Eduki digitalen lizentzia globalaren auzia Frantzian

Musikaren merkatua azpikoz gora jarrita dago mundu mailan. Oraintsu arte merkatu hori banaketa-euskarri fisikoetan oinarriturik zegoen. Antzina binilozko diskoetan egiten zen, ondoren kasetea etorri zen eta gero CDa. Merkatu horretan disko-etxe handiak ziren nagusi (Sony, EMI, etab.) eta eredu ekonomiko jakin batean oinarritzen ziren agente desberdinen arteko harremanak. Diskoetxe horiek talentuak aurkitzeaz, horien sorkariak editatzeaz, industrialki ekoizteaz, sustatzeaz eta komertzializatzeaz arduratzen ziren. Merkatuan erosleen eskura jartzen ziren produktuak. Salmentek sortzen zuten dirua diskoetxeetarantz itzultzen zen. Hori zen diru-iturri nagusia balio-kate horretan.


2000. urtearen inguruan Internetek izan zuen zabalkundeak, produktu musikalen digitalizazioarekin batera, iraultza ekarri zuen merkatu horretara mundu osoan. Duela pare bat urtetik hona, berriz, banda zabaleko konexioa dugu gehienok eskura. Horren ondorioetako bat legez kanpoko musika-deskargak ugaritzea izan da.


Aldaketa horiek ez dira axalekoak, sistemaren muina bera ukitzen dutenak baizik. Hasteko, euskarri fisikoen ekoizpen industriala murriztu dute. Bestetik, teknologiak asko erraztu du artistek, disko-etxeetatik pasatu gabe, beren sorkariak Interneten bidez sustatzea eta zuzenean publikoari eskaini ahal izatea. Erabiltzaile batzuek musika digitalizatu eta inoren eskura jartzen dute Interneten. Indarrean egon den eredu ekonomikoa ahuldu egin du horrek guztiak.

Estatuak ahalegintzen ari dira legez kanpoko deskargak eragozteko legeak ezartzen, hala nola Espainiako Sinde legea eta Frantziako Hadopi  legea, baina fenomenoak gelditzen zaila dirudi.

Frantzian saiatu dira produktu digital guztientzat balioko lukeen lizentzia global bat aurrera ateratzen.


Ikusentzunezko edozein eduki, softwarea salbu, asmo komertzialik gabe trukatzea legezko bihurtuko luke, kuota baten truke, eta horrek sortuko lituzkeen diru-sarrerak sortzaileen artean banatuko lirateke, bakoitzari izan duen deskarga-dentsitatearen proportzioan ordainduz.

Lizentzia globalaren kontzeptua ADAMIk, Espainiako SGAEren pareko Frantziako elkarteak, sortu zuen 2001ean eta hiru urte geroago aurkeztu zuen, Cabourg-en antolatu ohi dituen artista europarren topaketetan. Proposamen horren xedea DADVSI izeneko lege-proiektuan txertatzea zen. Proiektu hori 2005ean Frantziako legegintza-ganberan aurkeztu zutenean, sekulako eztabaida sortu zen eta ADAMIren proposamena ez zen txertatu 2006ko abuztuan atera zuten legean.

2009an berriro azaldu zen gai hori, beste lege-proiektu bat eztabaidatu zutenean, eta berriro atzera bota zuten. Parlamentuko eztabaidetan, proposamena ikusentzunezko guztientzat pentsatua zen arren, musikaren esparrura mugatu zen praktikan. Bazituen aldekoak, eredu berri egonkor bat ekarriko zuela uste zutenak, eta bazituen etsai amorratuak, kaltea besterik ez zuela ekarriko uste zutenak. Auzia ez da sinplea.

Lizentzia bat proposatzen dela esaten da, hortaz, balirudike baimen modukoren bat ematen dela, eta bestetik globala dela, internautari edozein eduki motarekin edozer egiteko aukera ematen diola. Alabaina, zuzenbidearen ikuspegitik, lizentzia batek, baimen bat delarik ere, muga zehatzak izaten ditu: kontratu bat eskatzen du, objektu jakin bat, iraupen bat eta lurralde bat.

Lizentzia globala izenaz ezagutzen den hori ez da, ordea, kontratu bat ikuspegi juridikotik, eta ez du edozer egiteko baimenik ematen. Lizentzia globala instrumentu bat da, ikusentzunezko edukien parte bat finantzatzeko xedea duena, artistei, egile, konpositore eta ekoizleei ordainduz, erabiltzaileek Interneteko konexioagatik ordaintzen dutenaren gehigarri batean oinarritua. Horren truke internautek baimena dute sarean daude ikusentzunezko edukiak eskuratzeko eta asmo komertzialik gabe beste batzuekin trukatzeko.

Ideia orokor horren inguruan hainbat adituk beren proposamenak aukeztu izan dituzte, xehetasun desberdinak dituztenak eta horrek konplikatu egin ditu gehiago gauzak. Nahasmendu hori argitzekoa asmoz, Pariseko Zientzia Politikoetako Komunikazio-Eskolako ikasleek oso argigarria den lan bat egin dute.


Eskema horretan, sor daitezkeen egoerak eta izan ditzaketen ondorioak erakusten dituzte:

  1. Norbaitek P2P sareen bidez legez kanpoko deskargak egiten baditu, gaur egungo legediaren arabera, ohartarazpen bat jaso dezake emailez. Aurrerantzean ez badu deskarga gehiagio egiten ez zaio ezer pasatuko, baina dekargak egiten jarraitzen badu, HADOPIk eska diezaioke justiziari erabiltzaile horri konexioa mozteko.

  2. Lehenbiziko posibilitate hori alde batera uzten bada, beste aukera batzuk izan litezke,  lizentzia globalaren zenbait aldaera, alegia.

    2.1 Interneteko konexioaren abonamenduaz aparte, nahi izanez gero, beste tasa bat ordainduz, deskargak egiteko baimena lortzea. Artistei  beren ekoizpenek duten deskarga-kopuruaren arabera, kuota horietatik ordainduko litzaieke.

    2.2 Aurrekoaren antzekoa litzateke aukera hau, baina erabiltzaile batek ordainduko lukeen kuota, egiten duen deskarga-kopuruaren araberakoa  izango litzateke.

  3. Interneteko konexioaren abonamenduaz aparte, nahitanahiez tasa bat
    ordaindu behar izatea erabiltzaile guztiek.

    3.1 Artistei beren ekoizpenek duten deskarga-kopuruaren arabera, kuota horietatik ordainduko litzaieke, edota

    3.2 Artistei beren ekoizpenek erabiltzaileen aldetik duten
    balorazioaren arabera ordainduko litzaieke eta ez deskarga-
    kopuruaren arabera.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?