Aplikazioak ala HTML5?

Azken urteotan oso modan jarri dira aplikazioak. Badaude Ipad-erakoak, Androiderakoak, telefonoetan eta tabletetan erabiltzen direnak. Bazirudien aplikazio horiek nagusituko zirela HTML formatuko edukien kaltetan. Badirudi, ordea, nabigatzaileaz erabiltzen diren edukiak berpizten ari direla. HTML5en garapenak weberako eduki aberatsagoak sortzeko aukera ekarri du. Batez ere telefonoetan nabari da hobekuntza. Duela lau urte HTML formatuko edukiak arlote geratzen ziren aplikazioen aldean, baina orain alde hori txikiagoa da.


Edukien garapen-kostuaren aldetik, berriz, aplikazioek sistema bakoitzerako garapena egitea eskatzen dute: tabletetan zutika ikustekoa eta etzanda ikustekoa, telefonoetarakoa, etab. Badira argitaratzaileak, aplikazioak garatzeko sekulako inbertsioak egin eta mozkinik ez datorkiela ikusi dutenean, atzera egin dutenak, eta tresna guztietan ondo ikusten diren HTML5 orrietara jo dutenak. Jakina, sarean diharduten enpresa guztiek ez dute hori egin. Zenbait produktuk, hala nola Flipboard-ek eta Evernote-k, aplikazio natibo gisa askoz hobeto funtzionatzen dute.
Flipboarden erabiltzaile-interface ederrak eta Evernoren nabigazio erosoak nabigatzailean ez lukete horren ondo funtzionatuko.


Batzuek bi bertsioak izatea erabakiko dute, aplikazioa eta mugikorretarako webgunea. Amazon ibili zen probak egiten Kindle iPad aplikazioa HTML5 webgune batez ordezkatzeko, ikusteko ea Applek aplikazioetarako salmentetatik kentzen zion % 30a saihesterik bazuen, baina, Kindlerako HTML5 webguneak funtzionalitate bikainak izan arren, iPaderako aplikazioak esperientzia hobexeagoa eskaintzen die erabiltzaileei. 

Azken finean, aplikazio bat baztertzeak erabaki ekonomikoa eta funtzionala izan behar du aldi berean. Era guztietako eduki eta tresnetarako HTML5 webgune bat garatzea guztiz logikoa da. Behin sortzea eta hainbat plataformatara zabaltzea. Horretarako da ona nabigatzailea. Hala ere, kontuan izan HTML5 webguneak zenbait arlotan aplikazioak erabiltzen ari direla. Multimedia aplikazioak izango dira baztertzen lehenak, besteak beste amarauneko zenbait enpresa handik, Facebookek eta Googlek esate baterako, bide hori hartu dutelako.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak