Produktuari prezioa ezarri ala prezioari produktua ezarri?

Kontsumitzaileak nola hautematen duen zerbaiten prezioa erabakigarria da, hark produktua erostea ala ez erostea erabaki dezan. Orain pil-pilean dago ebooken prezioaren auzia. Bezeroek produktua oso merke nahi dute eskuratu, paperezko produktua baino merkeago. Argitaletxeak esaten du kontuak ez zaizkiola ateratzen;  edukiak digitalizatzeko kostuak jendeak uste baino handiagoak direla. 


Gaur egun ebook gehienak paperezko titulu beraren erreplika hutsak direnez, kontsumitzaileak paperezko produktuaren erreferentzia du eta automatikoki produktu digitalagatik ordainduko lukeena begiz jotzen du.


Dinamika hori hausteko zer egin dezakete argitaletxeek?


1) eduki digitala paperezkoa baino aberatsagoa izatea, bezeroak eduki horregatik ordain dezakeela pentsatzen duen mailan prezioa jarriz.

2) Paperezko produktuekin zerikusirik ez duten edukiak argitaratzea euskarri digitalean. Produktu horiek, seguru asko, laburrak izan beharko lukete paperezkoen aldean edo zatika saldu beharko lirateke. Produktu laburraren edo produktu-atalaren prezioa paperezko ohiko produktuena baino ondotxoz txikiagoa izan beharko luke.


3) Produktu digitala paperezkoa baino lehenago kaleratu. Zenbat eta tarte handiagoa iragarri digitalaren eta paperezkoaren artean, orduan eta altuagoa izan liteke digitalaren prezioa, produktua benetan erakargarria baldin bada.


Esandako hauek burutazio hutsak dira. Ez nago batere seguru funtzionatuko luketenik. Proba eta errakuntzazko metodoa zuhurtziaz erabiltzea beste biderik ez dut ikusten, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez egiaztatzeko.



Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak