Laster ikusiko ditugu QR kodeak eta NFC txipak liburu-dendetan

Iturria: Publishin Perspectives
Egilea: Javier Celaya


Azken urteotan, liburuaren munduan, edukia digitalizatzeari eman zaio lehentasuna (bai nobedadeei dagokienez eta baita katalogo tituluei dagokienez ere). Datorren lehentasuna liburu-dendako esperientzia "digitalizatzea" izango da, liburua aurkitzea errazteko eta dendako salmentak areagotzeko. Liburu-dendek sareaz kanpoko eta sarearen bidezko bilaketak eta erosketak erraztea integra ditzakete, kontsumitzailearen esperientzia oro har hobetzeko eta baita ahalik eta saltzeko abagune gutxien galtzeko ere (paperezkoak eta ebookak) dendara egiten diren bisitetan. Berehalaxe ikusiko ditugu QR kodeak, ukipen-pantailak eta NFC txipak, aurkitzea errazten duten beste teknologia batzuen artean, gure liburu-dendetan, eta horiek e-book formatuko erosketak bizkortzeko eta paperean irakurtzea nahiago duten bezeroen fideltasuna sortzeko erabiliko dira. Teknologia berri horien erabilerari esker, liburu-dendak gai izango dira beren bezeroei liburu-kopuru handiagoa ikusgai jartzeko. Arrazoiren batengatik liburu jakin bat ez badago stockean, liburu-dendak inprimatu ahal izango du liburuaren azala QR batekin eta irakurleei eskaini ahal izango die aukera hura amaraunean erosteko, dela paperean, dela bertsio digitalean. 


Toyota taldeko enpresa batek 1994an asmatu zituenetik, Quick Response Barcode-ek — QR kode izenaz ezagunagoak direnek — gauzak aurkitzea asko erraztu dute supermerkatuetan, jatetxeetan, tabernetan, etab. Gero eta gehiago joan gara ohitzen grafikotxo horiek ikustera edonon (egunkari eta aldizkarietako iragarkietan, erakusleihoetan, etab.) eta pixkanaka ohituko gara zuri-beltzezko Mondrian  grafiko horiek liburu munduan ere nonahi ikustera, besteak beste liburu-dendetan, liburutegietan, liburuen erreseinetan, liburuen azaletan, etab. Orain arte kode horiek, argitalpen-munduan, batez ere irakurleei liburuaz informazio gehiagarria emateko erabili dira. Zenbait autorek, hala nola Nick Bilton-ek eta Tony Wagner-ek, beren liburuen azaletan edo liburuaren barruan sartu dituzte, irakurtzeko esperientzia aberasteko asmoz, ikusentzunezko edukia gehituz .


NFC txipak zure irakurgailuan


NFC txipek ere aukera berriak eskaintzen dituzte liburu-dendetan edo liburutegietan gauzak aurkitzea errazteari dagokionez. Near field communication (NFC) telefono aurreratuetarako eta tabletetarako estandar multzo bat dira, haien arteko irrati bidezko komunikazioa lortzeko, Bluetooth teknologiez egiten denaren antzera, tresnak bata bestearekin ukituz edo biak zentimetro batzuk hurbilduz. Badirudi Barnes & Noblek bere Nook tresnetan NFC txipak txertatzeko asmoa duela. Argitaletxeek azal bakoitzean txip bat txertatuko lukete, BN.com-en jasoko lituzketen erreseina guztiekin. Nooka erabiltzen duen edozein bezerok nahikoa luke liburuaren azala ukitzea,  berehala hainbat motatako informazioa jasotzeko liburuaz eta autoreaz, hala nola prezioa, eskaintza bereziak, erreseinak, bideo osagarriak eta abar.  Dendetan sustapenerako erabiltzeaz aparte, aurkitzeko teknologia horiek irauli egingo dute aro digitalean aurkitzeko, erosteko eta irakurtzeko era. Demagun norbait liburu baten erreseina ari dela irakurtzen egunkari batean, kultura-gehigarri batean edo literaturako aldizkari batean, eta erabakitzen duela erostea, erreseina irakurri ondoren. Nahikoa luke kodea eskaneatzea eta merkataritza elektronikoko plataforma  batean sartzea erosketa egiteko. Bertsio elektronikoa nahi izanez gero, plataformak zailtasunik gabeko erosketa-esperientzia bat eskainiko luke. Bertsio inprimatua nahi izanez gero, ordea, irakurgailuak plataformari liburua zer posta helbidetara bidali behar den edo zer liburu-dendetatik pasatuko den bezeroa jasotzera adieraziko dio.


Liburu-denda nonahi


Kode horiek sareko marketinaz baliatzeko mundu berri bat irekitzen diote argitalpen-industriari. Merkataritza elektroniko sozialaren sorrerari esker, QR kodeak eta NFC txipak erabiltzen dituztenek beren sakelako telefonoen bidez aurkitzen duten edozein liburu noiznahi erosi ahal izango dute. Bestela esateko, edozein txoko, farol edo gainazal liburu-denda bihur daiteke. Liburuak eta autoreak aurkitzeko prozesu berri horiek milarekin biderka daitezke, kontuan izanik Internetek ez duela mugarik. Laster ikusiko ditugu ukipen-pantailak liburu-dendetan, QR kodeak erakusten dituztenak, bukaerarik gabeko libru-katalogo batekin. Orobat ikusiko ditugu liburutegietan ere, non erabiliko baitira liburuak mailegatzeko prozesuak hobetzeko. Alabaina, gauzarik inportanteena da grafiko eta kode berezi horiek gutxiena uste dugun lekuetan aurkituko ditugula, eta horiek ahalbidetuko dietela autoreei eta argitaletxeei beren lana ezagutaraztea ohiko saltokietatik landa. Horren ondorioz, liburuak aurkituko ditugu autobus-geltokietan, zinemara sartzeko ilaran, antzerki-saioetan, hegaldietan edo trenez bidaiatzen dugunean. Aldizkariak, egunkariak, liburu-dendak eta liburutegiak hasiko dira konturatzen tresna berri horiek nolako aukerak eskaintzen dituzten marketina eta liburuak saltzeko estrategiak indartzeko. Beste kultur topagune batzuk, hala nola museoak eta arte-galeriak dagoeneko erabiltzen ari dira kode horiek, bezeroekin interakzioan jardunez bisita bereziak, informazio gehigarriak, erakusketan dagoen artistari buruzko liburuak, eta abar eskaintzeko. Kultur edukiak aurkitzeko, erosteko eta kontsumitzeko bide berri horiek erakusten digute zeinen laster ari diren gauzak aldatzen. Ez da nahikoa produktu jakin bat eskaintzea bezeroari; beharrezkoa da esperientzia berri bat eskaintzea,  erosteko erabakia sustatzeko. Formatuak etengabe ari dira kanpo- eta barne-aldaketak izaten; horrek mekanismo diferenteak eta formatu berritzaileak ekarriko dituen arren, beti ere irakurle bila dabiltzan liburuak izango dira.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak