen atea itxi egiten da atzean, bera irten ahala, autoargitalpenean diharduten ehunka mila egile eredurik gabe utziz.
Bitartean, ohiko argitaletxeek galera handiak izan dituzte, eta orain irabaziak bermatuko dizkietela diruditen autoreen lanak soilik argitara ditzakete. Argitalpen-mundu osoa uzkurtu da, axalean hedapen mugagabea izango zuela zirudienaren azpian. Argitaletxeak beharturik aurkitu dira beren argitalpen digitaleko guneak abian jartzera, burbuilan sartu eta ospea irabazteko asmoz, baina beranduegi dabiltza eta baliabideak xahutzen ari dira, eta horrek gehiago ahultzen du merkatuko lider gisa duten estatus zaharra. Autoargitalpeneko "izarraren" eredu berrian sartzen dira gainbehera ez joateko. Une horretan autoargitalpena ispilu-gela bihurtzen da eta espekulazioa gurpil zoro baten gisa hasten da biraka.
Eta zer gertatu zaie argitalpen digitalekin dirua egin zezaketela esan zaien autore berri horiei guztiei? Bada, erabat musu-truk ari direla lanean edo etorkizuneko salmenten % 70eko egile-eskubide handien esperantzan. Beren liburuak idazten dituzte, beren bloga eta sareko sarea eta beren buruaren sustapena mantentzen dituzte; jar lezakete urtebeteko lana, ezer irabazi gabe. Doan egiten den hainbeste idazketak aurreko paradigma baliorik gabe uzten du: jendea hasten da galdetzen zergatik ordaindu behar zaien idazleei, zergatik ordaindu behar zaizkien idazle "profesionalei" soldatak edo aurrerakinak, norberak lan hori guztia doan egiten badu, ebooka bere kabuz argitaratzeko.
Eta orduan kolapsoa dator – musu-truk lan egiten baduzu eta zure kostuak murriztu behar badituzu lehiakor izateko – esate baterako, 0,99 librako merkatu zabalari aurka egiteko 0,45 edo 0,15 librara jaitsi behar badituzu prezioak – doan egin duzun lan guztiari etekinak ateratzeko aukerak ere era berean jaitsiko dira. Gehitu horri beste ehunka mila zurekin lehian dihardutela beheranzko prezio-lasterketa horretan, eta etorri berriek autoargitalpenarekin dirua egiteko aukera guztiak desagertzen direla. Burbuila lehertu egiten da.

Zazpigarren urratsa – Nazka/Azken aukerako mailegu-emailea

Izua sortzen da eta euforia nazkak ordezkatzen du. Etorri berriak saltzen saiatzen dira, baina ez dago eroslerik. Izua nagusitzen da, prezioak gainbehera joaten dira, krediturik ezin da lortu eta galerak metatzen hasten dira. Merkatua burbuila aurreko mailetara joaten da, azpiegituran kalte handiak izanda. "Azken aukerako mailegu-emailea" sar daiteke gelditu dena salbatzera.
1. Autoargitalpenean jardun duten autore hasiberri gehien-gehienak, urtebete luzea igaro ondoren bere kabuz argitaratu dituzten liburuak saltzen ahalegintzen, eskura dituzten sare sozial guztietan beren buruak sustatzen eta beren antzeko beste ehunka mila hasiberrirekin lehian dihardutela ohartzen, ikusten dute bakoitzak 100 ale baino gutxiago saldu dituela. Ohartzen dira hori Amazonen eta punta-puntako beste plataforma digital batzuen eredua dela: "buztan luzea" deritzona. Autoargitalpenean diharduten bost milioi egilek 100 ale salduz bakoitzak, Amazonek 500 milioi ale saldu ditu. Egileek, aldiz, 0,99 libratan salduz, urtebeteko lana egin eta gero, 99 libra besterik ez dute irabazi. Disilusioa datorkie ohartzen direnean ideia arrakastatsu bat saldu dutela, definizioz ezin heda dakiekeena parte hartu nahi duten guztiei.
Orduan, bere kabuz argitaratu ohi zuten egileek gehiago ez argitaratzea erabakitzen dute (azken finean tentsioa nozitzen ari ziren, eta tentsio hori gogorragoa zen, beren lanagatik ez zutelako ezer kobratzen, eta beste lantegi batean aritu ostean, orduz kanpo, lan egin behar zutelako – eta ohartzen ziren sarean beren buruak sustatzea jardun osoko lana behar zuela izan.) Autoargitalpena eskema piramidal baten antzeko zerbait dela ikusten dute – konpainia digitalek sortua, kontsumitzaile izateaz gain "sortzaile" ere izan zitekeela sinetsi nahi zuen gero eta jende gehiagoren nahia ustiatzeko. Beren irakurgailuekin ere ez daude pozik, zaharkiturik geratu baitira. Eta beraz ohiko argitaletxeetara itzultzen dira kultura bila. Zoritxarrez, ebooken merkatuaren inplosioak eraginda, ezinezkoa gertatzen zaie argitaletxeei prezioak burbuila aurreko mailetara berriz eramatea (0,99 libratik 12,99 librara), eta horrela beren azpiegitura ahulduz doa. Eta, erabaki dutenez talentu berria bilatzea autoargitalpenean, burbuila berberean harrapatuta daude, irten nahian dabiltzan beste guztiak bezala.
2. " Azken aukerako mailegu-emaileak " ezin du eskuhartu "inbertitzaileak" salbatzeko, horiek esperantza handiak zituzten eta orain zapuzturik dauden ehunka mila argitaratzaile digital hasiberriak baitira. Hori gertatu ordez, gobernuak (onenean) eskuhartuko du, argitalpen industria bazterrean utziz, eta burbuila sortu zuten konpainia digitalak erregulatuko ditu. Edo gobernuak jarrai lezake konpainia horiei dirulaguntzak ematen, oraintxe egiten ari den bezala, eta beraz hurrengo burbuila sortzen.
Jakina, baliteke hori guztia ez gertatzea. Agian autoargitalpenak ez du indarrik hartuko, eta agian jendeak jarraituko du 0,99 libra baino gehiago ordaintzen ebooken eta paperezko liburuengatik. Eta agian ehunka mila idazle hasiberrik arrakasta izan lezakete. baina hori, berriro ere, espekulazio hutsa da.

Comments

  1. A ze animoak, Andoni...
    Denbora tarte bat dudanean, lasaiago irakurriko dut artikulua.

    ReplyDelete

Post a Comment

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak