Norantz doa argitalpen-industria?

Iturria: Huffington Post


Gaur egun, asaldaturik dabil argitalpen-industria. Bostehun urtez, liburuak argitaratzeko metodoak eta praktikak ia aldatu gabe mantendu dira, baina, gaur egun, Gutenberg-en garaitik izan dituen erronkarik handienei erantzun beharrean aurkitzen da industria hori. 


Erronka horiek bi prozesuren ondorio dira. Alde batetik, argitalpen-industria ezezagun bihurtzeraino eraldatu da, 1960ko hamarkadaz geroztik aldaketa sozial eta ekonomiko sakonak gertatuz joan direlako, gure inguruan egun ikusten dugun argitalpen-panorama ekarri dutenak: New Yorken eta Londresen egoitza duten argitaletxe handi batzuk, multimedia talde handienak; idazleentzat eta idazlegaientzat argitaratzeko ezinbesteko sarbideak bihurtu diren agente ahaltsu batzuk; eta txikizkako salmenta, berriz, ikusten dugu gero eta denda-kate gutxiagok, saltoki handiek eta Amazonek menderatzen dutela. Bestetik, iraultza digitalak eragindako astinaldi teknologikoa eragin handia izaten ari da liburuen argitalpen-industrian.

Hamarkada batean zehar hainbat irteera faltsu egin ondoren, ebookak iritsi dira, eta gelditzeko gainera. 2006an, e-booken salmentak AEBko argitaletxeek orotara egin zituzten salmenten % 0,1 bakarrik izan ziren, hutsaren hurrengoa. Gaur egun % 20 inguru dira, eta zenbait motatako liburuetan, hala nola eleberri erromantikoetan, zientzi fikzioan eta thrillerretan, gutxienez % 60 izan daitezke. Aldaketa galanta izan da, beraz, bost urtean. Iraultza digitala azpikoz gora jartzen ari da argitalpen-industriaren ohiko praktika asko, abagune berriak sortzen ari da, eta, aldi berean, mende erdian edo gehiagoan negozioa taxutu duten eragileetako batzuk erorarazteko zorian jarri ditu.


Beraz, norantz doa liburuen argitalpen-industria? Paperean inprimaturiko liburu tradizionala iraganeko erlikia bihurtuko ote da? Bigarren eskuko liburu-dendetan aurkituko den 
bildumazaleen kontua besterik ez ote da bihurtuko, binilozko LP zaharrei gertatu zaien bezala? Argitaletxeak, eta agian agenteak ere ez ote dituzte baztertuko autoargitalpenaren loraldi batek eta, egile-eskubideen aldetik, idazleei beren lanak argitaratzeko argitaletxeek eskaini ohi dizkieten baino askoz baldintza hobeak eskain diezazkieketen Amazonen antzeko Interneteko saltoki ahaltsu batzuek? 


Egiaz eta benetan, inork ez daki galdera hauei eta antzekoei erantzuna ematen. Jende askok ditu iritziak, baina jakin ez daki inork. Espekulazio apokaliptiko asko dago argitalpenaren etorkizunaz, baina horixe dira, espekulazio hutsak. Azken hamarkadan aditu izeneko horiek egin dituzten iragarpenak, askotan autoritate-aire handiz eginak, okerrak gertatu dira. Iraultza moduko bat bizitzen ari gara eta iraultza batez seguru esan daitekeena, hura gertatzen ari den bitartean, da ez dugula ideiarik ere non eta noiz bukatuko den. Alabaina, epe laburreko joera batzuk erraz ikusten dira. Hona hemen horietako zazpi: 


1) Amazonek jarraituko du hazten, txikizkako salmenta-kanal gisa, eta, bitartean, liburu-denda fisikoak (Barnes and Noble moduko liburu-denda kateak barne) gero eta estuago ibiliko dira, gero eta liburu-denda gehiago itxiko dira eta kateetakoak tamainaz txikiagotuko dira. Borders-ek 2011n porrot egitea aro baten bukaeraren seinale izan zen, megadendak AEBn zehar irekitzen zituzten denda-kate handiak nagusi izan ziren aroarena, hain zuzen. Gelditzen diren denda-kateek askoz posizio ahulagoa dute eta Amazon bihurtu da saltzaile nagusia. 


2) Balantze eskasa duten argitaletxeek eta oso zorpeturik dauden enpresek gero eta zailtasun finantzario handiagoak izango dituzte, argitaletxe ertainek jasaten dituzten presioak handitu egingo dira, eta enpresa-konglomeratu handietako batzuek seguru asko erabakiko dute garaia iritsi dela argitalpenen sektorean zituzten negozioak bertan behera uzteko, egia esan, inoiz ez direnak izan beren negozio osoaren parte txiki bat baizik, eta horrek argitalpen-industrian jarraitzen duten eta jarraitzeko asmoa duten korporazio handi gutxi batzuen posizioa areago sendotuko du


3) Liburu-dendetako salmenta-azalera murriztu egingo da, eta, egunkariek liburuen erreseinei eskaintzen dieten lekua ere gutxitu egingo denez, gehiago kostako zaie argitaletxeei beren produktuak begien bistan jartzea. Horren ondorioz, argitaletxeek gero eta ahalegin handiagoa egin beharko dute Internetera marketina bideratzeko. 


4) Paperetik digitalerako aldaketak jarraitu egingo du, nahiz eta liburu motaren eta autorearen arabera aldaketaren abiadura eta hedadura desberdinak izango diren. Eduki digitalen salmentek sortuko dituzten diru-sarrerek salmentek orotara sortuko dituztenen parte handiagoa osatuko dute.


5)  Ebooken salmentak handitu eta paperezkoena jaitsi ahala, argitaletxe handien diru-sarrerak jaitsi egingo dira, urtetik urtera izan ohi duten hazkundea izateko gaitasuna zalantzan jarriko da, eta orduan kostuak murrizten ahaleginduko dira. 


6) Liburuaren ohiko hornikuntza-katearen azpiegiturak, hau da, biltegiek, saltzaileek, eta abarrek osatzen dutenak, gero eta presio handiagoa izango du  eta argitaletxeak beharturik aurkituko dira beren eragiketak murriztera eta bide berriak bilatzera, beren hornikuntza-katea fisikoa funtzionatzen mantentzeko, eta, aldi berean, saiatuko dira beren organizazioak negozioak egiteko beste modu baterako egokitzen. 


7) Liburuaren hornikuntza-katea txikiagotzearekin zerikusia duten kostuak eta konplexutasunak txikitzearekin, ugaritu egingo dira argitalpen-operazio txikiak eta enpresa berritzaileak, eta bitartekariak gutxitzeko mehatxuak ugarituko dira, eragile tradizionalak eta berriak teknologia berriez eta hauek ematen dizkieten aukera berriez baliatuko dira, beren lehengo lankideen pastel-zatia jaten saiatzeko. 


Epe laburreko joera horietatik haratago gauzak ez daude hain garbi. Itxura guztien arabera, argitalpenaren ekonomia etorkizunean inprimatuaren eta digitalaren konbinazioa izango da eta ez inprimatutik digitalera erabat aldatua, eta argitaletxe arrakastatsuenak bietatik probetxu osoa ateratzeko gai izan daitezen beren negozioak egituratzeko trebetasuna erakusten dutenak izango dira.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak