Iraultza dator inprentara

Iturria: The Guardian

Maiatzaren 3tik 16ra 390.000 bisitari espero ditu Düsseldorf-en izango den Drupa 2012 erakustazokak. Lau urtean behin izaten den erakusketa hori inprentetarako materialaren arloan munduan egiten den handiena da. Aurten, bisitariek elkarrekin lehian diharduten teknologiak ikusiko dituzte. Horiek guztiek diote Gutenberg-ek eragin zuenaren ondoren inprentetan izango den iraultzarik handiena eragingo dutela. Inprimagailu digitalak offseta bazterraraziko omen du eta kalitatea asko hobetuko omen du.


Inprimaketa digitalean batez ere tinta-txorrozko edo laserrezko inprimagailuak erabiltzen dira, ordenagailutik, telefonotik edo kameratik zuzenean inprimatzeko, xaflarik gabe. Inprimaketa digitalak ez ditu izan orain arte offset bidezko inprimaketak dituen abiadura handia, kalitatea eta efizientzia. Zabalduenak dauden tinta-txorrozko inprimagailu digitalek kopia asko egin ditzakete denbora laburrean, baina kalitate kaskarrean, eta paper berezia erabiliz, eta beste inprimagailu batzuek, hala nola elektrografikoek edo laser bidezkoek, toner lehorra edo likidoa erabiltzen dute, kalitate oneko kopia asko egiteko, baina abiadura txikiagoan, eta gainera toner-ontzi hutsek hondakin kutsagarriak dituzte. Orain, Drupan erakutsiko dituzten tinta-txorrozko eta tonerrezko teknologiez, inprimagailu digitalek offsetak bezain emaitza onak edo hobeak lortuko dituzte. 


Kalitate bikainaz aparte, inprimagailu horiek eduki pertsonalizatuak sortzeko aukera izango dute. Adibidez, egunkari batek bertsio pertsonalizatua igorri ahal izango dio harpidedun bakoitzari. Beste askoren artean, beren artean lehia bizia duten bi teknologia han izango dira: Landa Corporation belgiarraren Nanography eta Xeikon herbeheretarraren Trillium Print Technology.  Lehenbizikoak Landa NanoInk izendatu duen urezko tinta eta hau proiektatzeko ejektore berri batzuei esker lortzen ditu bere emaitza bikainak. Ile baten diametroa baino txikiagoko pigmentu-zatiki batzuk ditu tinta horrek eta tinta-ontziak ez du hondakin kutsagarririk uzten. Trillium-i buruz, berriz, Xeikonek dio orain arte oreka bat bilatu behar izan zela kalitatearen, kostuaren eta abiaduraren artean, ingurumena errespetatuz, eta orain, aldiz, arazo hori gaindituko duela bere tinta berriak, baina ez du argitasun handirik ematen, baina, esaten denez, Trillium teknologiaren oinarrian inprimagailu elektrografiko bat egongo litzateke, biskositate handiko toner likido bat erabiltzen duena.  

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?