Mike Shatzkin-ek dioena ebooken eta paperezkoen salmenten konparazioez

Mike Shatzkin-ek beti jakinduria handia erakusten du argitalpen-industriaren arazoez mintzo denean. Hona zer dioen bere blogean, ebooken eta paperezko liburuen salmentez egiten diren konparazioak direla eta:

Amazonek ebooken salmentak paperezko liburuenen aldean nola doazen esaten duenenan, joan zen astean egin zuen bezala, sagarrak sagarrekin konparatzen ari da. Bere bezeroek, denboraldi jakin batean, formatu digitalean erosten dutena, inprimatuan erosten dutenarekin konparatzen du.
PWk (Publishersweekly-k) edo AAPk (Assotiation of American Publishers-ek) edo argitaletxeek berek, ebooken salmentak inprimatuenekin alderatzen dituztenean, sagarrak laranjekin konparatu ohi dituzte. Denboraldi jakin batean azken kontsumitzaileek liburu-saltokietan formatu digitalean erosi dutena, liburu-saltokiek eta banatzaileek argitaletxeei inprimatuan erosi dietenarekin konparatzen ari dira. Beraz, kontsumitzaileek orain benetan erosten dituzten ebookak geroago kontsumitzaileek agian erosiko dituzten edo agian erosiko ez dituzten paperezko liburuekin ari dira konparatzen.
(Egia da batzuetan Nielsen BookScan zenbakien erreferentziak ematen direla konparazio horietan eta, kasu horretan, sagarrak sagarrekin konparatzen direla, BookScan-ek salmenta-puntuko kaxako zenbatekoak neurtzen dituelako, eta horiek ebooken zenbatekoekin konparatzea zilegi dela. PWk, adibidez, bere txostenean adierazi zuen BookScanen araberako salmentak %26 jaitsi zirela, tapa biguneko liburuen kasuan, eta AAPren zenbakiek zioten %36 jaitsi zirela. Horrek artikulu honetan azaltzen den efektua berresten du, hain zuzen.)
Leku guztietan agertu den konparazio oker hori funtsezkoa da gauza asko ulertzeko. Horrek partez esplikatzen du zergatik ematen duen batzuetan ebooken sarrerari buruzko kopuruak jaisten direla, nahiz eta hori gertatu izana intuizioak dioenaren aurkakoa izan.

Seguru asko, hilabete batetik bestera desberdina da kontsumitzaileen portaera, paperezko liburuak eta ebookak erosterakoan. Esate baterako, Eguberrietan oparitzeko paperezko liburuak abenduaren 25a baino lehen erosteko joera dago eta ebookak irakurtzeko gai diren tresnak oparitarako erosten direnean, aldiz, ebooken salmentek abenduaren 25etik aurrera gertatzeko joera dute. (tresnak Eguberriak baino lehen salduko ziren, jakina.).  Baliteke jendeak ebook gehiago erostea, tresna bat eskuratu ondoko lehen hilabetean edo pare bat hilabetean, gero normalean erosiko dituenak baino.
Baina, kopuru hauetan oinarrituz ebooken sarrera aztertzea hori baino askoz konplikatuagoa da, kontuan izan behar ditugulako eskaerekiko portaeran izaten diren gorabeherak, liburu berriak ateratzeko garaiaz argitaletxeek beren artean adosturik hartzen dituzten erabakien eraginez. 

Ebooken kontsumoa nobedadeei loturik dagoela ematen badu, paperezko liburuen bidalketei buruzko datuak are gehiago daude, titulu handien kopuru handiak bidaltzen direlako liburu-dendetara, kaleratzen diren datarako. Argitaletxeek askoz titulu handi gutxiago ateratzen dituzte urtarrilean eta otsailean, beste edozein urte-sasoitan baino. Datuek iradokitzen dute itzulketen gorabeherak ez direla bidalketen gorabeherak bezain handiak, baina salmentak txikiagoak direnean itzulketa-kopuru berbera izateak itzulketen ehuneko handiagoa izatea dakar edo eragin handiagoa paperezko liburuen itxurazko salmenten jaitsieran.
Zenbat eta txikiagoa izan paperezko liburuen kopurua, orduan eta salmenta guztien ehuneko handiagoa emango dute ebooken salmenta berberek.

Hortaz, Eguberrietan tresnak oparitu zirenetik horren eraginez ebooken salmentak handitu direnera igarotzen den denborari dagokionez — eta segurua da beste Eguberri-garai bat edo bi gehiago etorriko direla, hiruzpalau ez badira — espero dezakegu ebooken salmenten igoera justu Eguberri ondoren gertatzea eta gero, martxoan edo geroago apaltzea.

Eguberrietako salmentei aurre egiteko, denda fisikoetan stock handia egon denean—eta espero liteke oraindik urte batzuetan hori gertatzea— argitaletxeen bidalketen bidez neurtu diren paperezko liburuen salmentek emango zuten askoz handiagoak izan direla urtearen laugarren hiruhilekoan, hurrengo urtearen lehenbiziko hiruhilekoan baino. Gero, suposatuz Eguberri ostean galdu den apaletako lekuak ez duela konpentsatzen martxoan eta geroago argitaletxetatik datozen titulu handien eragina, paperezko liburuen salmentak igo egingo dira berriro.
Eta argitaletxe handiek udazkenean Eguberrien aurretik liburu handiak sartzen jarraitzen dute, gelditzen dira urtea aldatzen denean eta berriro hasten dira kaleratzen bigarren hiruhilekora hurbildu ahala, eta horrek seguru jarraituko duela beste pare bat urtean edo gehiagoan, eredu horiek oso sakon errotuak daudelako era honetako aldaketa bati aurre egin nahi ez dioten enpresetan, eta liburu-denden eskaerak egiteko eredua indartu egingo du argitaletxeen tituluak ateratzeko ereduak.

Beti daude jokoan sartzen diren beste faktore batzuk. Argitaletxeek prezio finkora jo zutenean [AEBetan] ebooken salmentak une batez jaitsi egin ziren, argitaletxe handien kopiako irabazia jaitsi zelako. Eragin horren bertsio txikiago bat gertatu zen Random Housek prezio finkora jo zuenean martxoaren 1ean. Benetako eragina izan dugu, kalkulatzen zaila dena, Bordersen istiluengatik. Argitaletxeek ez diete bidalketarik egiten eta beste saltoki batzuk beldurrez dabiltza, Bordersen hain stock handia lehian dutelako, asko jaitsitako prezioetan, une honetan.
Baina, azterketak egiteko, sagarrak laranjekin alderatuz egiten diren konparazioek, salmeta-kanaletara egiten diren paperezko liburuen bidalketak kontsumitzaileei egiten zaizkien ebooken salmentekin batera zaku berean sartuz, zenbait ilusio optiko ikustera behartzen gaituzte. Horietako bat ebooken ehunekoan itxuraz gertatzen den jaitsiera da, gutxienez pare bat urtean, urte-sasoi bateko solasgaia izango dena.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak