Shopping 3.0: marketin digitala denda fisikoaren barruan

Erosten ari denean erosleak duen ingurumenaren araberako marketina ari da garatzen. Batzuek kanal anitzeko zehaztasun-marketina esaten diote. Gero eta gehiago, erosketak egiten ari diren erosleekin, tresna mugikorren bitartez, harremanak izatea lortu nahi du marketinak. 

Aplikazio berriak sortzen ari dira tresna mugikorretarako, denda fisikoaren barruko erosketa-esperientzia aldatzen ari direnak. Badira aplikazioak produktu baten barra-kodea irakurriz produktu horren prezioa eta ezaugarriak beste produktu lehiakide batzuen ezaugarri eta prezioekin alderatzea ahalbidetzen dutenak, hala nola: Red Laser, Scandit, Shop Savvy, etab. Hainbat gauzatarako erabiltzen dira: produktu baten preziorik onena non aurki daitekeen jakiteko, barra-kodeak irakurriz haiek kodetzen dituzten web helbideetara joan eta bertan produktuei buruz eskaintzen diren iritziak ezagutzeko, eroslea dagoen lekutik hurbil produktu edo zerbitzu jakin bat non lor daitekeen jakiteko, adibidez liburu bat inguruko zein liburutegi edo liburu-dendatan lor daitekeen jakiteko. Tresna horiek erosleari lagundu egiten diote bere erabakia hartzen.

Frantzian, Casino taldeak mcasino izeneko aplikazio bat kaleratu zuen iPhonerako, 2010eko urriaren 29an. Aplikazio horrek hainbat zerbitzu interaktibo eskaintzen dizkie bezeroei: 
  • Interneten prestaturiko erosketa-zerrenda bat, gero dendan, eskaner bidez berreskuratzea
  • sakelako telefonoaren bidez ordainketak egitea
  • Terminal interaktiboen eta eskanerren bidez, dendan dauden produktuei buruz kontsumitzaileek eman dituzten iritziak ezagutzea
  • Casinoren dendak geolokalizazio bidez aurkitzea
  • Irekiera-orduen eta zerbitzuen berri jakitea
  • Mapak kontsultatzea
  • Eskarien egoera ezagutzea
  • Fidelizazio txartel eta bono birtualak erabiltzea
  • Promozioak ezagutzea
Azken finean, denda fisikoa, denda birtuala eta marketin-zerbitzuak integratzea esan nahi du horrek guztiak. Ez hori bakarrik; beti hain indartsua izan den ahoz ahoko gomendioa gehiago ari da indartzen merkataritza soziala deritzonaren bidez. Termino hori Yahook sortu zuen, 2005eko azaroan, online erabiltzen den lankidetza bidezko erosketa-tresnen multzoa izendatzeko.

Kontsumitzaileek produktuak ebaluatzen eta gomendatzen dituzte sarean, beste kontsumitzaile batzuen jakinerako. Gaur egun, sare sozialak dira jarduera horien euskarri nagusia.

Berrikitan, Google New York-en eta San Franciscon sakelako telefonoen bidezko ordainketa-sistema bat probatzen hasi da. Sistema hori Near Field Communication deritzon teknologia batean dago oinarritua. Teknologia hori hainbat aplikaziotan erabil daiteke
  • Lurraldebus edo Creditrans txartelen modukoen edo ordainketa-txartelen ordez sakelako telefonoa erabiltzeko.
  • RFID etiketak irakurtzeko.
  • Bluetooth-en antzera erabiltzeko, baina tresnak zentimetro batzuetara hurbilduz.
Oraintxe bertan zalantza dago Apple ateratzekoa den telefono-modelo berriak, iPhone 5ak, NFC teknologia izango duen ala ez, baina 2012an ateratzekoa duen iPhone 6ak, zalantzarik gabe, izango omen du.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?